Tafallako auziko epaia baliogabetzea nahi du fiskalak

Epaileek genero indarkeria jasaten duten emakumeen fitxategiak erabiltzeko aukera izango dute

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Tafallan (Nafarroa) senarra labankadaz hiltzea egotzita absolbitutako emakumearen epaia baliogabetzeko eskatu du fiskaltzak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak helegitea onartu du, eta bi asteren barruan epaiketa berriz egingo duten edo ez esango du epaileak. Fiskaltzak epaiketan «kontraesanak» egon zirela dio; akusatuaren abokatuak, aldiz, epaia «berme» guztiekin erabaki zela esan du.

Libre eta kargurik gabe utzi zuen zinpeko epaimahaiak Pilar M. R., 2009ko azaroaren 2an senarra labankadaz hiltzea egotzita epaitutako emakumea. Defentsak adierazi zuenez, «tratu txarrak jasan dituen emakumearen sindromea zuen, eta senarraren beldur zen». Horregatik, haren absoluzioa eskatu zuen. Fiskaltzak, ordea, homizidioagatik hamaika urteko espetxe zigorra eskatu zuen.

Epaian zinpeko epaimahaia osatzen zuten zortzi gizonek eta emakume bakarrak ondorioztatu zuten senar-emazteak eztabaida bat izan zutela. Gizonak aurpegian kolpe bat eman zion eta emakumeak oreka galdu zuen. Orduan, mahaia jo eta bertan zegoen labana hartu zuen. Baina labankada nahita edo nahigabe eman ote zion frogatu gabe zegoela, eta zer gertatu zen jakitea ezinezkoa zela azaldu zuen epaimahaiak.

Fiskaltzak helegitea jarri zuen epaiaren kontra, «kontraesanak» ikusi dituelako. Besteak beste, emakumeak senarra labankadaz hil zuela esan zutenean, giza hilketa zela argi geratzen dela, eta epaimahaiak, aldiz, esan zuen ez zela giza hilketa izan. Defentsak argudiatu zuen senarra hiltzeko nahia ez zela frogatu.

Emakumeak epaiketan adierazi zuenez, ezkondu zenetik tratu txarrak jaso zituen, eta ez zen banatu erlijio sinesmengatik eta jasotako hezkuntzagatik. Zinpeko epaimahaiaren galdetegi bati erantzun behar izan zion, eta 34 erantzunez libre eta kargurik gabe utzi zuten. Froga nahikorik ez izategatik baztertu zituzten kargu hauek: erailketa, balizko engainuz egindako erailketa, zuhurtziagabeko erailketa edo ezusteko istripuz eginiko hilketa

Emakumeen zerrendak

Bestalde, epaileek genero indarkeria jasaten duten emakumeen zerrendak erabili ahal izango dituzte, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) eta Espainiako Barne Ministerioak sinatutako hitzarmenari esker. Fitxategiak 188.000 emakume biltzen ditu, eta horietatik 96.657 aztertzen ari diren auziak dira.

2007an emakumeak jarraitzeko sistema integrala jarri zuten martxan. Hitzarmen berriarekin, epaileek emakumeen arrisku maila neurtuko dute, eta, horren arabera, behar dituzten neurri guztiak emango dituzte. Lau izango dira arrisku mailak: oso handia, handia, ertaina edo txikia. Arrisku mailak tarteka berrikusiko dituzte. Genero indarkeria emakumeen duintasunaren aurkako «kultur arazo» bat dela esan du Carlos Divar CGPJko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.