«Maskulinitate parekideak» garatzea eta gizarte «berdinzaleago bat» lortzea helburu, 2017tik gizonekin maskulinitate tailerrak egiten ditu Eraikiz taldeak. Montxo Gota (Iruñea, 1976) kidea da, eta, haren irudiko, teoria ikastetik harago, norbere egunerokoari erreparatzea ezinbertzekoa da. Hori baita, hain zuzen, jarrera aldaraziko duena. Nafarroan eskaintzen dituzte tailerrak, lekuan lekuko udalek eskatuta edota Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin batera antolatutako Nosotros Noski Berdintasunezko Maskulinitateak Eratuz programaren bidez.
Eta eskualdeko gizonak, zer? izeneko jarduerak antolatu dituzue Nafarroa iparraldeko mutil eta gizonendako. Bi saio mota egonen dira: informazioa emateko hitzaldiak batetik, eta lan proposamen bat lortzeko bilkurak bertzetik. Bilkurak hilabete honetan eginen dituzue. Landa eremuan maskulinitateen inguruko lanketa berezia egiteko beharra dagoela iruditzen zaizue?
Landa eremuetan egoera berezia dago, edo, gutxienez, rolak gehiago nabaritzen dira, nire ustez. Ni ere landa eremuan bizi naiz, eta askotan pentsatu dut horretan. Programan horri buruz hitz egingo dugu, noski. Halere, berdintasun teknikariek esan ziguten ez zutela nahi kanpotik zehaztutako programa bat egitea. Horregatik, bi saio egingo ditugu gizonekin Beran eta Elizondon, ikusteko zer ekartzeko aukera dagoen, zer gogo duten, zer-nolako konpromisoa hartu nahi duten, zer maiztasunekin egin ditzakegun saioak…
Gisako saioetan, zer proposatzen duzue maskulinitate hegemonikoa deseraikitzeko bidean?
Guk pentsatzen dugu indarkeria matxistaren kontrako borrokan lidergoa emakumeena dela. Horrek ez du esan nahi guk ez dugunik ezer egin behar: Eraikiz-en, adibidez, 2017tik lanean egon gara, eta ikusi dugu maskulinitate hegemonikoaren ezaugarriek gizonongan ere izan duela eraginik. Baina azkenean eragin hori ordaintzen dutenak emakumeak dira. Izan ere, taldeetan hausnartzen dugunean, ikusten dugu egunero erabiltzen dugula indarkeria, eta ez gara bortizkeria fisikoaz bakarrik ari.
Gure ikastaroetara etortzen direnek lan pertsonal handia egiten dute. Taldearen arabera aldatu egiten da lanketa, beren bizitzako adibideetara eramaten dugulako saioa. Haien jarrerak aldatzea da gure helburua, eta ongi dago teoria ikastea eta berdintasuna zer den jakitea, baina gizonok ez baditugu gure jarrerak aldatzen, ez dugu ezer lortuko gizarte bezala.
«Ongi dago teoria ikastea eta berdintasuna zer den jakitea, baina gizonok ez baditugu gure jarrerak aldatzen, ez dugu ezer lortuko gizarte bezala»
Nosotros Noski Berdintasunezko Maskulinitateak Eratuz programaren aldi berria abiatu zenuten martxoan, berdintasunezko gizarte bat erdiesteko bidean gizonei urratsak egiten laguntzeko. Zertan datza?
Hiru urteko edizioak dira: 40 ordu urtero, hamasei saio, bi ordu eta erdikoa bakoitza. Martxoan edo otsailean hasten dira, eta udan gelditzen da. Elkartean gehien gustatzen zaigun lana halakoa da, lan pertsonala egiteko eta norberaren bizipenetan sartzeko denbora behar delako; hamar orduko ikastaro batean ezin da asko barneratu. Oso garrantzitsua da, gainera, taldea egitea: batzuk lehenengo urtean bertan hasten dira gauza pertsonalak kontatzen; besteek ikasturte oso bat behar dute konfiantza hartzeko.
Talde horiek irauten dute hiru urtez?
Konpromiso handia da hiru urtez hamabost egunean behin elkartzea; bizitzak bueltak ematen ditu, eta batzuek taldea uzten dute. Hortaz, saiatzen gara lehenengo urtean taldeak pixka bat handiagoak egiten; lehen hamabi lagun ziren, eta orain hamazazpi.
Nolakoa izaten da parte hartzaileen soslaia?
Adinari dagokionez, 20 urte inguruko eta 60 urteren bueltako jende gutxi; 30 eta 40 urte ingurukoak izaten dira gehienak. Horrez gain, denak ezkertiarrak izan ohi dira. Guregana iristen den jendea, oro har, kontzientziatua dago, minimoki. Zer gertatzen da? Nahiz eta kontzientzia izan eta beren burua feministatzat hartu, konturatzen dira beren jarrerak ez direla egokiak. Niri ere gertatu zitzaidan. Guk badakigu taldeetan kontzientzia dagoela, baina horrek ez du esan nahi ez dutenik behar lanketarik; oraindik ez gara aurkitu norbaitekin esateko bezala «Zurekin ezin da lanik egin».
«Guk badakigu taldeetan kontzientzia dagoela, baina horrek ez du esan nahi ez dutenik behar lanketarik»
Zer jarreratan hautematen duzue lanketa behar hori?
Tailerretara iristen direnek, normalean, esaten dute berdinzaleak direla, baina ez da horrela izaten: ez dira berdinzaleak, baizik politikoki zuzenak. Adibideekin errazago ulertzen da: esan ohi dute umeen zaintza eta etxeko lanak erdi eta erdi egiten dituztela bikotekidearekin, eta aisialdiaz berdin gozatzen dutela. Aisialdiaz galdetzen diezu, eta esaten dizute astean zortzi orduz bizikletan ibiltzen direla, eta emazteak kirola egiten duela, bi orduz. Hau da, hiru aldiz gehiago egiten dute gizonek, astean, gutxienez, bi arratsalde edo bi goiz kanpoan daude, eta emaztea umeekin; eta halere pentsatzen dute zaintza berdintasunean egiten dutela. Horregatik diogu politikoki zuzenagoak garela: orain ez dugu esaten emakumeek etxean egon behar dutela umeak zaintzen, jendeak diskurtso berdinzaleagoa du, baina zapaltzeko beste modu batzuk daude, eta horiek aldatu behar ditugu.