Takonerara itzuliko da euskal eskola publikoaren jaia

Maiatzaren 15ean eginen dute; D ereduaren alde parte hartzera deitu du Sortzen Ikasbatuaz-ek

Sortzen Ikasbatuaz-eko kideak, atzo, besta aurkezten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Iruñeko tokirik goienean, Campana karrikan, euskal eskola publikoaren aldeko bestan parte hartzera deitu ditu euskal herritarrak Sortzen Ikasbatuaz elkarteak. Burlatako Ermitaberri ikastetxeko kideek hartu dute aurten jaia prestatzeko ardura, eta buru- belarri ari da zeregin horretan 40 lagun inguruk osatutako taldea. Maiatzaren 15erako dena prest izanen dute. Egun horretan Nafarroako hiriburuko Takonera parkera itzuliko dira D ereduaren aldeko besta eta aldarrikapena, bertako lanak amaitu eta gero.

Iaz 30.000 pertsona inguruk egin zuten bat Iruñeko euskal eskola publikoaren aldeko besta nazionalarekin, eta aurten marka hori gainditzeko prest dira Ermitaberriko kideak. Hori lortzeko, eta jaiaren berri emateko, prest dituzte jada bestako irudi izanen den Txintxarri izeneko ezkila, Kukuxumusuk egina, eta Ermitaberriko hainbat ikaslek eta irakaslek prestatu duten kanta. Leloa ere badu bestak: Gu bai gu, euskal eskola publiko berria.

Euskal eskola publiko berriaren ereduaz, hain zuzen, harro direla azpimarratu du Iruñean Sortzen Ikasbatuz-eko koordinatzaile Aitziber Martinezek. «Egin dugun lanaren emaitza agerikoa da. Gero eta jende gehiagok egiten du bat euskalduntzen duten ereduekin».

Aurrematrikulazioko datuak ekarri ditu gogora Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriak, eta D ereduak %10 egin duela gora azpimarratu du, bai eskola publikoan, bai hitzartutako ikastetxeetan.

Hezkuntza eskubideak

D ereduaren aldeko apustua berresteko aukera eskaini nahi die maiatzaren 15eko bestak euskal herritar guztiei. Hezkuntza eskubideak aldarrikatzekoa ere bai. Salaberriak gogoratu du Nafarroan populazioaren %40k, oraindik ere, ez duela sare publikoan D ereduan ikasteko aukerarik. Euskaraz ikastetxe publikoetan ikasteko aukera herrialde osora zabaltzeko eskatu du, eta nabarmendu du ikasleen gehiengoak eredu horren alde egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.