Abenduaren 7tik 13ra bitartean egingo diren primarioetan biren artean egongo da lehia; sektore ofizialaren eta kritikoaren artean: Lander Martinez Eusko Legebiltzarreko bozeramailea (Guztiok bat zerrenda) eta Maria Valiente Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea (Denontzat), hurrenez hurren. Denera sei hautagai aurkeztu dira alderdiaren idazkari nagusi kargurako eta beste horrenbeste zerrenda gainontzeko karguetarako.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kritikoak dira Espainiako Podemoseko buru Pablo Iglesiasen aldekoak —haren zuzendaritzako hainbat kide daude zerrendan—; haren babesa dutela diote. Iazko abenduan irabazi zituen Iglesiasek Espainiako Podemoseko primarioak, Iñigo Errejonek ordezkatzen zuen sektorearen aurka.
EAEko Ahal Dugu-n, berriz, iazko martxoan eginiko barne hauteskundeetan, 133 botoren aldea egon zen sektore errejonistaren alde. Eta zuzendaritzako gainerako kideak hautatzerako orduan ere irabazi zuten: 28 ofizialak eta 6 kritikoak.
Oraingo primarioei begira sektore kritikoa “hautsi” egin da Bizkaian, Maria Valienteren zerrendako iturriek baieztatu dutenez. Haietako zazpi Lander Martinezen zerrendan joango dira.
Beren kasa joango dira, halaber, Bizkaiako sektore kritikoko beste batzuk: Asun Merinero Batzar Nagusietako kidea eta Luis Alejos Roberto Uriarte idazkari nagusi ohiaren ildokoa —Alejos ez da idazkari nagusi kargurako aurkezten, beste karguetarako baizik—.
Sektore antikapitalistak ere aurkeztuko du hautagai eta zerrenda propioa: Neskutz Rodriguez (Zurekin martxan). Iazko primarioetan %24ko babesa (707 boto ) eskuratu zuen Rodriguezek; ordezkaririk ez, baina, zuzendaritzan.
Beste bi hautagai ere egongo dira: Rafael Garde arabarra eta Manuel Garcia Alfaro bizkaitarra.
Bizkaiko “haustura”
Egungo zuzendaritza osatzen dutenek akordio batera heldu dira sektore kritikoko Bizkaiko batzuekin. Talde horretako aurpegi ezagunena da —nahiz eta zerrendan ez azaldu— Juan Luis Uria legebiltzarkidearena. Bera izan zen kritikoek Eusko Legebiltzarreko bozetarako lehendakarigai aurkeztu zuten hautagaia, baina Pili Zabala ofizialisten hautagaiak irabazi zuen.
Hain justu, Eusko Legebiltzarrean eginiko “elkarlana” jarri dute orain hurbilpen horren gakotzat ofizialistek eta Uriaren taldekoek; azaldu dutenez, legebiltzarreko dinamiken bidez zehaztu nahi dituzte alderdiaren estrategia eta aliantza politikak EAEn; han jarri nahi dute “fokua”, horren arabera “batu” alderdia. Zerrenda aurkezteko eginiko agerraldian, Eusko Legebiltzarrean dagoen “gehiengo progresista” jarri dute ardatz.
Uriaren taldekoek “keinutzat” jo dute orain arte zuzendaritzako buru izan diren eta ofizialisten zerrendan egongo ez diren Nagua Albak eta Eduardo Maurak pauso bat atzera eman izana— biak Espainiako Kongresuan diputatu dira, eta errejonista ezagunak—.
Uriaren gertukoek adierazi dutenez, haiek “beste ezeren gainetik” lehenetsi dute iraganeko “zatiketa dinamikekin” amaitzea.
Egun kritikoak direnak izan ziren EAEn alderdia gidatu zuten lehenak, Roberto Uriarte EHUko zuzenbide irakaslearekin — Juan Carlos Monederoren gertukoa da Uriarte; Podemoseko sortzaile ezagunenetako bat Monedero eta Espainiako zuzendaritza utzi bazuen ere, Iglesiasen hurbilekoa izaten jarraitzen du—. Kritikoek diote Uriarteren babesa ere badutela.
Gipuzkoarrak dira sektore kritikoko aurpegi ezagunenak, hango zirkuluetan dute indar gehien. Eta Pablo Iglesiasen zuzendaritzan daude gehienak. Haietako bat da David Soto irundarra. Hangoa da Josetxo Arrieta senataria ere. Bizkaiko bi senatari ere dira sektore horretakoak: Pilar Garrido Espainiako zuzendaritzako kidea eta Miren Gorrotxategi Podemoseko Bermeen batzordekoa. Garbiñe Ruiz Arabako senataria ere talde horretakoa da.