ZER DA HEGAZTI GRIPEA?
Hegaztien arnas aparatuari eragiten dion birusa da, eta batez ere ahatei eta antzarei eragiten die, etxaldekoei zein migratzaileei. Hegaztien artean oso kutsakorra da, eta kasurik larrienetan hil ere egin daiteke animalia, 48 orduan. Gaitza airearen bidez kutsatzen da eta gelditzeko bide bakarra inguruko animalia guztiak hiltzea da.
NOLA HEDATU DA?
Gaixotasunaren lehen zantzuak Asian agertu ziren, 2004an: Thailandian, Txinan, Malaysian, eta Vietnamen. 2005ean iritsi zen Europara, Kroaziara eta Erresuma Batura, eta 2006ra bitartean Italiara, Greziara, Austriara, Alemaniara, Hungariara, Eslovakiara, Esloveniara, Frantziara eta Espainiara zabaldu zen. 2006an atzeman zuten Estatu Batuetan, Mexikon eta Kolonbian, eta 2008an Dominikar Errepublikan.
NOLA GARATU DA?
FAO Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundeak 2011n ohartarazi zuen hegazti gripearen birusa eta haren aldaerak berriz heda zitezkeela munduan zehar. Aurreikuspenak bete egin dira, eta Asian, esaterako, birusaren aldaera bat zabaldu egin da azken urte hauetan. Txertoak ere ez dira baleko kasu batzuetan. FAOren arabera, berriz ari da zabaltzen gaitza, eta 2013an gora egin zuten nabarmen kasuek nazioartean, batez ere Txinan eta Frantzian.
GIZAKIA KUTSA DAITEKE?
Birusa gizakietara iristeko ezinbestekoa da hegazti kutsatuekin edo haien gorotzekin zuzenean aritzea. Hegaztiek pertsoneitransmititu izan diete, baina ez dago frogatuta gizakien artean zabaldu denik. Ohiko gripe batek eragin ditzakeen sintomak sortzen ditu hegazti gripeak: sukarra, eztula eta giharretako mina. Pneumonia, arnas aparatuko beste larritasun batzuk eta heriotza ere eragin ditzake.
Hegazti gripeak 1997an utzi zuen lehen hildakoa, Hong Kongen. Ordutik, tantaka, kasuak ugarituz joan dira, batez ere Txinan. Hegazti gripeagatik hildako azkena asteartean jakinarazi zuten Txinako osasun arduradunek. 26 urteko emakume bat zendu zen, eta 40 urteko beste andre bat larri gaixo dago.
BADA AURREKARIRIK EUSKAL HERRIAN?
Aste honetan Gabadin kutsatutako hegaztiez gain, kasu bakarra aurkitu dute orain arte Euskal Herrian, 2006an, Salburuko hezegunean atzemandako murgil handi batean. Jaurlaritzak berrogeialdia ezarri zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ikertu zituzten gainerako hildako hegazti guztiek ez zuten birusik.
Iruñeko Mendillorriko aintziran hilda aurkitutako ahatearen kasua ere ikertu zuten 2006an. Azterketa amaituta, Espainiako Gobernuko Osasun eta Kontsumorako Sailak zehaztu zuen hildako hegaztiak ez zuela gaitzik.