Tarda: "Mendekuan oinarritutako epaiketa bat da hau"

Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 27a
11:21
Entzun

"Lehenik, esan nahi dut katalanez egingo dudala". Horixe izan da ERCko diputatu Joan Tartak Voxeko herri akusazioaren lehen galderari emandako erantzuna. Hortxe hasi da epailearekin izaniko lehen eztabaida. Manuel Marchena epaimahaiko buruak azaldu du ezen, Espainiako Auzitegi Gorenean daudenez, lekuko gisa "hizkuntza ofizialean" egin behar zuela: gazteleraz —akusatuei aukera eman zieten katalanez egiteko, baina soilik ondoz ondoko itzulpenarekin—. Azalpena argitze aldera, Tardak galdetu egin dio epaileari: "Eskubidea dut katalanez egiteko?". Erantzuna ere, argia: "Ez".

Ez da izan goizeko eztabaida bakarra. Lehen lekukoa aretora sartu aurretik, Marchena epaileak ohartarazi du: Espainiako legediaren arabera, lekukoak ez daude iritzia eman edo balorazioak egiteko, gertaera batzuk argitzen laguntzeko baizik. Eman dio buruhausterik horrek ere. "Mendekuan oinarritutako epaiketa bat da hau", esan du Tardak, eta epaileak kargu hartu dio: "Ez duzu baimenik balorazio politikorik egiteko, nahiz eta diputatua izan". Herri akusazioari ere errieta egin dio Marchenak, haren galderek "balorazio politikoei" bide ematen zietela eta. Ez da erraza "gertaeren" eta "balorazio politikoaren" muga non dagoen zehaztea halako epaiketa batean.

Adibidez, defentsako abokatuak ERCri buruz galdetu dionean, honela hasi da Tarda: "Alderdi errepublikano bat gara, eta munduko ehunka milioi herritarrekin batera, printzipio errepublikanoak defendatzen ditugu [...] Alderdi sozialdemokrata bat gara, eta errotik antifaxistak. Tesi iberistak defendatu izan ditugu...", eta epailearen ohartarazpena, berriz. "Zure ideiak ezagunak dira", esan du. Eta defentsako abokatuak: "Agian ez dira hain ezagunak, hemen epaitzen ari dena horixe baita". Marchenak behin eta berriz errepikatu du "gertaerekin lotutako galderak egiteko".

Herri mobilizazioen defentsa

Defentsako abokatuek, nagusiki, herri mobilizazioez eta urriaren 1eko oldarraldiez galdetu diote. "Herri mobilizazioa, gaur eta lehen, aldarrikapen modu bat izan da ideia sozialak aurrera eramateko, guztiok konkistatu dugun marko demokratikoaren eta oinarrizko eskubideen barruan". Azaldu du irailaren 20ko elkarretaratzean, esaterako, indarkeria saihesteko deia egin zuela, eta gogora ekarri du urriaren 2an Margarita Robles PSOEko kideak ekinbide bat aurkeztu zuela Espainiako Kongresuan, erreferendumeko egunean poliziek izandako jarrera eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearena gaitzesteko. "[Polizien] Indarkeria horrek edozein demokratari eragin zion, nahiz eta gure jarreretatik urrun egon".

Gero, ordea, PSOEko kideek atzera egin dutela salatu du ERCkoak: "Gertatu zena izan zen, ordea, urriaren 3an, Felipe VI.ak diskurtso bat egin zuela errepresioari zilegitasuna emanez eta a por ellos [ekin gogor haiei] ideia sustatuz. Orduan erretiratu zuen PSOEk ekinbidea".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.