10:35 aldera hasi da epaiketa, eta Gorka Ovejero izan da hitza hartzen lehena. Soilik defentsako abokatuei erantzun diete, eta ukatu egin dute Okzitaniako Tolosan egon izana. Mikel Alvarezek esan du ez zela Tolosan izan eta ez zutela atxilotu; inputatu gisa deklaratzera deitu zutela. Ibon Garciak eta Julio Villanuevak ere azaldu dute Iruñean atxilotu zituztela.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hartu du hitza ondoren. Tartakadak "kolpetzat" jo ditu: "Zikina nengoen, arropa aldatu behar izan nuen". Esan du "ezustean" harrapatu zutela eta "min handia" eman ziotela: “Konturatu nintzen erraza dela kargu publikoei eraso egitea". Fiskalari erantzunez, Barcinak esan du “justizia“ nahi duela “erasoagatik“.
Fiskalak nabarmendu du "delitu larria" izan zela Barcinari tartak bota izana, eta bosna urteko espetxe zigorrari eutsi dio. Barcinaren abokatuak "atentatutzat" jo du protesta hura, eta esan du are larriagoa dela Barcina agintari publikoa izanagatik.
Defentsako abokatuak argudiatu du Auzitegi Nazionala ez dela gertaerari dagokion jurisdikzioa, eta gogoratu du Frantziako auzitegiek auzia artxibatu zutela. Lau auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute guztientzat, eta sententziaren zain geratu da auzia.
Laurei babesa agertzeko, elkarretaratzea egin dute auzitegi atarian, 09:15ean. Mila Elortza AHT Gelditu! mugimenduko kideak nabarmendu duenez, "momentua" da abiadura handiko trenaren eraikuntzari "desobedientziaz" erantzuteko, eta salatu du ekintza "baketsu" bat epaituko dutela Auzitegi Nazionalean; haren iritziz, zigor eskaerak "astronomikoak" dira.
Arratsalderako ere antolatu dituzte protestak: tarta jaurtitze bat egingo dute Madril erdialdean, eta elkarretaratze bat ere bai. Berriemaile berezi gisara joanda, Edurne Elizondo BERRIAko kazetaria Madrilen da, eta zuzeneko kontakizuna egin du.
Tartakadak, duela bi urte
2011ko urriaren 27a zen. Pirinioetako Lan Elkarteak bilera zuen Okzitaniako Tolosan. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea zen elkarteko buru garai hartan. Bilkurara sartu ziren Mugituko kideak, trajez jantzita. Agintariak zeuden tokira hurbildu, ezkutatuta zeramatzaten tartak atera, eta Barcinari jaurti zizkioten.
[Youtube]http://youtu.be/xuKUv_FAktI[/Youtube]
Biharamunean, Iruñean, atxilotu egin zituzten hiru lagun: Gorka Ovejero, Ibon Garcia eta Julio Villanueva. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu zuen bere gain ikerketa, agintearen aurkako erasotzat hartu baitzuten kasua. Barcina bera joan zen deklaratzera Madrilera. Hala esan zion epaileari: “Min egin zidaten tartek, gogorra baita merenge frantsesa”. Inputatuta, deklaratu zuten hasieran atzemandako hiru lagunek; baimenik gabe Espainiako Estatutik irtetea galarazi zieten. 2012ko otsailean inputatu zuten laugarren akusatua, Mikel Alvarez, fiskalak eskatuta.
Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu du laurentzat. Barcinaren abokatuak, berriz, sei urteko espetxealdia galdegin du Garciarentzat, Alvarezentzat eta Villanuevarentzat, eta bederatzikoa Ovejerorentzat —hautetsia zenez, delitua larriagoa dela uste du—.
Azken asteetan protesta ugari egin dituzte epaiketa salatzeko. Ohartarazi dute AHTaren aurkako mugimendua “kriminalizatu” nahi izan dutela kasua Auzitegi Nazionalera eramanda eta horrelako kartzela zigorrak eskatuta. Larunbatean bertan, bost bat mila lagunek protesta egin zuten AHTaren aurka eta tartalariekiko elkartasunez.