TEKNOLOGIA BERRIAK. GIZARTE SAREAK ETA MENPEKOTASUNAK. 2.0 jolasetik jokorako jauzia

Gazteek gizarte sareak eta bideo jokoak modu egokian erabil ditzaten gurasoen laguntza behar dela nabarmendu dute adituek

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Lagunekin topo egiteko guneak aldatu dira. Kalea sozializatzeko eremu nagusia da oraindik, baina «ziberkalea» dei daitekeena ere erabilia da gaur egun. Batera sartzeko etxeko atea gurutzatu behar da. Bestean sartzeko Internetera konektatu behar da. Ordea, bietan arazo bertsuak ager daitezke zentzuz jokatzen ez denean. Garai batean mundu errealean bakarrik agertzen ziren egoerek zibermundura jauzi egin dute: jazarpenak, iruzurrak edota mendekotasunak, adibidez. Gai hori hizpide izan dute egunotan Gasteizen, Jokoarekiko menpekotasuna eta teknologia berriak. Gizarte sareak eta gazteak izeneko jardunaldietan, errehabilitazioan dauden Arabako jokalarien elkarteak antolatuta (Asajer).

«Jolasa, izatez, ez da kaltegarria, baina bizitzaren muina bihurtzen denean hel daiteke arazo izatera», ohartarazi du Ana Herrezuelo Asajer-eko psikologoak. Baieztapen horrek kalerako zein gizarte sareetarako balio du, baina azken horien izaera bereziak kezka areagotzen du.

Facebook, Tuenti, Hi5 edo sarean dauden gizarte sareak urte gutxi batzuk baino ez dituzte gure artean, eta, batez ere, gazteengan sustraitu dira. 10 eta 18 urte arteko adingabeen %70 gizarte sareetan sartzen dira, eta ordenagailuak garai batean gazteen astialdian telebistak zuen tokia hartu duela gogorarazi dute hitzaldietan parte hartu duten adituek.

Egoera horrek kezka sortu du gurasoengan. Gurasoen %58 oso kezkatuta daude seme-alabek Interneten gehiegizko erabilera egitearekin, eta %45, bideo jokoen gehiegizko erabilerarekin, Komunikazio Teknologien Espainiako Institutuaren datuen arabera. Horrez gain, hamar gurasotik lauk seme-alabak mendekotasuna garatzeko beldurra dutela jakinarazi dute.

Arriskua eta arazoa lotuta ez daudela gogorarazi du Pablo Perez San Josek, Intecoko gerenteak. «Interneteko sare sozialek ez dute mendekotasuna berez sortzen; norbere nortasunak eragiten du». Ordea, sare horietan kalean aurki daitezkeen arriskuak ager daitezke, betiere erabilera txar baten ondorioz.

Gehiegizko erabileraren muga

Gizarte sareetako bideo joko mendekotasuna, gehiegizko erabilera, erabilera konpultsiboa... Horien arteko muga zein den sakon eztabaidatu dute hitzaldietan adituek, eta ondorioa argia izan da. «Ezin da ordu kopuru zehatzik ezarri, alkoholiko izateko muga alkohol kantitatearen bidez zehaztu ezin den bezala», azaldu du Carlos Gonzalez Tardonek, People and Videogames ekimeneko sortzaileak.

Zentzuzko erabilera egiteko beste muga bat zehaztu du, ordea, Miguel Angel Casado EU Kids Online ikerketako ikertzaileak. «Adingabearen aisiaren erdia baino ez litzateke bideratu behar zeregin bakar batera; horrela ekimen ezberdinetan parte hartzea bermatzen da».

Asajerrek jaso dituen bideo joko mendekotasun kasuak muturrekoak direla azaldu du Herrezuelok. Mendekotasunaren ondorioz ikastetxera joateari ere utzi dioten gazteak, jaten ez dutenak, haien gelan guztiz bakartzen direnak, ordenagailua itzaltzeko mehatxuaren aurrean indarkeria erabiltzera heldu direnak... Abstinentzia sindromea ere ageri da gaixotasun mota horietan.

Adingabeen kasuan jolasak jolas izaten jarrai dezan gurasoen beharra nabarmendu dute aditu guztiek. «Gazteek teknologia berrien erabilera mendera dezakete, baina helduok arauak hobeto dakizkigu, zentzu gehiago dugu, eta edukien ezagutza hobea», gaineratu du Lidia Parrak, CTIC-eko Internet eta familia proiektuko arduradunak. Gonzalez Tardonek hiru giltza nabarmendu ditu teknologia berriekin harreman egokia izateko: zentzua, kritiko izateko gaitasuna eta norberaren kontrola.

Bideo jokoak eta jokoa

Gizarte sareek eskaintzen dituzten zerbitzuen gehiegizko erabilera egiteko arriskua bi adarretan gerta daitekeela gogorarazi du Herrezuelok. Farmville moduko gizarte jolasak eta apustu jokoak. Azken horietako batzuetan apustuak errealak ez diren arren inoiz apustu errealak egiteko amu gisa funtziona dezakeela gogorarazi du.

Farmville moduko jokoak dira gaur egun jende gehien lotzen dituztenak, nagusiak gehien bat. Farmville delakoan baserri bat kudeatzen du jokalariak, eta beste jokalariekin harremana du; gizarte sare baten barrenean dagoen beste gizarte sare bat da, alegia. Ordea, jolasetik ateratzean ez da bideo jokoaren erlojua gelditzen. Hau da, astebetez ez baduzu jokatzen uzta galdu edota abereek ihes egin dezakete. Pertsona batzuengan aparteko antsietatea eragiten du horrek. «Egon badago jendea iratzargailua jartzen duena gaueko lauretan, Farmvilleko uzta jaso behar duelako», azaldu du Gonzalez Tardonek.

Estatu Batuetan joko mota horiek sortzen ari diren mendekotasunak aztertzen ari dira mediku asko. Bizitza erreala gizarte sareko jokoaren arabera antolatzera heltzen dira hainbat, eta hor sortzen dira arazoak. Ordea, bideo jokoek duten balioa nabarmendu du Gonzalez Tardonek. «Esperientzia ezberdinak probatzeko balio dute, hutsegiteen bitartez ikasteko, besteen tokian jarri eta elkarlana sustatzeko».

Anonimotasuna, arrisku

Jolasaz gain, apustu jokoetarako sarbidea ere izan daitezke gizarte sareak, eta adingabeen kasuan zaindu beharreko alorra dela nabarmendu dute. Hala, gizarte sare batean izena ematen duen adingabe batek gezurra esan dezake adina esatean, eta ustez nagusia denez Interneteko kasinoen publizitatea jaso dezake. Gasteizen, adibidez, 12 eta 18 urte arteko adingabeen %3,3k Interneteko kasinoetan noizbait jokatu zutela onartu zuten 2007an.

Adingabeen artean teknologia berrien eta gizarte sareen erabilera egokia bermatzeko, gurasoen parte-hartzearen garrantzia gogorarazi dute.



300

Internet bidezko apustu etxeen irabaziak (milioitan). Espainiako Internet bidezko apustu etxeek urtean 300 milioi euro inguruko irabaziak sortzen dituztela jakinarazi du Internet Bidezko Apustu-egileen Elkarteak. Sektore hori, ordea, ez dago Espainian oraindik legez araututa.

Apustuak egiteko makinak arautu ditu Nafarroak

Nafarroako Gobernuak arautu berri ditu Internet bidez apustuak egiteko makinak, baita elkarren artean lotuta dauden bingo elektronikoak ere. Azaroaren 15ean bi foru dekretu onartu zituen jokoaren adar berri horiek arautzeko, eta 2006ko Jokoaren Foru Legea osatu du horren bitartez. Hala, araudia teknologia berriekin heldutako jokatzeko modu berrietara egokitzeko helburua dute. Dekretu horietan apustu makinak izango dituzten aretoen baldintzak zehaztu dituzte, baita sariak metatzen dituzten makinak eman ditzaketen sarien zenbatekoak ere. Dekretu berriekin batera joko makinak jartzeko aukera bi urtez eten dute, eta ez dute baimenik emango.

@sarean

Joko mendekotasunak dituzten pertsonentzako elkarteak.

www.onlinezurekin.org. Arabako Asajer elkartearen helbidea.

www.ekintzadasalud.org. Gipuzkoako elkartearen helbidea.

www.ekintza-aluviz.org. Bizkaiko elkartearen helbidea.

«Interneteko sare sozialek ez dute mendekotasuna berez sortzen; norbere nortasunak eragiten du»

PABLO PEREZ SAN JOSE
Inteco-ko gerentea


«Gazteek teknologia berrien erabilera mendera dezakete, baina helduok arauak hobeto dakizkigu»

LIDIA PARRA
CTIC-eko 'Internet eta familia' proiektuko arduraduna


Lorena Pidal.Ekintza Dasalud elkarteko psikologoa
Joko mendekotasuna gainditu nahi duten emakumeei buruzko ikerketa baten egilea da Pidal, eta sostengu urria jasotzen dutela dio.

«Gogorragoa da emakume jokalariei egiten zaien epai morala»

J.R. Gasteiz

EHUren eta Ekintza Dasalud elkartearen artean ikerketa bat egin zuten iaz joko mendekotasuna genero ikuspuntutik aztertzeko. Ikerketaren arabera, gutxi gorabehera, ludopatia arazoa duten hamar pertsonatik zazpi gizonak dira, eta hiru, emakumeak. Aipatu gizonen %80-%90 inguru tratamendura gerturatzen dira, baina emakumeen %10 baino ez dira tratamendura joaten.

Genero ikuspegia beharrezkoa al da joko mendekotasunak aztertzeko?

Ludopatia arazoa duten gizonen kopurua emakumeena baino handiagoa da. Emakumea gaixotasuna sendatzeko laguntza jasotzera joaten denean, batez ere gizonentzako sendabidea jasotzen du, gizonaren soslaian oinarrituta daudelako: motibazioak, grinak...

Zein da ludopatia arazoa duten emakumeen soslaia?

Gizonak sentsazioak bilatu nahi ditu, irabazteko asmoa. Oldarkorragoak dira. Emakumea jokora heltzen bada bakardadea eta asperraldia atzean uzteko da; norberaren frustrazioa eta afektibitate gabeziak betetzea da asmoa.

Soslai ezberdinak dauden moduan, joko ezberdinetara jotzen al da?

Denetarik dago, baina, oro har, gizonak txanpon makinetan gehiago jokatzen du, eta emakumeak bingoan eta kasinoetan jokatzen du. Dena den, jokora jotzeko orduan emakumeak eta gizonak zerbait ezberdina bilatzen duenez, tratamendu bera izatea ez da egokia.

Ikerketaren ostean tratamenduak egokitu al dituzue?

Tratamendu ezberdinak egiten ari gara, eta arrakasta izaten ari dira dagoeneko. Gizon edo emakume bakoitzaren neurrira egindako jantzi bat egiten saiatzen gara.

Jantzi bat?

Jokora heltzeko bide asko daude, eta joko mendekotasuna konpondu arren aurreko arazo horiek mantentzen badira litekeena da berriro jokatzen hastea.

Modu berean jokatzen al dute bi sexuek behin arazoa dagoela ikusten dutenean?

Lotsa eta kulpa sentimendua askoz indartsuagoa da emakumearen kasuan. Gaixoak bere egoeraren berri ematean, familiak askoz okerrago erantzuten du emakumearen ludopatia kasuetan. Familia galtzeko arriskuagatik emakume askok ez dute pauso hori ematen.

Joko mendekotasuna garatzeko prozesua sexuen artean ezberdina dela jakinarazi zuen ikerketak...

Hori aldatzen ari da, baina egia da aldeak daudela. Tratamendura heldu ziren gizonek hamar urte inguru zeramaten jokatzen. Prozesu mantsoa zen. Emakumeak azkarrago jotzen du tratamendura, bi eta lau urte artean.

Beste alderik ba al dago?

Oro har, azterketan parte hartu zuten emakumeek gehiago kontrolatu zuten gastua. Zorra bazuten, bai, baina kasu gehienetan ez zen gizonen mailara heltzen. Beste ikerketa batzuetan hori bera gertatu ohi da.

Joko mendekotasuna garatu dutenen heren bat emakumeak dira, baina gutxi joaten dira tratamendua jasotzera. Zergatik?

Gizartean ez da berdin ikusten jokoarekin arazoa duen gizon bat edo emakume bat. Emakumea askoz ere okerrago ikusia dago, eta, estigma horren ondorioz, zailtasun handiagoa izan du laguntza bilatzeko.

Zer dela eta estigma hori?

Gizona tratamendura doanean nolabaiteko harrotasunarekin egiten du, aurrerapausoa emateko gai izan delako, eta gehienetan neska-lagunarekin edota emaztearekin agertzen da. Babes hori izugarri handia da. Emakumea modu apalagoan heltzen da, lotsatuta, eta bakarrik dator gehienetan.

Zergatik?

Familiak bizio bat duela pentsatzen du, ez gaixotasun bat. Ikuspuntua aldatzen da gizona denean gaixo dagoena; orduan mendetasuna onartzen da, arazo bat duela, alegia. Gogorragoa da emakumeei egiten zaien epai morala.

Hortaz ez da ohikoa gizonak gaixo dagoen emakumearen tratamenduan laguntzea?

Gaixoen senideei laguntzeko taldeak ditugu, eta bertan dauden ia guztiak emakumeak dira: gaixoen bikotekideak, amak...

Azkenik, ikerketan parte hartu zuten emakumeen %70ek tratu txarren berri eman zuten. Nola azal daiteke hori?

Ludopatia garatu aurretik bestelako eragileak bizi zituzten: errespetatua ez izatearen sentimendua, afektibitate falta, poztasunik eza, bakardadea... Emakumeak bere gaixotasunaren berri eman ostean egoerak okerrera egin ohi zuen. Tratu txar psikologiko edota fisiko kasuak ohikoagoak dira orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.