Teknologia berrietan euskarak duen lekua hizpide hartuta, Interneten ere euskara erabiltzearen garrantziaz aritu ziren Xare azokan, atzo, Donostiako Kursaalean. Gazteak izan ziren bisitari gehienak; bereziki haiei egin zieten euskaraz aritzeko deia. Gaur amaituko da azoka.
Mahai inguruak, hitzaldiak eta erakusmahaiak izan ziren, besteak beste. Azoka ofizialki irekitzeko ekitaldian egon ziren, esaterako, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia, Lore Martinez Gipuzkoako Diputazioko Informazio Gizarteko zuzendaria eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendaria. Azoka bisitatu zuen Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere.
Gazteak izan ziren, hala ere, protagonista nagusiak. Haiei bidali zien hasierako mezua Donostiako alkateak: Interneten ere euskaraz egiteko eskatu zien. «Geure esku ere badago euskarak Interneten lekua izatea». Euskara une oro egon behar den tokian dagoela nabarmendu zuen. «Eskuizkribuetan egon zen; gero, liburuetan ere bai; egunkarietan, irratietan eta telebistetan ere badago. Orain, Interneten txanda da». Tresnak sarean euskaraz badaudela gogorarazi zuen. «Akaso ez dira hain ezagunak, baina egon, badaude». Lore Martinez Gipuzkoako Diputazioko Informazio Gizarteko zuzendariak adierazi zuen euskarak asko duela irabazteko Interneten. «Eta Internetek asko du irabazteko euskararekin».
Eragin.com-ek antolatu du Xare azoka. Arduradunaren esanetan, euskara sarean «indartzea» da erronka. «Zorionez, abiapuntua ez da kaskarra». Zeregina badago, ordea: «Bide luzea dago egiteko. Badaude oharkabean pasatzen diren egitasmoak eta eragileak, eta horiek ikusaraztea da azokaren xedea». Xare azoka «beta» gisa jo dute antolatzaileek. Interneteko hizkeran, berria, probakoa izango da, beraz. Aurrera begira, oraingoa aztertuta, azokarekin jarraitzeko asmoa dute.
Horren ostean ekin zieten hitzaldi eta erakusketei. Auzmendi sailburuordeak azaldu zuen euskararen egoera ona dela, baina erronka asko daudela oraindik. «Euskara eta teknologiarena, zalantzarik gabe, oso alor garrantzitsua da euskarak ahalik eta garapen bikainena izan dezan. Lehenengo azoka da, baina etorkizun oparoa izango duela uste dut. Gazte asko ikusi ditut, eta asko pozten nau horrek», adierazi zuen. Interneten euskara «ondo» dagoela uste du sailburuordeak. «Ez da sekula nahikoa, eta aurrera begira jarraitu beharrean gaude; erronka asko daude; hemen bertan ikusten da hori. Lanean jarraitu beharra dago, unibertsitateetatik, administraziotik eta elkarteetatik».
Hara joan zirenek ilargia mugitzeko aukera eta musika sortzeko aukera izan zuten, adibidez. Gazteak bildu ziren gehienbat, baina helduen gustukoak ere izan ziren ekintza horiek.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko informatikako sistema autonomo eta robotikako ikerkuntza taldeko ikasleek hiru robot eraman zituzten azokara: Robotinho robotak kamera baten aurrean egindako zeinuen bitartez jasotzen ditu aginduak; Galtxagorri robota ahotsaren bitartez gidatzen da, hau da, hitzen bitartez; eta Tartalo robot bertsolariak puntuak eta gaia esan orduko bertsoa osatzen du. Hori da sortzaileetako batek, Oier Messek, azaldutakoa eta hurbildu direnen aurrean robotek egin dutena. Inguruan zegoen jendea zur eta lur geratzea lortu dute gailuek. Robotak gidatzeko aukera izan dute, eta batek bertso bat ere osatu du partaide batek agindutako hitzekin.
Gaur, aukera gehiago
Gaur zabalduko dute berriro, 11:00etan. Besteak beste, bi mahai inguru izango dira. Lehenengoa, Euskal Komunikabideak. Negozio formulak Interneten izango da, 16:00etan. Bertan, irakurleak «ordainpeko paperezko formulak alboratzen» ari direnez eta sare bidezko doako aukerara jotzen dutenez sarean jorratu beharreko negozio bideei buruz arituko dira BERRIAko kazetari Pello Urzelai, Argia-ko Gorka Bereziartua, Tokikomeko Joxe Rojas eta Gaztezulo-ko Agurtzane Gomez.
Bigarren hitzaldia Harremanak Online izango da. «Sareak sexuaz gozatzeko moduari nola eragin dion eta harremanak sortu eta garatzeko Internetek izan behar duen garrantziaz arituko dira», antolatzaileen arabera. Bertan, Kaixomaitia.com webguneko kide Iñigo Arandiak, Gaztezulo-ko Igone Fernandez Mariezkurrenak, PittiLingorriko Iñaki Olaizolak eta Kizkitza Arozena sexologoak parte hartuko dute, 18:00etan.
Xare azokari buruzko argazkiak eta bideoak ikusteko: www.berria.info
Teknologia eta euskara, elkarri lotuta
Internet eta euskara bidelagun izan dira Xare azokan. Teknologia berrietan euskara erabiltzea garrantzizkotzat jo dute, bereziki gazteak gogoan. Gaurko ere hainbat ekintza antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu