Gipuzkoako telefono zenbakiak 943 kodearekin hasten dira. Orain dela urte batzuetara arte soilik Gipuzkoa kanpotik deitzen zutenek sakatu behar zituzten hiru zenbaki horiek Gipuzkoako telefono finko batera deitzeko. Araudia aldatu zen, ordea, eta gaur egun telefono finko guztiak hasten dira 943 kode horrekin. Hori aldatzear da, ordea. Kode horrek eman ditzakeen zenbakiak amaitzear daude; zehazki, %91 daude emanda. Arazo hori konpontzeko, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) uztailaren 21ean Gipuzkoan 843 kodea erabiltzen hastea proposatu zion Espainiako Telekomunikazio Idazkaritzari, El País egunkariak argitaratu duenez.
Nafarroa da bere kodean okupazio handiena duen bigarren euskal probintzia. 948 kodea beteta dago %84an. Nafarroaren kasuan, ordea, 848 kodea erabiltzen hasita dago administrazioa. Duela hamahiru urte hasi zen, 2003ko abuztuan, zerbitzu orokorretan, ospitaleetan eta kontsulta espezializatuetan hiru zenbaki horiek telefono finkoen zenbakien hasieran erabiltzen. 7.000 zenbaki aldatu zituen orduan administrazioak. Arrazoia bestelakoa izan zen, ordea; Nafarroako Gobernuak Telefonicarekin zuen zerbitzua eten zuen, eta Auna eta Tenaria enpresek sortutako aldi baterako enpresari eman zion —Retena eta Reterioja enpresek sortu zuten operatzailea—. Aurreko zenbakiak —948 kodearekin hasten zirenak— Telefonicarenak zirenez, linea horietan zenbakiz aldatu eta kodea soilik aldatzea erabaki behar izan zuen Nafarroako Gobernuak, eta bigarren aukera hori lehenetsi zuen.