ETXEBIZITZA

Tentsio eremuan diren iparraldeko 24 herrietan etxebizitzaren alokairua mugatu ahalko da

Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroak adierazi du Euskal Elkargoak ahalmena izango duela alokairua mugatzeko. Araua ez betetzeak 5.000 euro arteko isuna ekarri dezake.

Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroa, gaur Bunuzen (Behe Nafarroa) egindako jardunaldietan. ISABELLE MIQUELESTORENA
jone arruabarrena
2023ko abuztuaren 25a
19:36
Entzun

Alokairuen gehiegizko prezioari muga jarri ahalko dio Euskal Elkargoak Ipar Euskal Herrian, tentsio eremu izendatuta dauden 24 herrietan. Gaur baieztatu du Patrice Vergriete Frantziako etxebizitza ministroak, Bunuzen (Behe Nafarroa) egin diren etxebizitzaren inguruko jardunaldi batzuetan. Hala ere, neurria 2024tik aurrera ezarri ahalko du Elkargoak. Alokairuari ezarritako muga baino prezio altuagoa ezartzen dionak, 5.000 euro arteko isuna jaso ahalko du neurria indarrean sartzen denean pertsona fisikoen kasuan, baina legea urratzen dutenak pertsona juridikoak badira, 15.000 eurora arte igoko da isuna.

Ipar Euskal Herrian 2014an Frantziako Asanbleak onartutako ALUR legeak definitzen du tentsio eremua. 50.000 biztanletik gorako urbanizazio eremu jarraituak definitu zituzten, etxebizitza eskaintzaren eta eskariaren artean desoreka nabarmena dutenak, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiak eragiten dituztenak. Hain zuzen, orain legea ezartzeko aukera izango den Lapurdi kostaldeko 24 herri izendatu zituzten tentsio eremuan, BERRIAk duela egun batzuk Etxebizitzaren inguruko seriean azaldu zuen bezala.

Aspaldiko aldarria

Gaur egun, tentsio eremua Ipar Euskal Herri guzira hedatzea eskatzen dute hainbat eragile politiko eta sozialek. Hala ere, eragileek pozik hartu dute Vergrieteren baieztapena. Etxebizitzaren arloan erreferentzialtasuna duen Alda mugimenduak, esaterako, berri «bikaina» dela adierazi du, eta esan du «aurrerapauso handia» izan daitekeela maizterrentzat, legea «anbizio handiz» aplikatzen bada. Horrez gain, gogorarazi du neurri hori Herrian Bizi plataformaren aldarrikapenetako bat izan dela, eta iritzi dio «herri mobilizazioak» eragina izan duela ministerioaren erabakian.

Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ere begi onez ikusi du berria. Izan ere, iazko otsailetik, alokairuen prezioa mugatzeko aukera izatea eska dezakete herriek. eta Euskal Hirigune Elkargoak hautagaitza aurkeztua zuen Ipar Euskal Herriko herrientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.