Etxeen gaia, tentsio handikoa

Etxebizitza Legeak ardaztu du etxe politikari buruzko eztabaida azken legealdian. Bozen atarian, EAJk etxea erosten laguntzea defendatu du; EH Bilduk, prezioa jaistea.

Barakaldoko etxe batzuk (Bizkaia), artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Barakaldoko (Bizkaia) etxe batzuk, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Etxebizitza da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren kezka iturri nagusietako bat. Hala erakusten du berriki argitaratutako EITB Focus inkestak: etxebizitza da herritarrak gehien kezkatzen dituzten arazoetan bosgarrena, enpleguaren eta osasunaren atzetik. 18 eta 35 urteko herritarren bigarren kezka iturri nagusia da; parez pare dago enpleguarekin. Hori nabaritu da azken lau urteotan: agenda politikoaren erdigunean egon da etxebizitza politika. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian ere gaia ari da nagusitasuna hartzen, eta ez da gutxiagorako: Eusko Jaurlaritzak ditu etxe politikaren eskumen gehienak, eta 2015eko Etxebizitza Legeak ematen dio oinarri juridikoa.

Dena den, legealdiak auzi argi bat izan du: Espainiako Etxebizitza Legea. Eztabaidaren alde batean daude EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar, legearen alde baitaude; beste aldean, aurka, EAJ eta PP. Legearen berritasun nagusietako bat da tentsio handiko eremuak ezartzeko aukera irekitzea. Eremu horietako etxeen jabeek alokairua %3 igo ahalko dute gehienez aurten, eta, 2025eko indizea erabakitzeko badago ere, KPIaren azpitik egon beharko du. Eremuen moduan, tentsio handikoak izan dira eztabaidak ere.

EAJk hasieratik bertatik —iazko apirilean onartu zuten— egin zuen legearen kontra, «eskumenetan eginiko inbasio bat» zela iruditzen baitzaie. EAJren eta PSE-EEren arteko talka bat izan da legearen ingurukoa. Etxebizitza sailburua Iñaki Arriola sozialista izan da —legearen aldekoa—, baina Jaurlaritzak zenbait artikuluren aurkako helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean —Olatz Garamendi Autogobernu sailburu jeltzaleak eman zuen aurpegia—.

Beraz, giro horren bueltan iritsi dira alderdi politikoak hauteskunde atarira, eta etxebizitza politika behin baino gehiagotan izan dute hizpide. EAJk hipoteka ordaintzen laguntzearen alde egin du, EH Bilduk etxeen prezioa jaisteari eman dio garrantzia, eta PSE-EEk etxe hutsak erostea defendatu du. Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek alokairuko parke publikoa handitzea defendatu dute, eta PPk, berriz, okupazioari «aurre» egitea.

EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesen esanetan, «lehentasun nagusietako» bat du etxebizitzaren auzia: «Jabetzen gara etxebizitza eskuratzea dela herritarren ardura nagusietakoa». Hiru neurri nagusi proposatu ditu alor horretan. Lehenik, proposatu du etxebizitza bat erosteko orduan bankuek finantzatzen ez duten %20 hori abal publikoen bidez finantzatzea, «ahalik eta baldintzarik onenetan». 

Bigarrenik, etxebizitza publiko edo babestuak eskuratzeko irizpideak aldatzearen eta errenta muga igotzearen alde egin du hautagai jeltzaleak. Ildo horretan, gazteei ere erreparatu die. Nabarmendu du handitu egingo dituela gazteentzako alokairuan laguntzeko Gaztelagun eta Emantzipa programen gehienezko diru sarrerak: ia 26.000 eurokoa da langa gaur egun, eta 30.000 eurotara igotzearen alde egin du.

Hirugarrenik, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik ematen diren zerga kenkariak mantentzea defendatu dute jeltzaleek: «Egun 330.000 euskal herritarrek baino gehiagok hipoteka bat dute, eta, kenkariak galduz gero, kalte larriak jasango lituzkete; zer esanik ez aurrerantzean lehen etxebizitza erosi nahi luketenek».

EH Bilduk ere denetariko proposamenak egin ditu etxe politikan, bi helburu nagusi ezarrita: eskaintza handitzea eta prezioak jaitsaraztea. Etxe gehiago eskain daitezen, eraikita daudenak eraberritzea eta etxe hutsak «mugiaraztea» proposatu du. 

Prezioak jaitsarazteko, etxebizitza legeari begiratu dio Pello Otxandiano lehendakarigaiak: «Madrilgo Etxebizitza Legea ez da izango perfektua, baina aukera batzuk ematen dizkigu, derrigortu gabe, alokairuen igoerak mugatzeko: balia ditzagun, tentsio handiko eremuak izendatuz eta erreferentziazko prezio indizeen sistema garatuz, gure errealitatean oinarrituta».

Horrez gain, «espekulazioa eta putre funtsak gerarazi» nahi ditu koalizio abertzaleak: «Promotore pribatuek beren neurrira erabakitzen dute noiz eraiki, prezioak artifizialki igoaraziz. Eta gogorarazi behar da epeak betetzea plangintzaren parte dela. Hor lan asko dute egiteko, bai Jaurlaritzak bai udalek». Horrekin lotuta, pisu turistikoak mugatzeari ere garrantzia eman diote.

Etxe hutsekin zer egin

PSE-EEk orain arte egindakoa balioetsi du —haren esku egon da etxe politika azken legealdian—, eta helburu bat ezarri du: datorren legealdian alokairu sozial eta eskuragarriko 5.000 etxe berri bultzatzea. Hori erdiesteko, besteak beste, etxeak erosteko programa publikoak abian jartzearen alde egin du. Etxe berriak eraiki ordez, hutsik dauden etxeak erostea bultzatu dute sozialistek, eta etxe horiek alokairuko parke publikoan sartuko liratekeela adierazi.

Gazteak ere hizpide izan dituzte. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialerako gordetzen dituen etxeen %40 dira gazteentzat, eta PSE-EEk proposatu du datorren legealdian %50 izatea. Zerga kenkarien alde egin du, eta Gaztelagun programa ere balioetsi du.

Elkarrekin Podemosek, bestalde, alokairuko parke publikoa handitu behar dela nabarmendu du. Are, zehaztu du %25 handitu nahiko lukeela: «Horretarako, kalifikazio iraunkorreko etxebizitza berriak sustatuko ditugu eta etxebizitza hutsak mobilizatuko ditugu». Sumarrek ere alokairuko parke publikoa handitzeari eman dio garrantzia bere programan, baita alokairuen «gehiegizko» prezioak mugatzeari ere.

PPk, berriz, EAEko Etxebizitza Legea erreformatzearen alde egin du, «jabeei segurtasuna emateko». Okupazioari ere «aurre» egin nahi diote Alderdi Popularrekoek, eta, etxe horietan daudenak «ahalik eta azkarrena botatzeko», legea aldatzea proposatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.