ETAren su-etena. Erreakzioak

«Terrorismoa behin betiko erauzteko» sostengua adierazi dio Parisek Madrili

Eusko Jaurlaritzak dio atzoko polizia operazioa ez dela ETAren su-etenari emandako erantzuna

Koldo Aldabe.
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
ETAren su-etenaren iragarpenaren ondotik, lehen erantzuna eman zuen atzo Frantziako Gobernuak, eta Espainiako Gobernuari sostengua emateko izan ziren esandako hitzak. «Frantzia adiskide espainiarren alboan egongo da indarkeria terrorista behin betiko erauzi arte», Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan zuenez. Atzerri Ministerioak hitz egin baitu Frantziako Gobernuaren izenean, Frantziako Gobernuak «espainiar arazotzat» duelako euskal auzia.

«Urteak dira Espainiako Gobernuarekin harreman paregabea eta eragingarria dugula terrorismoaren aurkako borrokan», esan zuen bozeramaileak, eta lankidetza horren ondorioz «aurrerapauso handiak» eman dituztela «komandoen atxiloketetan eta lankidetza judizialean».

Bozeramaileak gaineratu zuenez, egungo Atzerri ministro Michele Alliot-Mariek «arreta handia jarri izan du beti espainiarrekiko lankidetzan, eta bereziki terrorismoaren aurkako borrokaren alorrean»; Alliot-Marie Justizia eta Barne ministro ere izandakoa da.

«Amiñi bat ere» mugitu gabe

Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren arabera, berriz, ETAk su-etena eman badu, haren «ahuldadearen isla» da. Meniak, bere horretan «berri positiboa» den arren, «ez du balio», eta, beraz, Espainiako Gobernua ez du «amiñi bat ere mugiaraziko». ETA amaieratik gertu ikusten du, halere, Rubalcabak: «Amaieraren hasiera ikusten ari gara; iraun egingo du oraindik, baina azken uneak dira».

Su-eten horrek ezker abertzalearen egungo egoera ere ez duela aldaraziko aurreratu du ministroak. «Ez dut ukatuko, Batasunak urratsak egin ditu, baina esfortzu gorena egitea geratzen zaio, ETArekin haustea», adierazi du. PSE-EEko lehendakari Jesus Egigurenek ezker abertzalea legeztatzearen onurei buruz egindako adierazpenen gainean, Rubalcabak erantzun du «zilegi» dela pentsatzea «Batasuna erakundeetan sartuz gero ETAren su-eten hau itzulezinagoa izango dela», baina bere ustean «hori ez da bidea».

Atxiloketak ez dira erantzuna

Barne ministroak ez ditu lotu ETAren agiria eta atzoko Zarauzko eta Ziburuko polizia operazioak, baina azken horiez ere mintzatu da. Rubalcabaren arabera, «garrantzitsua da» Iraitz Gesalaga atzeman izana, «ETAren komunikazioen arduradun» izan daitekeelako. Ministro espainiarrak baieztatu egin du ikertzen ari direla Gesalagak FARC gerrillari programa informatikoren bat egin ote dion.

Eusko Jaurlaritzak atzo esan zuen atxiloketak ez direla hartu behar ETAren meniari eginiko erantzun gisa, baina su-etena gorabehera, «terrorismoaren aurkako politikak bere horretan» jarraitu behar duela, «ETAk ez duelako esan desegin egin denik».Su-etenari buruz «euskal alderdi gehienek analisi antzekoak» egin dituztela esan zuen Idoia Mendia eledunak, eta hori Patxi Lopez lehendakariaren «lidergoari» zor zaiola, hark alderdiekin eduki dituen elkarrizketetan «ekintza batasuna» bilatu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.