1. DEFINIZIOA
Helburu terroristen zerrenda zabaldu egiten da lege egitasmoan. Honako helburu hauek jotzen dira terroristatzat: instituzio publikoen edota estatuaren egitura ekonomiko edo sozialen funtzionamenduaren egonkortasuna modu larrian oztopatzea; botere publikoak behartzea ekintza bat egitera edo ez egitera; bake publikoa modu larrian asaldatzea; nazioarteko erakunde baten funtzionamendua larriki ezegonkortzea; eta gizartean edo gizartearen parte batean izua sortzea.ENARA GARRO: «Orain arte, konstituzio ordena iraultzeko edo herri bakea modu larrian aztoratzeko helburuarekin jardutea galdatu da, baina, erreformarekin, xede posibleen zerrenda zabaldu egin da, Espainiako kode penala [1995ekoa; 2003an moldatua] Europako Batasuneko Kontseiluko 2002ko esparru erabakira egokitzeko. Praktikan, erreformak ez luke eragin handiegirik izan behar, oraindik indarrean dagoen kode penalak biltzen dituelako xede horiek. Hau da, ez zegoen zerrenda zabaltzeko beharrik».
2. ZIGORRAK
Erailketa terroristen kasuetanezar daiteke berriz azter daitekeen bizi guztiko espetxe zigorra. Egitasmoak dio indarrean den Zigor Kodeko zigorrik handiena ezarriko dela: lege egitasmo honekin batera tramitatzen ari diren erreformak aurrera egiten badu, bizi guztikoa. Era berean, 25 eta 35 urtera arte presoak ezingo luke eskatu zigorra berraztertzeko, ezta hirugarren gradua eskuratu eta baldintzapean aske geratu ere.E. G.: «Birgizarteratzea 'desideratum' huts bat bihurtu dute, praktikan lortzen ezinezkoa den helburu bat. Gainera, ezin da ahaztu adituen arabera batez beste 15 edo 17 urtetik gorako askatasun gabetzeak pertsonari atzera bueltarik ez duten kalteak eragiten dizkiola, hau da, haren 'anikilazioa' eragiteko arriskua dakarrela, eta, beraz, askatasun gabetze oso luzeak tratu ez-gizatiar edo tortura ere kontsidera genitzakeela. Era berean, hirugarren gradua eta baldintzapean aske geratzea lortzeko aukera asko atzeratzen da, inongo malgutasunik gabe. Azken batean, egoera hori birgizarteratzearekin bateragarria dela baieztatzeak ameskeria edo txantxa gaizto bat dirudi. Bestalde, esperientziak erakusten du delitua egiteko asmoa kentzeko elementu gakoa ez dela zigorraren iraupena, zigorra (zigor bat) jasango delako segurtasuna baizik. Beraz, berrogei urteko espetxe zigorraren [egun indarrean dena] mehatxua bizi guztiko espetxe zigorraren mehatxu bihurtzeak ezer gutxi aldatuko du, are gutxiago konbikzio delituetan: bizi guztiko zigorrak ez du beldurtuko delitu bat egiteko bere burua hiltzeko prest dagoena».
3. PARTE HARTZEA
Ez da derrigor frogatu behar pertsona bat talde terrorista bateko kide denik hari delitu terrorista bat leporatzeko. Adibidez, talde terrorista batean parte hartzera bultzatzen duten «komunikazio zerbitzuak» maiz kontsumitzen dituenari ere lepora dakioke terrorismo delitua; baita talde terrorista batean parte hartzeko edo haren helburuekin bat egiteko baliagarriak diren agiriak dituenari ere.E. G.: «Delitu berri horiek txertatzeak duen efektua sinbolikoa baino ez da, hau da, erakustea terrorismoaren aurka 'zerbait' egiten dela, baina efikazia zalantzan jar daiteke. Ez da onargarria, eta legitimitate arazo handiak planteatzen ditu. Horrez gain, pentsa zer-nolako froga arazoak plantea daitezken eta segurtasun juridikoa zenbateraino jar daitekeen kolokan horren zehaztugabea den xedapen honekin. Azken batean, xedapen hau 'arerioaren zuzenbide penala' deritzonaren agerpen bat baino ez da: etsaitzat identifikatzen denari ('terroristari') ez zaizkio aplikatuko hiritar arruntei aplikagarri zaizkien jokalege berak. Eremu horretan beste logika bat nagusitzen da, arerioa garaitzearena, horretarako zuzenbide penal klasikoaren printzipio eta berme klasikoak alboratuz edo haiei uko eginez, beharrezkotzat jotzen bada».
4. FINANTZAKETA
Artikulu luze batean jasotzen da finantzaketa terroristaren delitua. Funtsean, esaten da delitu terroristatzat jotako ekintzak laguntzeko edozein jarduera ekonomiko egiten duen oro —dirua helburu horrekin erabiliko dela jakin edo ez— zigortu daitekeela finantzaketa terroristagatik.E. G.: «Arau orokorra da delitu hori egiten duen subjektuak bere jarduerarekin erakunde terrorista mesedetzeko asmoarekin jardun behar duela. Hau da, xede hori galdatzen den heinean, subjektuak jakin egin behar du bere portaerak zer erakunde motari egingo dion onura. Kasu honetan, berriro ere, asmo hutsen oinarrian zabaltzen da eremu zigorgarria. Gainera, zigorra (5-10 urte) kolaborazioarentzako aurreikusten den berdina da, eta horrek neurrigabea dirudi».
5. KOLABORAZIOA
Kolaborazio terroristaren delituaren definizioa ere luzea da, eta, finantzaketaren kasuan bezala, ez da frogatu behar norbanakoaren eta talde terroristaren arteko lotura, oinarrian ez delako soilik zigortzen talde bateko kide izatea edota ekintza, helburua baizik.E. G.: «Badirudi atxikimendu ideologiko hutsa ere zigor litekeela, taldearen azken helburuak —eta ez soilik erabiltzen dituen bitartekoak— gaitzesgarriak balira bezala. Estatu demokratiko batean aniztasunak duen garrantzitik abiatuta, argi dago proiektu politikoak ezin direla zigortu. Zigortu daitekeena, asko jota, azken helburu horiek lortzeko erabiltzen diren bitarteko edo baliabideak dira. Hori hala, ez da ulergarria legegileak erreformarekin batera anbiguotasun hori ez ezabatu izana. Azken batean, erakundearekin norbaitek izan dezakeen edozein kontaktu biltzera iristea posible litzateke, egiten den interpretazioaren arabera. Berrikuntza gisa, erreformak aurreikusten du posible dela kolaborazioa zuhurtziagabekeriaz zigortzea. Ikusi beharko da zer interpretazio egiten duen jurisprudentziak tipo penal honen inguruan».
6. GORATZEA
Bat eta hiru urte arteko espetxealdiarekin zigortuko da terrorismo ekintzak goratzea, horiek egitera bultzatzea edo probokatzea eta biktimen izen ona gutxiestea edota iraintzea. Zigorrik handienak ezarriko dira aipatu adierazpenak edozein hedabideren bidez eginez gero. Halaber, aipatu helburuak dituzten liburu, artxibo, artikulu eta beste ezabatzea agindu dezake instrukzio epaile batek, behin-behineko neurri gisa.E. G.: «Terrorismo ekintzak —edo haiek egin dituztenak— goratze edo justifikatze hutsa delitua izatea ez da onargarria. Gauza desberdina izan daiteke hedabideak erabiltzea terrorismo delituak probokatzeko, hori ez delako gertakari edo pertsona baten inguruan norbaitek duen iritzi positibo soil bat adieraztea, delitu larriak probokatzeko arrisku serio bat tartean dagoen heinean. Biktimak iraintzea edo umiliatzeari dagokionez, hau ohorearen eta duintasunaren kontrako portaera larria izatera irits daiteke, eta kontsidera daiteke supostu horretan justifikatua egon daitekeela zuzenbide penalaren esku hartzea, kasuaren arabera. Hori bai, aztertu beharko litzateke zergatik jasotzen duten terrorismo biktimek soilik babes penal berezi hori, hau da, zergatik ez diren zigortzen delitu larriak jasan dituzten beste biktimek paira ditzaketen irain edo umiliazioak».
7. LAN INHABILITAZIOA
Terrorismo delituengatik zigortutakoei zigorra osorik bete ostean hezkuntza, kirol eta aisialdi jardueretan lan egiteko debekua ezarri ahalko zaie aske geratu ostean, sei eta hogei urte artean, bai eta bizi osorako ere.E. G.: «Lan inhabilitazioaren zigorra, arau orokor gisa, egin den delituak jarduera profesionalarekin zerikusia baldin badu ezar daiteke soilik. Terrorismo delituetarako txertatu nahi den xedapen hau, beraz, salbuespen bat da arau orokor horrekiko. Kartzelatik atera ostean norbaiten lan aukerak murrizteko erabakia ez litzateke arinkeriaz hartu behar, pertsona horrenbirgizarteratzea modu erabakigarrian oztopa dezakeen neurri bat den heinean. Bestalde, delitu oso larrien kasuan, hutsala izan liteke debekua, kartzela zigorra betetzerako kondenatuak ez duelako ziurrenik adinik izango jarduera profesionalik aurrera eramateko».
8. ZAINTZA NEURRIAK
Delitu terrorista larri bat edo gehiago egin dituztenei, zigorra bete ondoren eta behin kalean, zaintza neurriak ezarri ahalko zaizkie, 5 eta 10 urte artean.E. G.: «Ez da neurri berria terrorismo delituetan, baina, kasu honetan, legitimitate arazo serioak planteatzen ditu: izan ere, neurri hau ezartzerako, subjektuak zegokion zigorra betea izango du, hau da, 'ordaindu' du eragindako kalteagatik. Beraz, bere askatasuna mugatu dutela ikusiko du, ez iraganean egin duenagatik, baizik eta etorkizunera begira arriskutsutzat hartzen delako. Kritikagarria da legegilea arriskugarritasun presuntzio orokor batetik abiatzea, eta, hori gutxi balitz bezala, ez dirudi oso arrazoizkoa denik sententziaren unean balioetsi beharra ea subjektua oraindik arriskutsua izango den kartzela zigorra amaitzerako —zeina, sarri, urte askoren buruan gertatuko den—».