Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 24. aldian The Chieftains, Ismaël Lo, Eliades Ochoa eta Korrontzi taldeak, besteak beste, ariko dira taula gainean. Horixe jakinarazi dute gaur antolatzaileek, egitaraua osatu ostean.
Jaialdiak irailaren 4tik 7ra ekarriko ditu berriro ere Getxora (Bizkaia) mundu osoko musikak; hain zuzen ere, hainbat herrialdetako musika jotzeko eta sentitzeko ikuspegi ezberdinak plazaratuko dituzte, ikus-entzuleen gozamenerako.
Kontzertuez gain, jaialdiaren egitarauan beste jarduera batzuk ere badira, hala nola Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden kalejirak. Dohainik izango da, ohi den legez, kontzertu eta jardunaldi guztietarako sarrera.
Jardunaldi bakoitza arratsaldeko taldeen eta artisten emanaldiekin hasiko da; emanaldiok Santa Eugenia (Erromo auzoa) plazako karpan hasiko dira 19:00etan. Areetako Geltokiko plazako xapitoan kontzertu nagusiak emango dira 21:30etik aurrera, eta horiek amaitutakoan, 23:45ak aldera, Munduko Terraza delakoa, Santa Eugenia plazan jarriko dutena, gaueko emanaldien eszenatokia izango da.
Kontzertu nagusiei dagokienez, jaialdia Korrontzi euskal taldearekin hasiko da aurten. Banda gazte horrek 2004an egin zuen debuta oholtza gainean, antzinako trikitixa doinuak berriro zabaltzeko asmoz. Taldearen musikaren ardatz nagusia musika-tresna horixe da.
Bigarren jardunaldian, Irlandako The Chieftains talde beteranoak hartuko du protagonismoa. Irlandako eta zeltiar munduko, oro har, musika herrikoia 1962tik jorratzen du taldeak, Paddy Moloney musikaria buru.
Kultura
The Chieftains, Ismael Lo eta Eliades Ochoa, Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdirako
Irailaren 4tik 7a bitarteko musikaldirako talde zerrenda osatu dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu