Richard Weyndling. Ingelesezko irakasleen irakasle ohia

«TIL ereduak ez du funtzionatuko, desilusioa hartuko dute gurasoek»

Richard Weyndling Nafarroako ingeles irakasleen irakaslea izan da. Ez du dudarik; aberasgarriena D eredua dela dio.

Iruñea
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Richard Wyendling kazetaria (Glasgow, Eskozia, 1961) duela hamabost urte iritsi zen Iruñera. Zortzi urtez ingelesez maisu-maistren irakaslea izan zen Nafarroako Gobernuaren IGI irakaskuntzarako gaitasun ikastaroetan. TIL eredua ezartzeko aski baliabide ez daudela dio, eta D eredua hobesten du aukera guztien artean. Haren umeek eskolan ikasi dute euskara, eta, ondorioz, hark ere euskara ikasi du.

Zer onura ekar ditzake D ereduak?

Oinarrizko euskaraz jakiteko, D ereduaren eraginkortasuna frogatuta dago. Lehen Hezkuntza bukatzen duten umeen %95ek euskaraz dakite, eta euskaraz komunikatzeko gai dira. Gainera, gaztelaniaz ere badakite. Haurrak, elebidunak direnez, azkarragoak ere badira, hizkuntzak edo beste edozein gai ikasteko erraztasun handiagoa dutelako. Eskolan beste hizkuntza bat ikasteko aukera izatea altxor bat da. Pertsonalki horrexek egin dit ilusio handiena. Kulturari eusteko hizkuntza ez galtzea oso garrantzitsua da, are gehiago euskararen kasuan. Gurasoek euskara ikasteko estimulu hori dugu, gainera; gure seme-alabekin hitz egin ahal izateko, edo bestela etxeko lanak egiten laguntzeko. Nik euskara ikasi dut D ereduari esker.

Kritikoa zara TIL ereduarekin. Zeintzuk dira arriskuak?

Nire esperientziaz hitz egingo dut. Nire umeek oso ongi idazten, irakurtzen eta erabiltzen dute euskara. Hemen etxean, ordea, oso gutxitan hitz egiten dugu. Baina D ereduaren ondorioz ikasi dute euskara. Ereduaren arrakastaren arrazoiak begiratzen baditugu, aspektu garrantzitsu bat irakasleek euskararekiko duten konpromiso handia da. Hemengo irakasleak dira, euskaldunak. TIL ereduan, ordea, ez dira ama hizkuntza ingelesa duten irakasleak izango. UPNko eta PSNko politikariek eskola pribatu elebidunak sortu nahi badituzte, oso ongi iruditzen zait. Eta horretarako ama hizkuntza atzerriko hizkuntza duten irakasleak ekartzen badituzte, ados. Baina hezkuntza sistema osoan egitea? Ezinezkoa da. Oso garrantzitsua da haurren hezkuntzaren esparru pribatua. Esparru pribatua da, adibidez, amarekin hitz egiten dutenean, edo aitarekin hitz egiten dutenean. Eta eskola badakite esparru pribatu euskalduna dela. Hori aldatzea oso zaila litzateke.

TIL eredua ezartzeko, beraz, baliabideak behar dira?

TIL ereduko irakasleek ez dute inoiz lortuko irakasle euskaldunen maila. Nik, ingelesezko irakasleen irakaslea nintzenean, egia da ikusi nuela maila igotzen ari dela, izan ere, jende gazte euskalduna hasi da ingelesa ikasten, eta elebidunak direnez, beste hizkuntza bat ikasteko erraztasuna dute. Baina ez dute lortuko maila bera. Ni beraiekin egon naiz, eta badakit zein maila duten. Lehen Hezkuntzako irakasle batzuek ez dakite esaldi oso bat egiten ere. Eta nahi dute irakasle horiek beste irakasgai batzuk ematea? Ezinezkoa da. Ingelesa menperatzen duen irakasle batekin beste hainbat ordu irakasten baditu, eta zientzia eta gisa horretako irakasgai bat ematea nahi baduzu, engainu bat dela pentsatzen dut. Gezurra delako. Gaur egun, irakasleen %10ek edo gehienez %20k menperatzen dute ingelesa. Gero, umeek ingelesa astean bost ordu ikasten dute. Gero, lagunekin erabiltzen dute? Ba, ez.

Zergatik Nafarroako Gobernuaren tema hori TIL ereduaren alde?

Argi eta garbi, D eredu indartsua saihesteko. Eremu mistoko gurasoek D ereduaren irudi oso ona dugu. Baina gure seme-alaben etorkizuna oso garrantzitsua da, eta ingelesak lan arloan hartu duen garrantzia oso handia da. Orduan, gobernuak esaten badu ingelesa ikasteko TIL eredua ezinbestekoa dela, guraso batzuek hori aukeratuko dute. Umeek hiru hizkuntza ikasteko aukera dute, baina badakite zein den arlo bakoitzean erabili behar dutena. Bi hizkuntza aldi berean ematen badituzu, ordea, umeek ez dute hizkuntza batere ongi menperatuko.

Zein da elebitasuna lortzeko bidea?

Arazoa elebakartasuna da. Francok gaztelania ezarri zuen, eta hori da arazorik larriena. Eta, adibidez, filmak bikoiztea krimen bat da. Danimarkara, Herbehereetara eta Portugalera joaten bazara, hangoen ingelesa maila oso ona dela konturatuko zara. Zer da, hemengo umeak ergelagoak direlako? Edo hemengo irakasleak oso txarrak direlako? Ez; telebistan bikoiztutako marrazki bizidunak ikusten dituztelako da.

Hezkuntzan, zein da biderik egokiena?

Gobernukoek herrialde horietara joan behar dute bisitan, eta hango sistema hemen aplikatu. TIL ereduak ez du funtzionatuko, desilusioa hartuko dute gurasoek.Ez dute lortuko D ereduak euskararekin lortu duena. Eskoletan ingelesez komunikatzen irakasteko talde txikiak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.