Irati Tobar, Jon Ugarte Zinkunegi, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Mikel Albisu Antza euskal presoak dira Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko protagonistak, Zinez zine ekoiztetxeak gaur jakinarazi duenez.
Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatuko du.
Hain zuzen, Irati Tobar presoa atzo utzi zuten aske, bermea ordainduta. 2011ko martxoan atxilotu zuten, Lapurdin, Segiren aurkako operazio batean; beste zazpi lagunekin batera.
Tirabira luzeak eragin dituen filma
Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio, filmaren Zinez ekoiztetxeak lehengo astean uko egin zion Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari. Baita, beste hainbat erakunde publikok onartutako laguntza orori ere, guztira, 31.000 euro. Hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak astearen hasieran esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela udalaren laguntza —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.
Hala, BERRIA Taldeko langileek dokumentalari 300 euroko laguntza ematea erabaki dute, "filmaren egileek adierazpen eta sormen askatasunean jasan duten erasoagatik".
Ekoizleek jakinarazi dute dokumentalak diru laguntzetan aurreikusitakoaren erdia jaso du dagoeneko, 40.000 eurotik 20.000 bilduak dituelako herritarren ekarpenei esker. Hala ere, proiektua aurrera ateratzeko babes ekonomikoa lortzeko kanpainarekin segitzen du.
Larunbatean, hainbat kultur eragilek ekitaldi berezia antolatu dute San Telmo museoan, Donostian.