Hirien bilakaera hizpide dute egunotan Gasteizko Hirigintza Iraunkorrari Buruzko Nazioarteko Topaketan. Bilakaera horrek toki publikoetan —berdegune, plaza, kale...— duen eragina aztertu du Joan Subiratsek, zientzia politikoan aditua den Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunak. Toki publikoen kudeaketa iraunkorra defendatu du, etorkizuneko belaunaldiek eta ahalik eta pertsona gehienek balia dezaten.
Asko aldatu da hirietako toki publikoak erabiltzeko modua?
Aldatu egin da hiriak eta bertako biztanleak asko aldatu direlako. Duela gutxira arte oso egonkorra zen dena; bizitza osorako lana, familia handiak, hiriaren banaketa gizarte mailen arabera egiten zen… Gizarte pluralago bat dugu orain, eta hiriaren erabileran islatzen da hori. Konplexutasun handiagoa dago.
Herritarrak aldatu dira, baita erabilera ere, baina hiria lehengoa da. Prest al daude hiriak erabilera horiei aurre egiteko?
Horretan saiatzen ari dira. Etengabe gertatzen da hori. Adibidez, XX. mendearen hasieran ia ez zegoen autorik Bartzelonan. Zirkulazioak gora egin ahala, autoentzako estruktura bereziak sortu ziren. Ordea, gaur egun autoak gero eta toki gutxiago du Bartzelonan. Hiri askotan gertatzen ari da hori bera. Erabilera aldatu ahala, oreka lortu behar da.
Zeren arabera bilatu behar da oreka hori? Zeintzuk izan daitezke horretarako irizpideak?
Balioak hartu behar dira kontuan. Hau da, aniztasuna eta berdintasuna sustatu nahi bada, eremu publikoen erabilera pribatua kezkagarria izango da; tabernen mahaiak toki guztietan egonez gero, adibidez, toki publikoak erabiltzeko ordaindu behar duzu.
Zer arazo gerta daitezke eremu publikoen erabilera aldatzean?
Aldaketak prozesu bat izan behar du, biztanleen aldaketa bat, ez inposatutako zerbait. Aldaketak ulertarazi behar dira, gerta daitezkeen tirabirak leuntzeko. Toki publikoen erabilera ulertzeko beste modu baten bila gabiltza, jendea jabetu dadin toki horiekiko erantzukizuna duela.
Nolakoa izan da, ba, orain arteko ikuspuntua?
Frankismoaren garaiko esperientzia txarra izan zen. Jendeak ulertu zuen etxetik kanpo zegoena ez zela berea, eta hobe zela bertan gertatzen zenarekin zerikusirik ez izatea. Jendeak toki publikoa baliatzen zuen, baina ez zuen horrekin loturarik. Toki publikoa zaintzea guztion ardura dela jabetu arte ez dugu aurrera egingo.
Nolako harremana behar da administrazio publikoaren eta herritarren artean hiriaren kudeaketa egoki horretan?
Hauteskundeak irabazten dituenak ez du txeke zuri bat jasotzen. Irabazleari bere ideietan oinarrituta gobernatu behar duela esaten diote herritarrek, baina ez hartuko dituen erabaki guztiei oniritzia emango dienik. Dena den, ez dut pentsatzen herritarren parte hartzeak politikarien lana ordezkatu behar duenik, baizik eta erabaki horiei balioa gehitzen dien zerbait dela.
Zein zentzutan?
Eztabaida prozesuetan parte hartuz, adibidez. Udalean diharduten arkitekto batek eta politikari batek ezin dute auzo baten zaharberritzea erabaki, auzokideek auzoaz duten ezagutzaren berri izan gabe. Auzokide horien eskarmentua garrantzitsua da, eta gauzak hobeto funtzionatzeko baliagarriak dira. Toki publikoekiko lotura ere bultzatzen da horrela.
Hitzaldian hiru hiri eredu aipatu dituzu. Aniztasuna kanporatzen duen hiri homogeneoa, aniztasuna onartu arren kohesiorik ez duena eta aniztasuna giltzarritzat duen hiria. Bigarren eredua da ohikoena gure inguruan?
Hori da jarrera naturala. Etxe bat eraikitzean erosle zehatz batengan pentsatzen du arkitektoak, eta erosleek ere haien moduko pertsonak nahi dituzte etxean. Hori da jarrera naturala, baina horrek ez du esan nahi hori desiragarria denik. Nire ustez, aniztasuna da hiriek duten aberastasuna.
Nola lor daiteke hiri eredu horren alde egitea?
Aditu batzuen arabera, mugak ahalik eta finenak izan daitezen lan egin behar dugu, elkarren arteko harremanak sustatzeko tokiak egon daitezen. Nahasketa derrigorrezkoa den zerbait bihurtuz gero, ez dugu aurrera egingo.
Joan Subirats. Zientzia politikoan katedraduna
«Toki publikoa guztion ardura dela jabetu arte ez dugu aurrera egingo»
Hirietako aniztasunak toki publikoen kudeaketa zaildu dezakeen arren hirien aberastasun handiena horixe dela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu