Itzalketa analogikoaren harira tokiko telebista kateak "diskriminazioa" jasotzen ari direla salatu du gaur Euskadiko Tokiko Telebisten elkarteak (Digibat), eta digitalizazio prozesuan kate generalistekiko "berdintasuna" eskatu du.
"Itzalketa analogikoa eta piztualdi digitala gidatzen ari diren erakunde publiko guztien aldetik jasaten ari garen tratua salatu nahi dugu. Erakunde publikoek diru publikoa banatu dute TVE, ETB, A3, Cuatro, Tele5, laSexta… digitalizatzeko, enpresa publiko nahiz pribatu horiei inolako gainkargarik ezarri gabe. Tokiko telebistok, aldiz, geure kabuz egin behar dugu analogikotik digitalerako trantsizioa. Zenbakietara ekarriz, 1,10 milioi eurotik gora eskatzen dizkigu urtean egokitze prozesu honek", esan du Digibatek gaur, agerraldian. "Hau da, Espainiako [Estatuko] kate generalista handiak diru publikoz laguntzen dituzte, eta tokiko telebistak itotzeraino estutzen dira".
Laster hiru urte beteko dira Eusko Jaurlaritzak EAEn Tokiko Telebista Digitalak banatzeko lehiaketa zabaldu zuenetik. Lehiaketaren ondorioz 58 lizentzia banatu zituzten 2007ko udan, EAEko 15 barrutietan.
2007ko udan sortu zuten Digibat elkartea, lizentziadun operadore guztien artean. Bertako kide dira, esaterako, Hamaika Telebista -EKT da bazkideetakoa-, Tokikoko Goitb, 28K,Goierri, Erlo, Oizmendi, Urola, Telebilbao, Teledonostia, Televitoria, EUVE, Bilbovisión, Teledonosti, Alava7, Tele 7 telebista, Canal Bizkaia, Canal Gasteiz eta Gipuzkoa Telebista.
Hamaika Telebistak Bilbon katea sortuta du eta Arabarako egitasmoa aurkeztu zuen lehengo astean.
komunikabideak
Tokiko telebisten elkarteak "berdintasuna" eskatu du digitalizazio prozesuan
Erakunde publikoek kate handiak diruz laguntzen dituztela dio Digibatek, eta "tokikoak itotzeraino estutzen dira". Elkarteko kide da, besteak beste, Hamaika Telebista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu