Tokirik hartu eta egin ezinda

Zatiketa gero eta agerikoagoa da UPNn. Amelia Salanuevak, bere hautagaitza aurkeztu, eta alderdia kontrolatzeko borroka abiatu du. Irailaren 4an jarriko dute ezohiko kongresua egiteko eguna.

enekoitz telleria sarriegi
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tokirik hartu ezinda dabil alderdia, eta tokia egin nahian alderdikideak. Nahasmena, zalaparta, ezinegona eta, batik bat, zatiketa ari dira nagusitzen UPN barruan. Alderdiaren norabideak eta proiektuak finkatu beharraz hasten dira batzuk batean, eta alderdiaren kontrola bereganatu nahian besteak bestean. Maiatzeko hauteskundeen emaitzak barneratu ezinaren ezina dago guztiaren atzean. Alderdia emaitza horietara eraman dutenen jarduna kritikatu zutenek eta kritikatu dutenek badute orain burua azalera ateratzeko adina argudio. Alderdia emaitza horien eta Yolanda Barcinaren agurraren ostean nolabait itxuraldatu bai, baina bide bertsutik eraman nahi dutenek gero eta asti gutxiago dute berrantolatzeko.

Joan den aste hondarrean eman zuen kolpea Amelia Salanuevak. UPNko presidente izateko aurkeztu zuen bere burua. Mezu argi batekin: UPN barruan nabarmena dela «lidergo falta», eta kongresua «ahalik eta lasterrena» egin behar dela. Atzetik eta indarka datozenen mezua da hori. Aurretik eta zabuka ari direnek oso bestelakoa eman zuten egun berean: alderdia «batuko» duen hautagai bat behar dela eta ezin dela antolatu kongresurik «korrika eta presaka». Esanguratsua izan zen dena egun berean gertatu izana (abuztuaren 13a, osteguna). Salanuevak iluntzean eman zuen bere hautagaitzaren berri, azken orduan, Europa Press berri agentziaren bidez. Goizean, Juan Luis Sanchez Muniain UPNko parlamentari eta zuzendaritzako kideak eman zuen gauzak patxadaz egitearen berri agentzia berberari eskainitako elkarrizketa baten bidez, goizean.

Zatiketa nabaritzen zen lehen, eta ageriko bihurtu da orain. Foru hauteskundeen emaitza sekulako kolpea izan da UPNrentzat, eta Espainiako hauteskunde orokorrak ia erreakzionatzeko astirik gabe datoz ate-joka. Hartu behar dira tokiak, eta neurtu behar dira denborak. Alderdiaren kontrola dago jokoan. Salanuevaren ahalegina ez da berria. 2013an saiatu zen UPNko idazkari nagusi kargua lortzen —Oscar Arizkuren gailendu zitzaion orduan—, eta joan den azaroan foru hauteskundeetarako presidentegai izaten —Jose Javier Esparza gailentzerako egin zuen atzera, primariorik ez zela antolatu argudiatuta—. Garbi dagoena da azken urteetan UPNren ibilia gidatu eta norabidea zehaztu duten horien jardunarekin kritikoa den multzo handi bat ordezkatzen duela Salanuevak.

Eta alderdiari«beste norabide bat» eman behar horretan esan ditu UPNko senatari denak alderdi horretan gutxitan esan eta entzundakoak: kudeaketan «zerbait gaizki» egin dela, Nafarroako Kutxaren aferak «kalte» egin diela, herritarrei UPNko agintari batzuen jarrerak «min» egin diela, hauteskunde kanpainan gauzak batzuk «gaizki» egin zirela eta alderdia «berriro asmatu» behar dela. «Ezin gaituzte euskal kutsua duen guztiaren etsai gisa ikusi. UPNk badu bere DNAn euskal sentimendu oso indartsua, eta horregatik ezin ditugu baztertu akordioak Geroa Bairekin».

Eta fronte horren bestaldean dago Yolanda Barcinaren eta haren taldearen jarduna defendatzen duena. Bere garaian Jose Javier Esparzaren alde apustu egin zuena, baina orain harekiko ere mesfidati dagoena. Tokia hartu eta egiteko denbora behar duena, eta denbora eskatzen duena. Sanchez Muniainek gorpuzten du, eta berak jartzen dio ahotsa. «Kongresu express bat egin nahi badugu, buruzagi batzuk besteen ordez jarrita, ez genioke etorkizunari aukerekin ekingo. Hautagai bat bestearen kontra jartzen hasten bagara, akats handia egingo dugu. Egin dugunaren errepikapena litzateke hori eta ez du espero zen emaitzarik eman. Hori lurperatu egin behar da. UPNren gehiengoak ez du hori nahi», esan du Sanchez Muniainek, giroa lasaitu nahian.

Pentsatzekoa da Jose Javier Esparzak ere aurkeztuko duela bere burua UPNko presidente izateko. 91.000 boto baino gehiago jaso zituen foru hauteskundeetarako UPNren hautagaia izateko, eta presidente kargua lortuta nahi luke bere ibilia biribildu, nahiz eta parlamentuko eledun postua eman gabe utzita agerian gelditu den haren lidergoari buruzko zalantza hori. Ez da baztertzen, beraz, presidente kargua lortzeko hirugarren hautagai batek ere bere burua aurkeztea. Baztertzen ez den bezala Miguel Sanzek eta inguruak beste mugimenduren bat egitea alderdiaren kontrola berreskuratzeko.

Kongresua, datarik gabe

Ez du inork oraindik argitu UPNren ezohiko kongresu hori noiz, nola eta non egingo den. Presidente kargua ez ezik, alderdiko organoak eta estatutuak ere berrituko dira, eta ildo politikoa eta programatikoa zehaztuko. Espainiako hauteskunde orokorrak baino lehen egitea ez da ziurra. Badago jendea UPNren barruan hauteskundeen ostean egitearen aldekoa —azaroaren amaierarako edo abendurako espero dira Espainiako hauteskunde orokorrak—. Berez, alderdiaren batzorde eragileak ekainean egindako bileran, kongresua hauteskundeak baino lehen egitearen alde agertu zen gehiengoa, baina zalantzak daude. Sanchez Muniainek ere eman du zalantzen berri: «Kontseilu politikoko kideen bi herenek datarekin ados egon behar dute. Aho batez onartu behar da eguna, alegia, eta orain ez dut uste baldintza hori betetzen denik». 232 kidek osatzen dute UPNren kontseilu politikoa, eta irailaren 4an dute bilera ezohiko kongresu horri data jartzeko —Barcinaren sektoreak kontrolatzen du oraindik, hein handi batean, kontseilu hori—.

Bitartean, eta kongresuari begira lanak aurreratzeko, hiru talde jarri ditu alderdiak lanean, hiru alorretan: estatutuekin, Jose Javier Esparza eta Sergio Sayas; arlo ideologikoarekin, Juan Luis Sanchez Muniain eta Carlos Salvador; eta arlo programatikoarekin, Patxi Yanguas eta Luis Casado. Tokia hartzeko; edo egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.