Tokiz aldatzeko arrazoirik ez dela berretsi dute Donapeako kideek

Hainbat sindikaturen eta gizarte eragileren babesa jaso dute irakasleek, gobernuari eskatzeko orubea Opusen esku ez uztekoParlamentutik abiatuko den manifestaziora deitu dituzte iruindarrak; etzi eginen dute

Mahaian, Jesus Belasko alkate ohia, eta David Ardanaz, Nekane Otxotorena eta Jose Maria Muñoz irakasleak, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dute tokiz mugitu nahi. Eta tokiz mugitzeko arrazoirik, gainera, ez dute ikusten. Hori berretsi dute Iruñeko Donapea lanbide heziketako ikastetxeko irakasleek. Zentroan bertan egin dute agerraldia, eta hainbat sindikaturen eta gizarte eragileren babesa jaso dute. Denek bat eginda, Nafarroako Gobernuari eskatu diote bertan behera uzteko egun Donapeak hartzen duen orubea Nafarroako Unibertsitateari saltzeko proiektua. Ikastetxea tokiz ez mugitzeko eskatzeko, hain zuzen, manifestazio batera deitu dute. Etzi eginen dute. 19:00etan abiatuko da parlamentuaren egoitzaren aurretik.

«Donapea tokiz aldatzearen aldeko argudiorik ez dago; UPN gezurretan ari da. Donapean bada, nahi izanez gero, eraikina handitzeko tokia; eta Opus Deik ere bere lur eremuan eraiki ditzake egin nahi dituen mediku ikerketarako zentroak». Horixe nabarmendu du Donapea zentroko irakasle Nekane Otxotorenak, eta halaxe jaso dute ikastetxeko kideek, Donapea tokiz aldatzeko proiektuaren aurka egin duten manifestuan. Donapea zentroko bertako hainbat irakaslek, Nafarroako Unibertsitate Publikokobertze hainbatek, LAB, EILAS, CCOO, ELA eta CSIF sindikatuek, hainbat artistak, politikari ohik, eta zenbait gizarte eragilek sinatu dute dagoeneko.

Donapean argi dute ikastetxea tokiz mugitzeko proiektuak Opus Deiri baino ez diola mesede egiten. «Proiektu horrek ez dio Lanbide Heziketa publikoari onik egiten, eta Nafarroako hezkuntza publikoaren interesak interes pribatuen menpe jartzen ditu», gaineratu du Otxotorenak.

Plana geldiarazteko eskea

Kontuan hartuta Iruñeko Udalak ezezkoa eman diola Donapea tokiz aldatzeko asmoari, gobernuak bultzatu duen ikastetxeari buruzko udalez gaindiko plana bertan behera uzteko urratsak egiteko eskatu die Nekane Otxotorenak Nafarroako Parlamentuko taldeei. Horretarako aukera izanen dute hilaren 24ko osoko bileran, hain zuzen ere. «Lege proposamena bozkatuko dute, udalez gaindiko sektore plana bertan behera utzi, eta ikastetxearen toki aldatzea geldiarazteko», azaldu du irakasleak.

Bozketa horretan PSNk izanen du giltza. Hasieran, Donapeak hartzen duen orubea Nafarroako Unibertsitateari saltzeko proiektua babestu zuen alderdi sozialistak, baina atzera egin zuen gero, eta Iruñeko Udalak talde horren botoekin eman zion ezezkoa egitasmoari. Nafarroako Gobernuak, horren ondorioz, proiektua udalez gaindiko sektore plan bezala aurkezteko urratsa egin zuen.

Donapea zentroko irakasleek argi dute zer nahi duten; joan den astean egindako bileran denek agertu zuten ikastetxea tokiz aldatzeko egitasmoaren aurkako iritzia, Nekane Otxotorenak jakinarazi duenez. «Denek erran genuen ezetz», berretsi du Jose Maria Muñoz irakasleak. Ezezko horren atzean «arrazoi anitz» daudela gaineratu du. Gogoratu du, bertzeak bertze, Nafarroako Unibertsitateak 431.000 metro koadroko lur eremua duela egin nahi dituen ikerketarako zentroak eraikitzeko, eta, ondorioz, Donapeak hartzen duen orubearen beharrik ez duela.

Muñozek zehaztu du, gainera, Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako campusa egiteko aukeratu duen lur saila, Etxabakoitzen, egun ikastetxeak duena baino txikiagoa dela. Egun, 24.000 metro koadro hartzen ditu Donapeak. «Campusa egiteko orubeak 7.000 metro koadro gutxiago ditu, eta espazio hori, gainera, Osasun Eskolarekin partekatu beharko genuke; hau da, egun ditugunak baino 600 ikasle gehiago hartu beharko lituzke, espazio txikiago batean», azaldu du irakasleak.

Donapea ikastetxeko irakasleek azaldu dute bertze 4.000 metro koadroko eremua duela zentroak, oraindik ere, eraikina handitu ahal izateko. Hori egitea ez dute beharrezkotzat jo, hala ere. Egungo egoitza moldatzeko, ordea, «inbertsioak» eskatu dituzte. Ukatu dute, dena den, Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarritako aurrekontua zuzena dela. «Gobernuaren arabera, zortzi milioi euro behar dira Donapearen egoitza egokitzeko; kopuru hori gehiegizkoa da. Ematen badigute ez diogu ezetz erranen, noski, baina anitzez ere diru gutxiago nahikoa da ikastetxearen egoerak hobera egin dezan», erran du Jose Maria Muñozek.

Irakasleek dauden toki berean jarraitu nahi dute, eta eskaera horrekin bat egitera deitu dituzte herritarrak, etziko protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.