Tolosako ospitalea izango da Gipuzkoako erreferentziazko zentroa zenbait probatarako

Prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egingo dituzte bertan. 2030ean ireki nahi dute.

Inaki Irabazabalbeitia, Xabier Ibarzabal, Maite Martinez de Albeniz, Igor Zapirain, Ander Figuerido, Alberto Martinez eta Pili Legarra gaur, ospitale berria egingo den lekuan.  MAIALEN ANDRES / FOKU
Inaki Irabazabalbeitia, Xabier Ibarzabal, Maite Martinez de Albeniz, Igor Zapirain, Ander Figuerido, Alberto Martinez eta Pili Legarra gaur, ospitale berria egingo den lekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko uztailaren 9a
19:07
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eskualde honek beharra zuen ospitale publiko bat eraikitzeko, baina Gipuzkoak ere behar du erreferentziazko ospitale bat». Eskualde hori Tolosaldea da (Gipuzkoa). Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Tolosan izan da gaur goizean, bertan eraikiko duten ospitaleari buruzko xehetasunak ematen. Ospitalea Tolosalderako izango da, baina baita Gipuzkoarako ere, prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko. Izatez, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren mende egongo da. 

Osasun sailburuarekin batera, Maite Martinez de Albeniz Osakidetzako Laguntza Sanitarioko zuzendaria, Xabier Ormazabal Ekonomia eta Finantzako zuzendaria eta Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkariak izan dira agerraldian. Izan ere, Tolosaldeko alkateek eta herritarrek urteak daramatzate ospitale publiko bat eskatzeko mobilizazioak egiten. Ospitalea eraikitzeko hainbat leku proposatu dituzte urte hauetan: esaterako, Tolosako Apatta industrialdea. Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen Gipuzkoako eskualde bakarra. Asuncion itunpeko klinikaren bidez eskaini izan dute osasun arreta espezializatua.

Martinezek argi utzi du zein den proiektuaren helburu nagusia: «Helburua da Tolosaldean artaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral bateranzko bidea egitea, baliabideen erabilera optimizatuta, arretaren zatiketa txikitura eta paziente kalteberentzako kalitate handiko arreta bermatuta». Sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko jardueren artean dagoela osasun zentro berria eraikitzea, eta eskualdeko ospitale funtzioa betetzeaz gain lurraldeko beste zona batzuetako herritarren beharrei ere erantzungo diela. 

Eraikin berria Tolosako suhiltzaileen parkearen alboan eraikiko dute, Iurramendiko aparkalekuan, eta espero dute bost urteko epean martxan jartzea, hau da, 2030erako. «Tolosako ospitale publiko berria erreferentziazkoa izango da Gipuzkoa osorako, bai prozedura diagnostikoetan, baita proba osagarrietan ere», nabarmendu du Martinezek. Bereizmen handiko kanpo kontsultek osatuko dute jardueraren muina, eta Donostialdeko ESIko profesionalak arituko dira han lanean. «Langile gehiago kontratatuko ditugu, eremu horretan egongo diren profesional espezializatuak Donostiako ospitalearen mendekoak izan daitezen».

«Tolosako ospitale publiko berria erreferentziazkoa izango da Gipuzkoa osorako, bai prozedura diagnostikoetan eta baita proba osagarrietan ere»

ALBERTO MARTINEZ Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Ospitaleak 74 ohe izango ditu. Martinezek nabarmendu du Gipuzkoak ohe gehiago behar dituela; izan ere, pazienteak pilatu egin dira Matian eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Oheez gain, hiru ebakuntza gela, erresonantzia zerbitzu bat, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat, larrialdietako arreta jarraituko puntu bat, erradiologiako ekipoak eta errehabilitazioa ere izango dira. 3.600 kirurgia prozedura inguru egingo dituzte urtean, eta 3.000 endoskopia azterketa. 

Ados agertu da Maite Martinez de Albeniz, Osakidetzako Laguntza Sanitarioko zuzendaria: «Lurralde honetan ospitale publiko bat eraiki nahi dugu. Argi daukagu behar hori badagoela». Proiektuaren diseinua eskualdeko egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, osasun laguntzako beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza izan dela azaldu du. Ospitale horren egitura eta funtzioa aurreikusteko, orain arteko behar guztiak analizatu dituzte, eta profesional guztiekin eta eragile sozial guztiekin hitz egin. 

«Lurralde honetan ospitale publiko bat eraiki nahi dugu. Argi daukagu behar hori badagoela»

MAITE MARTINEZ DE ALBENIZ Osakidetzako Laguntza Sanitarioko zuzendaria

Sailburuak gogorarazi du prozesua hasteko Tolosako Udalak osoko bilkurara eraman behar duela hiri antolamenduko planaren aldaketa puntuala, eta lurrak Osakidetzaren esku utzi behar dituela adostutakoa martxan jartzeko. 

Alkateak, gustura

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kide eta Ibarrako alkate Igor Zapirainek ontzat jo du Osasun Sailak aurkeztutako proiektua: «Ontzat jotzen dugu. Azken urte hauetan Osasun sailburuarekin eta kabinetearekin lankidetzan aritu gara eta gaur argi eta garbi geratu da konpromisoa». Hala ere, azpimarratu du oraindik ñabardura txikiak badaudela, baina «prestasun guztia» dutela aurrera egiteko eta hitz egiteko. Zapirainek argi utzi nahi izan du Tolosaldea dela Gipuzkoa guztiko eskualde bakarra ospitale publikorik ez duena, eta aurrerapauso honekin erakutsi nahi dute ospitalearen egitasmoa «benetakoa» dela.

«Ontzat jotzen dugu. Azken urte hauetan Osasun sailburuarekin eta kabinetearekin lankidetzan aritu gara, eta gaur argi eta garbi geratu da konpromisoa»

IGOR ZAPIRAINIbarrako alkatea

Asuncion klinikarekin zer gertatuko den ez dute eztabaidatu, eta Zapirainek onartu du gaiak «kezkatzen» dituela: «Falta nabaritzen dugu. Bertako langileen etorkizunak ere asko kezkatzen gaitu. Pentsatzen dugu denon artean lortuko dugula konponbide onak aurkitzea».

Pili Legarra Alkateen Mugimenduko kide eta Asteasuko alkateak esan du pauso bat emateko garaia zela: «Ospitale publikoa errealitate bihurtzea aurrerapauso bat da. Dena ez da udalaren esku egoten, baina Tolosako Udalak ez du inoiz trabarik jarri, eta eman beharreko pausoak eman ditu».

«Ospitale publikoa errealitate bihurtzea aurrerapauso bat da. Dena ez da udalaren esku egoten, baina Tolosako Udalak ez du inoiz trabarik jarri, eta eman beharreko pausoak eman ditu»

PILI LEGARRA Asteasuko alkatea

«Asko estimatzen dugu erietxea Donostia ospitalearen parte izatea eta hango profesionalak egotea. Hainbatetan eskatu dugu hala izan zedila», adierazi du Legarrak. «Tolosaldeko herritarrak gaur egun ezin gara Donostia ospitalera joan, baina orain hemen egongo badira... Pauso garrantzitsua da», gehitu du.

Ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIaren antolaketan «aldaketa handiak» egingo dituzte, sailburuak esplikatu duenez: besteak beste, barne medikuntzak osasun laguntzan eta lan fluxuen kudeaketan duen zeregina indartuko dute, eta Tolosaldeko pazienteak Donostialdeko ESIan dauden programetan eta ibilbideetan sartu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.