Donostialdeko metroa zabaltzeko egitasmoa forma hartzen ari da pixkanaka. Amara-Easo inguruko etorkizuneko hirigintza proiektua zehazteko hitzarmen bat sinatu zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Izan ere, Lugaritz eta Easo arteko topoa lurperatzearen ondorioz, Amaran 21.000 metro koadroko eremu bat libratu da, eta, hori nola antolatu eta kudeatu erabakitzeko, bi erakunde horiek batzorde bat eratuko dute Eusko Trenbide Sarearekin batera.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak eman zuten atzo hitzarmenaren berri. Azaldu zutenez, Easo inguruan irabaziko den eremua berdeguneetarako, merkataritzarako, aparkalekuetarako eta etxebizitzetarako erabiliko da, baina ez ziren proiektu zehatzez mintzatu. Halere, agintariak pozik zeuden proiektuarekin, «herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazio bat» lortuko duelakoan, Tapiaren esanetan. «Topoak ez du soilik hiriko garraio publikoaren sistema hobetuko: Donostia bera eraldatuko du. Donostiarren bizi kalitatea ere hobetuko du», gaineratu zuen Goiak.
Topoa lurperatuta, Easok 21.000 metro koadro irabaziko ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu