Toriletara itzuli da eztabaida, atera bezala

Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Animaliak Babesteko Legea zezenketetara hedatzeko EBren legez besteko proposamenaDebekatzearen aurka dago PSE-EE, «gizartean eztabaidarik ez dagoelako»

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hasi bezala bukatu zen zezenketak debekatzeari buruzko eztabaida. Animaliak Babesteko Legea zezenketetara hedatzeko aukera aztertzeko proposamenak ez zuen aurrera egin atzoko Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Aralarren eta EAren babesa baino ez zuen jaso EBren proposamenak. Ordea, atzo eztabaidagai ziren bigantxen ikuskizunen modukoa izan zen eztabaida boladaka, legebiltzarkide batzuen arteko adarkadak barne.

«Ez da munduak ez dituela zezenketak ulertzen, baizik eta zezenketek ez dutela tokirik mundu honetan». Hitz horiekin laburbildu zuen Mikel Arana EBkoak eztabaidatu zen legez besteko proposamena. Hor, 1993. urtean onartutako Animaliak Babesteko Legea aldatzeko eskatzen zen. Zezenketak, besteak beste, Lege horretatik at gelditu ziren, eta eremua hedatze aldera eztabaida hasi zuen Aranak: zezenketetara, zirkoetako animalietara, zooetara, idi probetara...

Animalien babesaren atzean helburu politikoa baino ez dagoela kritikatu zuen PPko legebiltzarkide Carlos Urquijok. «Ez zaitez tratu txarren atzean ezkuta, eta argi esan gure zezenen festaren aurkakoa dela proposamena», eskatu zion Aranari. Zezenketek EAEn duten sustraia gogorarazteko XIX. mendeko Antonio Peña y Goñi musika eta zezenketa kritikoaren esan batera jo zuen. «Zezenketak pilota baino euskaldunagoak dira», adierazi zuen, legebiltzarkide gehienen barre artean.

Horrez gain, EAEko gizartean zezenketei buruzko eztabaidarik ez dagoela nabarmendu, eta eztabaida Legebiltzarrera eraman nahi izatea «artifiziala» zela gaineratu zuen. Ordea, PPk gauza bera egin ohi duela gogorarazi zion Aranak Urquijori, eta Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzeko eskaera aipatu zuen. «Nik dakidala ez zen manifestaziorik egon hori eskatzeko».

Animalien gaineko tratu txarrak nortasunari buruzko eztabaida batera eraman nahi izatea leporatu zion Dani Maeztuk Urquijori. «Lehendakariari babesa eman zeniotenean ez al zenuten eztabaida horiekin bukatu nahi?». 1993. urteko Legearen eztabaidan hainbat alor eztabaidatzeke gelditu zirela gogorarazi zuen Maeztuk, eta hamazazpi urteren buruan eztabaidari heltzeko garaia dela nabarmendu zuen. «Zakur eta oilar borrokak debekatu ziren 1993. urtean. Zer alde dago borroka horien eta zezenketen artean?», galdetu zuen Maeztuk.

Legea aztertuko dute

Animaliak Babesteko Legearen aldaketa Legebiltzarrean aurkezteko eskatu zion EAJk Eusko Jaurlaritzari, zezenketen gaiaren inguruan jarrera argia erakutsi gabe. EAJren eskaerak osoko bilkuraren babesa jaso ez zuen arren, Legea aldatzeko asmoa dagoela aurreratu zuen Pilar Perez Fuentes PSE-EEko legebiltzarkideak.

Perez-Fuentesen jarrera ere lausoa izan zen zezenketen debekuaren gainean. PSE-EEren barnean alde guztiak bilduta daudela aitortu zuen, baina «hau ez da eztabaida egiteko ez unea ezta tokia ere», gaineratu zuen.

Ordu eta erdi inguru iraun zuen eztabaidak. Barreak eta haserrealdiak egon ziren. Ordea, eztabaida sakona beste baterako utzi zuen Eusko Legebiltzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.