Tortura: hurbilketa zientifiko bat (2000-2008) izenburuko txostena Benito Morentin auzitegiko medikuak egin du, beste lau auzitegiko medikuren laguntzaz (Luis Callado, Hans Draminsky, Javier Meana eta Itxaso Idoiaga). Torturari buruzko txostena Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren enkargu bat da, 2008ko ekainean Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko txostena-ren harira. Txosten horren ondorioetako bat zen torturen salaketei buruz atal berezi bat sortu behar zela, instituzioek orain arte ez baitute inolako ikerketarik egin gai honen inguruan. Itzal handiko bost auzitegiko medikuri enkargatutako azterketa hau maila horretako lehena da, eta azken bederatzi urteetako kasu guztiak aztertu ditu, bereziki inkomunikazioan gertaturiko atxiloketak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzak joan den astean jarri zuen Eusko Legebiltzarraren esku.
Azterketa estatistikoen bidez, torturari buruz Espainiako Gobernuko agintariek aipatu ohi duten tesi nagusia, hots, tortura salaketak faltsuak eta ETAk emandako aginduen araberakoak direla, hankaz gora jarri dute. «Ebidentziek [dio txostenak ondorioen atalean] hankaz gora jartzen dute salaketa guztiak edo ia guztiak gezurrezkoak direlako eta jarraibide orokorren ondorio direlako hipotesia, estatistika-adierazleak hipotesi horren aurkakoak baitira».
634 salaketa
Azterketa horren bidez, Benito Morentin auzitegiko medikuak eta bere taldeak 2000tik 2008ra bitarte inkomunikatutako atxilotuen tratu txarren eta torturen kasu posible guztiak ikertu dituzte. Hiru ikerketa lerro izan dituzte: inkomunikatutako atxilotu guztiek tratu txarrak edo torturak salatu dituzten edo ez aztertzea, atxilotuen testigantza edo salaketa judizialean deskribatutako tratu txarren edo torturen metodoei buruzko azterketa espezifikoa eta auzitegiko medikuek egindako txostenetan deskribatu dituzten tratu edo tortura metodoei buruzko azterketa berezia.
Azterketa estatistikoan kontuan hartu dituzte alde demografiko, kriminologiko eta prozedurazko ugari.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2000-2008 aldian, 1.231 pertsona atxilotu zituzten ETAri lotuta. Horien artean, inkomunikatutako 957 atxilotu identifikatu zituzten txostengileek. 957 atxilotu horietatik 634k (%66) tratu txarrak edo torturak salatu zituzten -«oso pertsona kopuru handia», txostengileen ustez-, eta 446k salaketa judiziala jarri zuten.
Kasu horien guztien azterketatik aurkikuntza esanguratsu batzuk nabarmendu dituzte txostenean: 1. Tratu txarren salaketen maiztasun handia Guardia Zibilak atxilotutakoen artean (%85) eta inkomunikatuta espetxeratzen dituztenen artean (%92); 2. Erlazio zuzenki proportzionala tortura salaketen maiztasunaren eta inkomunikazioaren iraupenaren artean -txostenaren arabera, «arriskua nabarmen handitzen da-; 3. %55etik %70era bitarteko maiztasuna, atxilotu ondoren absolbitu zituztenen, auzipetu ez zituztenen edo auzia artxibatu zietenen artean.
Salaketen fidagarritasuna
Hiru kasu horien joera nagusiarekin kontrastean honako bi egoera esanguratsu hauek aurkitu dituzte txostengileek: batetik, 2004tik 2008ra inork ez du Ertzaintzaren aurkako tortura salaketarik aurkeztu, eta, bestetik, salaketa ehuneko txikia ageri da «Polizia Nazionalak eta Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralak indarkeriazko jarduerarik gabeko portaerak izeneko arrazoiengatik atxilotutakoen artean».
Txosten horren bidez, salaketen fidagarritasuna aztertu dute txostengileek. Horretarako, txostenean landutako datuekin alderatu dituzte Espainiako Gobernuak emandako argudioaren arabera -salaketa faltsuen argudioa- espero zitezkeen aurkikuntzak.
Adibidez, tortura salaketak gertatuko balira, ETAren jarraibideei men eginez kargurik gabe askatzen dituzten edo absolbitzen edo prozesatzen ez dituzten inkomunikatutako atxilotuek ez lukete torturarik salatu behar, edo, gehienez, oso noizean behin. Baina ez da horrela gertatzen. Epailearen esku utzi ondoren aske gelditzen direnen %64k torturak salatu ditu, absolbituen %69k, prozesatu ez zutenen %55ek eta kausa artxibatu zietenen %70k. Halaber, Espainiako Gobernuaren argudioari jarraikiz, tortura salaketa kopuruari ez lioke eragin beharko inkomunikazio denborak. Alderantziz gertatzen da: kondenatutako pertsonak kontuan hartuz, %52koa da inkomunikazioa 1-3 egunekoa denean eta %88koa egun gehiagokoa denean.
Azken batean, txostengileek nabarmentzen dutenez, azterketa hau «bat dator CPTk, Nazio Batuen Torturaren aurkako kontalariak eta AIk egindako oharrekin, hots tortura salaketak ezin direla asmatutako istoriotzat hartu».
Ikerketa egin duen bost laguneko taldea
ZUZENDARIABenito Morentin. Medikuntzan eta kirurgian doktorea eta kriminologian goi diplomaduna. Lege eta auzi medikuntzan espezialista. Lege Medikuntzako Euskal Institutuko auzitegiko medikua. EHUko Lege Medikuntzako eskola praktikoetako irakaslea. 30 artikulu baino gehiago idatzi ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan.
KOLABORATZAILEAK
Luis F. Callado. Medikuntzan eta kirurgian doktorea. EHUko farmakologia irakasle laguntzailea. Ikerketa lanak neuropsikofarmakologian egin izan ditu, batik bat.
Hans Draminsky Petersen. Barne medikuntzan eta gastroenterologian espezializatutako mediku daniarra. 30 urte daramatza torturaren kontrako lan profesionalean.
J. Javier Meana. Medikuntzan doktorea. Farmakologian katedraduna EHUn. Neuropsikofarmakologiako ikerketa taldearen arduraduna. Stockholmen (Suedia) eta Genevako Unibertsitatean (Suitza) lana egina.
Itxaso Idoiaga. Medikuntzan lizentziaduna EHUn. Familiako eta komunitateko medikuntzan aditua da. Danimarkako IRCTn torturaren biktimen ikerketan eta biktima haien osatzean aditua.
Txostengileen gomendio nagusiak
Instituzioen konpromisoa. «Politikariek eta instituzioek konpromiso sendoa hartu behar dute». Eusko Jaurlaritza eredu gisa aipatu dute.Bulego bat eratu. «Eusko Jaurlaritzak bulego bat eratu behar du, indarkeria politikoaren ondorioz izandako biktimei laguntzeko».
Inkomunikazioa indargabetzea. «Funtsezkoa litzateke salaketak murrizteko».
Neurri zehatzak. «Atxiloaldi osoan grabatzeko sistemak abian jartzea, auzitegiko medikuaren diagnostikoan konfiantzazko mediku batek parte hartzea, epaileek modu eraginkor batean ikuskatzea...»
507
Auzitegiko medikuen txostenak. Auzitegiko medikuen 507 txosten aztertu dituzte. Txosten horietan atxilotuen %61ek tratu txarrak edo torturak salatu ditu. Kolpeak, bortxatutako jarrerak, eta poltsarena ohikoenak dira.% 85
Guardia Zibila, gogorrena. Guardia Zibilak inkomunikatutakoen % 85ek torturak salatu ditu (% 58k Espainiako Poliziarekin, eta %62k Ertzaintzarekin). «Badirudi erabili zituela tortura metodo larrienak».Benito Morentin.Txostena egin duen taldeko burua
«Prebentziorik onena arriskua bera kentzea da»
Oihana Elduaien.Txostena osatzeko ikerketa egin duen bost laguneko taldearen burua da Benito Morentin. Iturri desberdinak ikertu dituzten arren, emaitza berberak eman dizkietela azpimarratu du. Argi utzi nahi du auzitegiko mediku gisa ari dela hitz egiten, eta ez dela beste inoren izenean ari. Berak ez du dudarik, inkomunikazioa kentzea da torturaren kontrako neurririk eraginkorrena.
Zein helbururekin osatu duzue txostena?
Eusko Jaurlaritzakiazko ekainean arrazoi politikoekin lotutako giza eskubideen urraketen biktimei buruz argitaratutako txosten baten osagarria da. Txosten hartan torturei buruzko puntu bat zegoen, eta hura osatzeko ikerketa egiteko eskatu zigun Giza Eskubideetarako Zuzendaritzak.
Nola osatu duzue lantaldea?
Aurretik ere hainbat ikerketa egin ditugu lantalde honekin. Problematika horri buruz beste lau edo bost artikulu ere egin ditugu publiko nazioarteko aldizkarietan. Lantaldea osatuta zegoen.
Zein metodologia jarraitu duzue?
Ikuspuntu zientifiko batetik egin dugu ikerketa. Denok gara ikertzaileak eta badaukagu esperientzia. Estatistikak eta zientziak ematen dizkigun tresnak aplikatzen saiatu gara, ondorioetara iristeko. Ez dugu kasuei buruzko azterketa zehatza egin; azterketa estatistiko bat egin dugu.
Zein dira atera dituzuen ondorio orokorrak?
Ondoriorik orokorrena da guk egin dugun lana bat datorrela nazioarteko beste hainbat erakundek egindako txostenekin. Gure lana haiei batzera dator. Haiek guztiek esaten dute tortura arazo serio bat dela, batik bat inkomunikatutako atxilotuen kasuetan, eta prebentziorako neurriak ez direla eraginkorrak. Azpimarragarria iruditzen zait, ikerketaren ondorioak eta nazioartean -Nazio Batuen Erakundean, Europako Kontseiluko Torturaren prebentziorako komitean...- egin izan direnak koherenteak direla.
Salaketa guztiak ez direla faltsuak ondorioztatu duzue, zergatik?
Elementuak daude salaketa guztiek eskuliburu generiko bati ez diotela erantzuten esateko. Batetik, salaketa asko daude, baina bi kasu daude hortik aparte geratzen direnak: 2003tik 2008ra Ertzaintzak atxilotutakoak, batetik, eta Auzitegi Nazionaleko 5. instrukzio auzitegiak atxilotutakoak, bestetik. Eskuliburua balego, salbuespen horiek ez lukete egon behar. Bestalde, ikerketan garbi ikusten da inkomunikazioa zenbat eta luzeago izan orduan eta aukera gehiago daudela torturarako. Bestetik, eskuliburuari jarraituz, inkomunikatuta egon eta libre geratu den jendeak ez luke tortura salaketarik jarri behar, etaespetxeratuak izan diren guztiek torturak salatu behar lituzkete, horretarako agindua dutela pentsatzekoa baita. Baina ez da beti horrela gertatzen.
Tortura moldeez ere hitz egiten duzue txostenean.
Bai. Espainiako Gobernuak ETAri leporatzen dion dokumentu batean dio, torturak salatzeko orduan metodo zehatzei erreferentzia egin behar zaiela; baina metodo horiek ez dira beti aipatzen. Potroa esate baterako ez da behin ere agertu. Polizien artean ere patroi diferenteak daudela ikusi dugu, eta eskuliburuaren arabera patroiak bakarra izan behar luke...
Salaketak gutxitzeko modurik egokiena inkomunikazioa kentzea dela diozue. Inkomunikazioak tortura ahalbidetzen du?
Inkomunikazioak erraztu egiten du tortura. NBE oso argia izan da inkomunikazioa kendu egin behar dela esaten. Atxiloaldi horrek tortura egoteko arriskua dakar, eta, horregatik, inkomunikazioa kentzea da aholkuetako bat.
Txostenean diozue Jaurlaritzak ahalegina egin duela azken urteetan, eta emaitzak ere izan direla. Baina aurten Manex Castro inkomunikatu dute, eta hark torturak salatu ditu. Zer balorazio egiten duzu?
Inkomunikazioak oinarrizko eskubideak urratu egiten ditu, eta atxilotuaren eskubideak ez daude bermatuta. Arriskudun atxiloketak dira. Medikuntzan zein beste edozein lanbidetan, prebentziorik onena arriskua kentzea da. Bermeak izateko oinarria inkomunikazioa kentzea da.
Inkomunikazioa kendu ezean beste neurri batzuk proposatzen dituzue. Zeintzuk?
Nazioarteko taldeek egindako proposamenetan dugu oinarria. Kamerak jartzea, konfiantzako medikuen bisita izateko eskubidea eta familiakoek atxilotua non dagoen jakitea dira neurriak. Hala ere, eraginkorrena inkomunikazioa amaitzea litzateke.
Auzitegi Nazionaleko hiru epailek ezartzen dituzte neurri horiek, baina kasu batzuetan bakarrik egiten dute; ez dute epaile guztiek egiten... Ez al litzateke arautu beharko?
Araututa egongo balitz eraginkorragoa izango zen. Dena dela, eraginkortasun mugatua daukate. Arazoari petatxuak jartzea da neurri horiek hartzea.