Tortura

Tortura salaketa berretsi du Madrilgo Instrukzio Epaitegian Nekane Txapartegik

'18/98 auzian' Xaki atalean auzipetutako Nekane Txapartegik Madrilgo Lurralde Auziegian deklaratu du, atxilotu zutenean jasan zituen torturen salaketa berresteko. Txapartegik 'berria.info'-ri adierazi dionez, "nahiko gustura" atera da deklarazio ematetik, Instrukzio Epaitegiko epailearen jarrera "nahiko ona" iruditu baitzaio. Bere kasuaz gaindi, "orokorrean torturaren praktika" salatu nahi duela adierazi du. 18/98+ plataformako hainbat kide Txapartegiri elkartasuna adieraztera joan dira Madrilera, eta Espainian tortura "sistematikoa eta estrukturala" dela, eta '18/98 auziko' akusazio asko praktika horren bidez eginarazitako deklarazioetan oinarritzen direla salatu dute.

2006ko urtarrilaren 12a
14:21
Entzun
Epailaren jarrera "nahiko ona" iruditu zaio Txapartegiri. Duela 5 urte atxilotu eta inkomunikazio aldia amaitu eta gero idatziz egin zuen salaketa berresten zuen galdetu dio, eta horrez gain, beste zehaztasunik egin nahi zuen. Hala egin du Txapartegik: izan ere, euskaraz egin zuen idatzizko salaketa eta gaztelerarako itzulpenean hainbat gauza ez zeudela behar bezala jasota iruditu zaio. Horien guztien berri eman dio epaileari; "azken batean, bost egunetan bizi izan nuen kalbarioa agertu dut", adierazi du.

Nolanahi ere, gaurko agerraldiaren bidez ez duela bere kasuaren salaketa soila egin nahi azaldu dio 'berria.info'-ri Txapartegik, baizik eta "orokorrean torturaren praktika" salatu nahi izan duela.

Txapartegik 18/98+ plataformako hainbat kideren babesa jaso du gaur Madrilen. Espainian torturaren praktika euskal herritarren aurka "sistematikoa eta estrukturala" dela salatu dute. Hala esan du Martxelo Otamendi plataformako kide eta BERRIAko zuzendariak: "Elkartasuna adieraztera etorri gara, torturen aplikazioa salatzera. Badakigu tortura sistematikoa eta estrukturala dela euskal herritarrak Espainiako polizien esku daudenean. Badakigu 18/98 sumarioan hainbat kasu atxilotuen deklarazioetan oinarritzen direla, eta deklarazio horien azpian tortura dagoela", esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.