Astelehenean ekin zioten 26/11 sumarioko berrogei gazteren aurkako epaiketari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi "erakunde terrorista" izendatu zutela eta. Lehen egunean, Ainara Bakedanok, Jon Andak, Jon Zirizak, Gaizka Likonak, Olatz Izagirrek, Ion Telleriak, Aitziber Arrietak, Garazi Rodriguezek, Maialen Elduak eta Eihar Egañak deklaratu zuten.
Atzo, berriz, Asier Coloma, Aitor Liguerzana, Bittor Gonzalez, Euken Villasant, Mikel Eskiroz, Mikel Aiestaran, Xumai Matxain, Aritz Lopez, Eñaut Aiartzaguena, Mikel Totorika, Nahaia Aguado, Xabier de la Maza, Haritz Petralanda eta Ibai Esteibarlanda aritu ziren deklaratzen. Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez dira epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez diotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari. Hori horrela, falta diren hamabiei hartu diete deklarazioa.
10:30ean hasi dira auzipetuak deklaratzen gaur, eta epaiketaren zuzeneko kontakizuna egin dute Madrildik Oihana Elduaien eta Hodei Iruretagoiena BERRIAko kazetariak.
Carlos Renedo izan da aurrenekoa. Ikasleen ordezkaria zen unibertsitatean, eta auzoko konpartsan ere hartzen zuen parte. "Hemen gazteria konprometitu bat dago. Euskal Herriaren etorkizuna gara", defendatu du: "Hemen gauden guztiok batzen gaituen zerbait dago: gauzak aldatzeko borondatea". Zuriñe Gojenolak akusazioak ukatu ditu, baina "urte askoan" militantea aktiboa izan dela eta izaten jarraitzen duela ziurtatu du: "Feminismoan, ekologismoan, preso politikoen alde, Madrilen pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioetan aurkituko nauzue".
Jon Liguerzanak salatu du militantzia politikoagatik ari direla gazteak epaitzen: "Kartelak pegatzea, mobilziatzea eta jarduera publikoan aritzea besterik ez da gure kontrako akusazioa". Epailearen aurrean egindako deklarazioa berretsi du. Nestor SIlvak akusazioak ukatu ditu: "Jarduera politikoagatik epaitu gaituzte". Halaber, tratu txarrak jasan izanaren berri eman du: "Buruz ikasi arazi zizkidaten deklarazioak, golpe eta mehatxuekin".
Jagoba Apaolazak azaldu du poliziek presio egin ziotela lehen hiru egunetan, hitz egin zezan: kale erasoak "norbaitek jan" beharko zituela esan zioten. Torturak deskribatu ditu: inkomunikazioa luzatu ziotenean biluztu egin zutela, lau hankan lurrean bueltaka ibilarazi... Zumai Olaldek bere militantzia politikoa defendatu du: "Oso gaztetatik militantzia politikoa egin dut. Ikasle Abertzaleak-en".
"Gazte mugimenduaren jarduera eten nahi zuten, baina inoiz baino indartsuago dago", esan du Amaia Elkanok. Halaber, ukatu egin du Iruñeko Euskal Jaiko gazte asanblada Segi-k instrumentalizatu izana. Torturetatik zerrenda beltzak ateratzen zituztela salatu du: "Atxiloketa kate hori hautsi nahi genuen". Garbiñe Urrak Poliziaren galdeketetan jasandako tratua deskribatu du: "Madrilera nahiko lasai eraman ninduten. Han oso urduri jarri nintzen, besteek oihuak entzuten nituen"; "Bigarren egunean hasi zitzaizkiden poltsa jartzen. Nire eta besteen kontrako deklarazioak nahi zituzten".
Itsaso Torregrosaren esanetan, ebakuntza batetik atera berritan "egoera delikatuan" zegoen atxilotu zutenean. Hala ere, inkomunikatu egin zuten. Torturen berri eman du hark ere: "Uste dut beraiek ere konturatu zirela ez nintzela gai ezer ikasteko. Zorabiatu egiten nintzen". Burlatako Gure Ataria plataforman zebilela dio Torregrosak, etxebizitza eskubidearen alde: "Plataforma asanblearioa zen".
Oier Zuñigak poliziengandik jasandako tratua kontatu du: "Ariketa fisiko etengabea. Flexioak, abdominalak... segituan nekatzen nintzen. Orduan, indarrez, berriz". "Gero kolpeka hasi ziren. Telefono gida antzeko batekin buruan, Hankartean ostikoak, mehatxuak...". Azaldu du "oso gaztetatik" ibilia dela gazte asanbladan, dantza taldean, festa batzordean... Gazte Topaketetako txosten baten inguruan galdetuta, azaldu du topaketa horiek irekiak zirela eta inori ez zitzaiola bertara joatea debekatzen; hala, Segi-ko kideak ere egotea izan zitekeela.
Fermin Martinezek hartu du hitza gero: "Eusko Abertzale Ekintzan militatzen nuen. Hau gure jarduera politikoaren kontrako epaiketa da". Antsoainen ziharduen, eta bertan legezkoa zen EAE-ANV. Segi-ren kamisetak bazituela aitortu du, festetan-eta erosita: "Gustatu egiten zitzaizkidan". Artzai Santesteban izan da azkena: esan du, Bakedano atxilotuta, Italiara joan zela, bere egoera publiko egitera. Manifestazioetan-eta lortu daitekeen materiala bazuela esan du.
Hurrengo astean jarraipena
Gaurkoa izan da aste honetan gazteen kontrako epaiketan egiten den azkenengo ahozko saioa. Epaitu guztien deklarazioak amaituta, azarora arte berriz Madrilera joan beharrik ez zutela izango uste zuten, baina azkenean datorren astean ere joan egin beharko dute Auzitegi Nazionalera. Egutegian aldaketak egin zizkieten atzo. Azaroaren 5, 6 eta 7rako aurreikusiak zituzten saioak bertan behera utzi dituzte, eta egun horietako saioen ordez, datorren ostegunean, hilak 24, goiz eta arratsaldeko saioak izango dituzte, eta gauza bera egingo dute hilaren 30ean ere.