Torturak Euskal Herrian utzitako zenbait datu

2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
TORTURATUAK

•733. Torturaren Aurkako Taldeak bildutako datuen arabera, 733 euskal herritar torturatu dituzte azken urteetan, 2000 eta 2012 urte bitartean.

•10.000. Euskal Memoria fundazioak egindako azterketak dioenez, 10.000 lagun inguru torturatu dituzte Euskal Herrian azken 50 urteetan, eta laurden bat besterik ez daude identifikatuta. Gainontzekoek isilpean gordetzen dute oraindik.

•11 hildako. Jasandako torturen eraginez 11 lagun hil dira: Mercedes Antxeta, Manuel Tomas, Antonio Goñi, Juanjo Munduate, Alfredo Valcarcel, Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro.

TORTURATZAILEAK

•126 inputatu. 80. hamarkadaz geroztik, 126 polizia eta militar inputatu dituzte euskal herritarrak torturatu izana egotzita: 74 guardia zibil, Espainiako 39 polizia eta 13 ertzain.

•70 zigortu. 126 horietatik 70 zigortu dituzte: 39 guardia zibil, Espainiako 21 polizia eta 10 ertzain.

•41 indultu. Zigortutako bost torturatzaileetatik hiru indultatu egin dituzte Espainiako gobernuek; bai PPren gobernuek, bai PSOErenek. Indulturik jaso ez dutenek —gainontzekoek bezala— zigor txikiak jaso dituzte, eta, datu ofizialik ez dagoen arren, hainbat kasutan jakin izan da ez dituztela zigorrak bete. Indultatuetako 28 guardia zibilak izan dira, eta 13, Espainiako poliziak. Kondekoratu ere egin dituzte tortura latzak egiteagatik zigortutako batzuk.

SALATZAILEAK, SALATUTA

Azken urteetan hainbat izan dira torturak salatzeagatik epaitegira akusatu gisa eraman dituztenak. Hemen adibide adierazgarri batzuk:

•Larrinaga, Larrarte, Meñika. Presoen aldeko mugimenduko Julen Larrinaga eta Aiert Larrarte abokatua 2009an epaitu zituzten Ibon Meñikak atxilotu zutenean torturak jasan zituela salatu izanagatik. Bilboko epaitegiak absolbitu egin zituen biak, baina Meñika auzipetu egin zuten testigantza faltsua eman izana egotzita. Gerora, artxibatu egin zuten salaketa hori ere.

•Ibai Esteibarlanda. 2009an atxilotu zutenean torturatu zutela salatu zuen. Bilboko epaitegiak artxibatu egin zuen salaketa, eta artxiboaren berri emateko auto berean bere aurkako ikerketa abiatzeko eskatu zuen, salaketa faltsua egitea egotzita. Prozedura irekita dago.

•Alfontso Zenon. 2010ean Ertzaintzak Ondarroan atxilotutako 8 lagunek torturak jasan zituztela salatu zuen Zenon abokatuak publikoki. Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresek kereila jarri zion, eta abokatua epaiketa zain dago.

ESTRASBURGOK ZIGORRA ESPAINIARI

•Hiru aldiz. Hiru kasutan zigortu du Espainia Estrasburgoko Auzitegiak, tortura salaketak ez ikertzeagatik: Mikel San Argimiro, Aritz Beristain eta Martxelo Otamendiren kasuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.