Espainiako Auzitegi Nazionalak bosna urteko kartzela zigorra ezarri die Iñigo Zapiraini, Beatriz Etxebarriari eta Daniel Pastorri, 2007ko abenduan Sestaoko Bake Epaitegian bonba bat leherrarazi zutela leporatuta. Ekintza hori haiei leporatu ahal izateko, Zapirainek eta Etxebarriak inkomunikazio aldian eginiko aitorpenak hartu dituzte aintzat. Biek, ordea, torturak salatu zituzten, eta defentsak absoluzioa eskatu zuen salaketak torturapean ateratako aitorpenetan oinarritzen zirelako.
Epaimahaiak ez, baina epaileetako batek, Ramon Saez Valcarcel-ek, boto partikularra eman du epaiaren aurka, tortura salaketak ez zirelako ikertu eta inkomunikaziotik kanpo ez zutelako aitorpena berretsi; izan ere, aitorpena gezurtatu zuten. Atxilotuek torturak eta tratu txarrak salatu zituztenean neurriak hartu ez izana eta ikerketa abiatu ez izana gaitzetsi du boto partikularrean, eta bere ustez, salaketak eta egindako aitorpenaren ondorengo gezurtatzeak inkomunikazio aldian akusatuei eginiko galdeketak baliogabetu beharko lituzkete, eta gogorarazi du inkomunikazio aldiko aitorpenek ez dutela balio konstituzionalik bere horretan, berresten ez badira. Dena den, ohartarazi du aitorpena lortzea ezin dela helburutzat jarri, isilik egoteko eta ez autoinkulpatzeko eskubideak urratuko liratekeelako.
Torturak ikertu ez ziren auzi bateko epaiaren aurka egin du epaile batek
Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Daniel Pastor bosna urtera zigortu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu