Tortura

Torturak ikertzeko ikerketa profesional, independente eta zientifikoa eskatu du Nafarroako Torturatuen Sareak

Tortura ikertzeko neurri zehatzak hartzeko eskatu die sareak Maria Txibiteri eta Unai Hualderi.

Nafarroako Torturatuen Sareko kideak gaurko agerraldian. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko otsailaren 13a
15:04
Entzun

Nafarroako Torturatuen Sareak ikerketa profesional, independente eta zientifikoa egin dezan urratsak egiteko eskatu dio Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari. Torturaren aurkako eguna kari, Nafarroako Parlamentuko atean bildu dira sareko kideak, eta, ondotik, parlamentura joan, eta gutuna eman diete Maria Txibite Nafarroako lehendakariari eta Unai Hualde parlamentuko lehendakariari. Gutun horretan, bilera bat eskatzeaz gain, tortura ikertzeko neurri zehatzak hartzeko eskatu diete. Exijitu dute hamargarren legealdia izan dadila torturak ikertu gabeko azken legealdia. Unai Hualdek sare sozialen bidez zabaldu du bilera egiteko prestasuna.

Nafarroako Torturatuen Sarearen hitzetan, ezinbestekoa da Nafarroan tortura “errealitate gordina” izan dela onartzea: “Estatuko segurtasun indarrek torturatu duen sistema bat izan dute indarrean. Epailetzak onartuta eta instituzioek beste alde batera begiratzen zutelarik.”. Salatu dute, gainera, Nafarroan mila torturatu izan direla eta erakunde nagusiek ez dutela pausorik eman gertatutakoa ikertzeko. Gaineratu dute bertze alde batera begiratzeak oinazea «handitu» bertzerik ez duela egin.

Egia, aitorpena eta erreparazioa behar direla ihardetsi dute. Erran dutenez, argi dute ikerketa egiteko orduan Nafarroako Auzitegiak zein Konstituzio Auzitegiak trabak jarriko dituztela. Horregatik nabarmendu dute konpromiso eta erabaki politikoen garaia dela. “Legealdi honetatik ezin da pasatu. Nafarroako erakundeek zor bat dute milatik gora torturatuekin, senideekin eta lagunekin”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.