Torturak saihesteko neurri zehatzak har daitezela eskatu du Arartekoak

Inkomunikazioa ez dutenez kentzen, tratu txarren arriskua gutxituko luketen neurriak proposatu ditu

Iñigo Lamarca arartekoa, bere bulegoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Inkomunikazio aldian atxilotuen eskubideak bermatzeari begira, ikerketa bat egin du Arartekoak. Atxilotuak ez direla torturatzen bermatzeko egun erabiltzen den sistema aztertu du, eta hori ez dagoela inolaz bermatuta ondorioztatu du. Hainbat neurri hartzeko premia dagoela ohartarazi, eta proposamen zehatzak egin ditu 56 orriko txosten batean.

Duela sei urte tortura eta tratu txarrei buruzko txostena egin zuen Arartekoak, eta inkomunikazio aldiak torturarako bidea ematen duela ondorioztatu zuen. Inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu zuen, beraz, 2004ko abenduan kaleratutako txosten hartan. Ordutik tortura eta tratu txarren salaketak jasotzen jarraitu duela eta, gaiari jarraipena egin dio, eta kezkaz hartu du emaitza: Espainiak nazioartetik etengabe jaso dituen gomendioei entzungor egin die, ez du inkomunikazioa kendu, eta horrek tortura salaketak ekarri ditu.

Inkomunikazioa kendu gabe ere torturak amaitzeko gomendio sorta bat egin du Arartekoak, eta Espainiari horiek ezar ditzala eskatu dio. Hala egiteak estatuari berari ere mesede egingo liokeela adierazi du: «Zenbat eta gardenagoa izan segurtasun indarren jarduna, orduan eta babestuago egongo dira salaketa faltsuen aurrean». Gainera, inkomunikazioa ETAren aurka egiteko neurri gisa azaltzen den arren torturaren itzalak ez duela ETAri zilegitasuna kentzen laguntzen dio Iñigo Lamarcak zuzentzen duen erakundeak.

Arartekoak azaldu duenez, Espainiako legeriak jasotzen duenaren arabera «salbuespenekoa» da inkomunikazioa; oso kasu zehatz eta bakanetan ezar daiteke, eta neurria hartzeko beharraren zergatia ondo arrazoituta, gainera. Errealitateak, ordea, oso bestelako datuak ematen ditu. Haren azterketaren arabera, ETArekin lotura dutelakoan atxilotzen dituzten pertsona ia-ia guztiak inkomunikatu egiten dituzte: 2000tik 2007ra ETArekin lotuta atxilotutako %96,3ri ezarri zieten inkomunikazioa.

Neurria polizien nahiaren arabera hartzen dela ohartarazi du, gainera, Arartekoak. Legez epaileek baimendu behar duten arren, poliziek proposamena egin eta epaileek automatikoki onartzen dutela.

Epaileen utzikeria

Beste gauza bat ere aurpegiratu die epaileei: inkomunikatuta dauzkaten atxilotuen eskubideak bermatzea epaileei beraiei dagokiela, baina ez dutela egiten.

Bestalde, Arartekoak oinarri-oinarrizkotzat du tortura salaketa guztiak sakon ikertzeko erraztasun osoak ematea. Baina aurkakoa gertatzen dela salatu du. Salaketak ez direla ikertzen, etaikerketa falta hori salaketa jarri dutenen sinesgarritasuna kolokan jarrita argudiatzen saiatzen dela, gainera.

Espainiako Gobernuaren esanetan, arrisku larria dakartela ziurtatuta dagoen pertsonak besterik ez dira inkomunikatzen eta tortura salatzen dutenak ETAren aginduz egiten dute salaketa. Hortaz, torturak salatzen dituzten atxilotu guztiak ETAkoak dira Espainiako Gobernuaren arabera. Zenbakiak emanda ukatu du hori Arartekoak, inkomunikatu dituzten eta torturak salatu dituzten pertsonen ehuneko handi handi bat absolbitu edo aske utzi baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.