Duela zortzi urte Guardia Zibilak atxilotu eta torturak salatu zituzten arabarren aurkako epaiketa gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean eta gaur bertan bukatu da, parteak ados jarri direlako. Bi urteko kartzela zigorra onartu dute. Ez dituzte kartzelan sartuko, zigorrak bi urtetik beherakoak direlako.
Jose Ramon Azedo Espina, Zigor Bravo Saez de Urabain, Susana Atxaerando Alesanko, Joseba Gorosarri Ramos, Unai Romano Igartua, Enrique Celestino Uriarte Alonso, Juan Antonio Cortes de Luis, Daniel Gutierrez Perez, Aitor Duran Ruiz de Egino, Sendoa Dominguez Moreno eta Jokin Zerain Alvarado dira horiek.
Juan Carlos Subijana -Frantzian preso-, Raul Vallinas Aduna eta Ivan Saez de Jauregi Ortigosa -ihes eginda- eta Jon Etxeberria Oiarbide ere auzipetuta daude.
ETAri laguntza ematea leporatuta seina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak 15/02 sumarioaren barruan inputatutako arabarrentzat. Auzia torturapean ateratako deklarazio eta autoinkulpazioetan oinarrituta dagoela salatu dute inputatuek Madrilen.
Arabarron aurkako aurreko hiru ahozko epaiketa bertan behera utzi zituen epaileak; 2006ko abenduan azkeneko aldiz.
Ia urtebete luzatu zen polizia operazioa. Denbora tarte horretan Euskal Herrian eta Espainian etengabeko atxiloketak egon ziren: hainbat gazte inkomunikatuta zeuden bitartean, atxilotuen kopurua handituz zihoan egunez egun. Zenbait lagun euren kabuz aurkeztu ziren Auzitegi Nazionalean, eta batzuk, aske geratu ostean, atxilotuak izan ziren hilabete batzuen buruan.
Polizia operazio haren barruan atxilotutako gazteetako bat da Unai Romano. 2001eko irailean atzeman zuten Gasteizen, eta Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zenean torturak pairatu zituela salatu zuen. Espetxeratu zuten egunean ateratako argazkiak horren lekuko izan ziren: aurpegia eta begiak ubelduta, burua hazita eta lepokoa zuela ageri zen.
Besteak beste, Romanoren kasuaren bitartez, auziaren berri izan zuen Theo Van Boven Nazio Batuen Erakundeko torturari buruzko kontalariak, eta Espainian tortura praktikatzen dutela salatu zuen bere urteko txostenean.
Tortura
Torturak salatu zituzten arabarrentzat bi urte arteko kartzela zigorrak jarri dituzte
Gaur egin dute epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta parteak ados jarrita bukatu dute. Duela zortzi urte atzeman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu