Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) gaur salatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek diseinatutako protokoloak ez duela bermatu Bizkaia sarea-rekin ustez lotutako atxilotuek tratu txarrak eta torturak ez jasatea.
Joan den astean Bizkaian, Galizian eta Andaluzian (Espainia) Guardia Zibilak atxilotutakoek torturak pairatu izana salatu dute, nahiz eta Garzonek -berak agindu zuen polizia operazioa- torturaren kontrako protokoloa ezartzeko agindu zuen.
TATeko abokatu Aiert Larrartek eta Ane Ituiño kideak, polizia operazioan atxilotuak izan ondoren aske utzitako Adur Aristegi eta Libe Agirrerekin batera eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, azken biek salaketa bana jarri dute, poliziaren eskuetan tratu txarrak jasateagatik. TATeko kideek zehaztu dutenez, jakin badakite gainerako atxilotuek antzeko salaketa jartzeko asmoa dutela.
Larrartek gaineratu duenez, atxilotu guztiek salatu dituzte tratu txarrak, Garzoen aurrean deklaratu dutenean, eta honek salaketa horiek instrukzio epaile baten esku jarri beharko lituzke; "baina ez dut uste hori egingo duenik".
Ez Agirrek ez Aristegik ez dute prentsaurrekoan hitza hartu. Horien ordez Ituiñok gogorarazi du torturaren kontrako protokoloa zertan datzan: konfiantzazko mediku batek inkomunikazio egoeran dauden atxilotuak azter ditzake, eta hauek bideo kameraz grabatzen dituzte poliziek; gainera, senideei dauden egoeraren berri ematen zaie.
Alabaina, Ituiñok nabarmendu du atxilotu zituztenetik konfiantzazko mediku batek aztertu zituen arte 40 ordu baino gehiago igaro zirela; halaber, protokoloan zehaztutako eguneko hiru bisitak ez zizkietela ahalbidetu salatu du. Horrez gain, atxilotuak epaitegiko medikuaren aurrean ikusi beste aukerarik ez zitzaien eman konfiantzazko medikuei, eta hauei eta atxilotuei ez zieten euskaraz hitz egiten utzi. Bisita horietan gertatutako guztia, berez, pribatua izan arren, hori ez dutela bermatu salatu du ere TATeko ordezkariak.
Larrartek azaldu duenez, familiei atxiloketen berri eman bazitzaien ere, ez dago atxilotuak grabatu zituzteneko zantzurik, ez senideei ez baitzaie balizko bideo zinta horiek ikusten utzi.
TATeko abokatuak berretsi du torturak bukatzeko "ezinbestekoa" dela inkomunikazio aldia bukatzea. "Guardia Zibila gehi inkomunikazioa gehi Auzitegi Nazionala berdin tortura ekuazioa beti errepikatu egiten da", salatu du.
Zentzu horretan, hainbat komunikabide kritikatu ditu, "torturapean lortutako informazioei baliogarritasuna emateagatik".
Torturak
Torturaren kontrako protokoloak ez dituela tratu txarrak eragozten salatu du TATek
Torturaren Aurkako Taldearen iritziz, Baltasar Garzonek diseinatutako protokoloak ez du bermatu 'Bizkaia sarea'-rekin ustez lotutako atxilotuek tratu txarrak eta torturak ez jasatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu