Tortura. Garzonen kontrako kereila
Torturaren Prebentziorako Erakundearen «hipokresia»
Torturak ahalbidetu izanagatik Baltasar Garzon epaileari kereila jarri diotenean Europa mailan epaile berari eman dioten izendapenak sutu egin ditu torturaren aurkako taldeko kideak. Europako Kontseiluan Torturaren Prebentziorako Erakundeko kide izendatu dute Garzon; hura izango da Espainiaren ordezkari, torturak saihesteko lanean. Horrek erakusten duen «zinismoa» salatu du Ane Ituiño abokatuak; «hipokresia hutsa da». Espainiak Garzon hautagaien artean aurkeztu izana «lotsagarria» iruditzen zaio. «Agerian uzten du Espainiak torturaren inguruan duen jarrera. Tortura babestea, ezkutatzea erabakia du; torturatzaileak inpunitate osoz bere kasa ibiltzen uztea», salatu du. «Argi dugu Garzon aditua dela torturaren gaian. Bederatzi atxilotu hauek ere haren aurrean salatu zuten poltsaren tortura egin zietela, bortxaketa mehatxuak egin zizkietela, makila batekin izterretan igurtzi zituztela... Dena entzun zuen, baina ez zuen ezer egin; beste aldera begiratu zuen», ohartarazi du TATekoak. Hortaz, izendapena Espainiak «tortura ezkutatzeko» hartu duen neurria dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu