ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Tourreko kazetariei prentsa txosten bat banatu die Gure Esku-k, Euskal Herria zer den azaltzeko

«Euskal Herria nazioartean proiektatzeko» baliatu nahi du elkarteak txirrindularitza probaren itzal handia.

Gure Eskuko bozeramaile bat, gaur, Tourrarekin otutako ekinaldiaren berri ematen, Bilboko BECen sarreran. GURE ESKU
Xabier Martin.
2023ko ekainaren 28a
13:36
Entzun

Aurtengo Frantziako Tourreko lehen hiru etapak, uztailaren 1ean, 2an eta 3an, Euskal Herrian izango dira, hasieratik amaierara, eta Gure Eskuk Tourrak duen nazioarteko oihartzuna baliatu nahi du «Euskal Herria nazioartean proiektatzeko». Gure Eskuk zehazki azaldu duenez, «Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela eta herri honek bere etorkizun politikoa erabaki nahi duela lau haizeetara zabaltzeko».

Hala, Gure Eskuko komunikazio taldeak Euskal Herrian Tourraz gozatzeko argibideak eta gomendioak izeneko prentsa dosierra sortu du egun hauetan Euskal Herrian egongo diren nazioarteko kazetariei banatzeko. «Atzo, nazioarteko taldeei eta prentsari posta elektronikoz helarazi genien, eta bai gaur eta bai ostiralean eskura emango diegu Bilbao Exhibition Center gunean dagoen prentsa aretoaren atarian», azaldu du Gure Esku-k. Dosier hori zazpi hizkuntzatan sortu du subiranismoaren aldeko elkarteak: katalanez, danieraz, inglesez, frantsesez, galizieraz, italieraz eta eslovenieraz.

Txosten horren lerroetako batzuk dira hauek: «Euskal Herria euskararen herria edo herrialdea da. Euskara Europako hizkuntza zaharrena da. Gaur egun, Espainiaren eta Frantziaren artean zatiturik dago, eta zazpi herrialde historikok osatzen dute: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Iruñea da hiriburua, eta bere ikur nagusia ikurrina; bandera zuri, gorri eta berde bat, zeina errepide bazterretan sarritan ikusiko zenuen».

Era berean, hizkuntza bakoitzeko alean kazetariek euskaraz ere topatuko dute informazioa, «geure hizkuntza ezagutu dezaten». Dosierraren helburua da kazetariei aurreratzea, «modu oso bisualean», zer aurkituko duten errepidean hurrengo egunetan, «zergatik egongo diren hainbeste zale bide bazterrean ikurrina eskuan». Lehenik, Euskal Herriaren inguruko zertzelada orokorrak irakurri ahal izango dituzte (geografía, ekonomia, historia...), eta, ondoren, hainbat puntu landu ditu Gure Esku-k; hala nola Euskal Herriaren txirrindularitza zaletasuna, txirrindulari famatuenak, Tourrean parte hartuko duten Euskal Herriko txirrindulariak, kirolzaletasuna orokorrean, euskal kultura, bisitatzeko lekuak, euskarazko hiztegi laburra eta euskararen historia.

Gure Eskuren berri emateko ere bai

Amaitzeko, txostenean, Gure Esku zer den ere azaldu du; hau da, «erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarra» dela, «eragile autonomo eta autofinantzatua», bazkideen sostenguari esker aurrera egiten duena, eta haren helburua dela «Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum bidez libre eta demokratikoki erabakitzea».

Gure Esku-k uste du Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea nazioartean zabaltzeko «aukera paregabea» dela Tourra. Herritarrek Euskal Herriak erabaki – Basques decide mezua duen ikurrina eskuan aterako dira bide bazterretara, elkarteak aurreratu duenez: «Irteera eta helmugetako ekimenetan parte hartuko dugu gureesku.eus orrian izena emanez eta, uztailaren 3an, Bidasoan guztiok batera aldarrikatuko dugu gure herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta geure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea egikaritu arte pedalkadaz pedalkada bidean jarraituko dugula».

Atzerriko kazetariei banatutako txostenean ere argi aletu dizkie Gure Esku-k Euskal Herriaren nortasunaren ingurukoak: «Euskal Herriak bere ahalegina berritu du une historiko bakoitzean bere izaera kolektiboa zaintzeko eta berritzeko. Espainiaren eta Frantziaren artean zatiturik egon arren, eta hiru administraziotan antolaturik dagoen arren, Erkidego autonomoek eta diputazioek euskal herritarrei eskaintzen diete ahalmen maila bat politika propioak garatzeko zenbait alorretan, adibidez, fiskalitatean eta hezkuntzan. Gaur egun, herri honek bere nortasunari eutsi dio, mendeetan, belaunaldi askok beren ezaugarri historiko eta kulturalei eusteko egindako ahaleginari esker, eta bere geroa erabakitzeko eskubidea izan nahi du, Europako beste herri batzuen moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.