Julen Zelarain. 13/13 sumarioko auzipetua

«Traba hau paretik kentzeko modua akordioa erdiestea bada, gu prest gaude»

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Julen Zelarain (Donostia, 1967) Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren aurkako auzian epaitu zuten 2008an, beste 26 kiderekin batera. Hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2015eko urtarrilean libre gelditu zen. Orain, 13/13 auziko epaiketari egin beharko dio aurre, beste zazpi auzipetuekin batera.

Noren kontrakoa izan zen 2010eko apirileko polizia operazio hura?

Sarekada izan zenean, ni espetxean nengoen 2008tik; pentsa zein izan daitekeen nire parte hartzea. Baina eman zioten tratamendu mediatikoagatik, presoen eskubideen inguruan lanean ari ziren pertsonen kontra jo nahi zuten, abokatuen kontra bereziki. Hala aurkeztu zuten behintzat.

Eta zer helburu zuen?

Gaur egun begien bistakoa da zein zen egoera garai hartan ezker abertzale osoan eta orobat Euskal Herrian. Ahalegin sendo bat egiten ari zen egoera politikoari bira handi bat emateko: gure herrian orube demokratiko bat ezartzea eta bortizkeria hortik kanpo uztea. Pertsona horiek eginkizun bat izan zezaketen presoak ere eragile aktibo bilakatzeko eta ekarpena egiteko prozesu horretan. Prozesu hori oztopatu eta zangotrabatzeko borondate bat zegoen.

Lehen esan duzu «indefentsio» egoeran zaudetela. Zergatik?

Alde batetik, garai hartan bazegoen ingeniaritza juridiko eta legal bat, oraindik ere badirauena, dena salbuespenez betetzeko, eta salbuespenezko legeak egiten direnean ohiko eskubideak urratzeko izaten da.

Beste aldetik, Auzitegi Nazionala bera dugu; ezin izango dugu inoiz epaitegi justu eta inpartzialtzat hartu, oso parte inportante bat izan da beti estatuak bultzatutako errepresio estrategian, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Haren eskutik etorri dira hedabideak itxi izana, alderdi eta erakundeak legez kanporatzea eta abar. Hark epaitu behar zaituenean, ezin duzu justizia askorik espero.

CNI Espainiako zerbitzu sekretuak operazio haren abiapuntuan egon ziren.

Hori ere bada indefentsiorako arrazoia: operazioa CNIk eta Guardia Zibilak bultzatu zuten, eta gure herrian badakigu horrelakoetan gauza zikin eta itsusiak espero ditzakegula. [Javier] Gomez Bermudez epaileak behin baino gehiagotan eskatu zuen CNIren paperak sekretupetik ateratzea, horiek zirelako operazio horien iturburua, eta ez zuen lortu.

Ohikoa da horrelako operazio batean CNIk parte hartzea?

Parte hartze hori ezaguna izatea, seguru asko, ez. Beste kontu bat da oso litekeena dela Espainiako zerbitzu sekretuek hainbat kontutan esku hartzea iritzi publikoak jakin gabe. Kasu honetan jakin egin da, seguru asko beste biderik ez dutelako izan. CNI izan da honen guztiaren iturburua, eta, nire ustez, horren larritasuna ikaragarria da.

Atxilotuetako zenbaitek tortura eta tratu txarrak salatu zituzten. Hori ere ohikoa da, baina kasu honetan egon da hain ohikoa ez den osagarririk, ezta?

Haien hanka sartzea izan zen, normalean izaten ez dutena. Atxilotuetako baten etxera joan ziren, hura miatzera, eta alde egin zutenean guardia zibil bati txostena mahai baten gainean ahaztu zitzaion. Txosten hartan argi eta garbi agertzen zen nortzuk atxilotu behar zituzten, eta bakoitzari zer tratu eman behar zioten; adibidez, abokatuak «ez ukitzeko», eta besteekin bidea «libre» zegoela. Edonola ere, ez dut uste gaur egun inork horrelakorik behar duenik jakiteko zer gertatzen zen garai hartan atxilotuekin.

Argi esan duzue prest zaudetela fiskaltzarekin akordio bat egiteko.

Guk bat egiten dugu gure herrian egiten ari den apustu politikoarekin. Auzi honek garai bateko estrategiari erantzuten dio, eta traba da prozesu horretarako. Traba hori paretik kentzeko modua akordio bat egitea bada, gu prest gaude. Baina gaur egun ez dago akordiorik, eta Auzitegi Nazionaletik datozen zenbait zantzu, adibidez Bateragune auziko epaiketa berriro egin nahi izatea, ez dira norabide onekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.