Preso haiek damua azaldu dute, ETArekin apurtu dute eta euren erantzukizun zibilari aurre egiteko konpromisoa hartu dute, baina hori ez ei da nahikoa PPrentzat.
Langraiz bidea hartu nahi duten presoei eragozpenak jartzen ari da Espainiako Gobernua azkenaldian. PSOEren gobernuak 2009an abian jarritako bidea ixten saiatzen ari da Mariano Rajoyren gobernua. Izan ere, haietako hainbat presori atzera bota dizkiete espetxe zigorra hirugarren graduan betetzeko egindako eskaerak. Espetxe onurak lortzeko, Barne Ministerioak haiei aditzera eman die berak egindako gizarteratze planari atxiki beharra dutela. Gainera, betetzeko kartzela urte asko dituztela-eta erantzukizun zibila ere ordaintzeko dutela argudiatu diete gradu aldaketa ukatzeko.
Ez hori bakarrik. Langraiz bidea hartu duten presoak estutu eta haien aurkako kontrol hertsia ezarri du gobernuak. Azken kasua Joseba Urrusolo Sistiaga euskal presoarekin gertatu da: Espainiako espetxe administrazioak espediente administratiboa ireki dio Ser irrati katean elkarrizketa bat emateagatik. Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak zigorra ezarri dio presoari, eta hirugarren graduagatik zituen baimenak bertan behera utzi ditu. Urrusolo Sistiagak elkarrizketan «terrorismoa» goratu zuela eta ETAren biktimei «mespretxua» agertu ziela argudiatuta ezarri dio zigorra Auzitegi Nazionalak.
A vivir que son dos días saioan hartu zuen parte Urrusolo ETAko kide ohiak, beste batzuekin batera. «Bagenekien biktimak eragiten genituela, baina egin behar zela uste genuen; ez genuen nahi biktimarengan konkretuki asko pentsatu», adierazi zuen irrati katean. Hark esan zuenez, une batean «zalantzan jarri» zuen egiten ari zirena. «Denbora neraman pentsatzen honek bukatu egin behar zuela, baina ez dakizu nola aurre egin». Elkarrizketan azaldu zuen hainbat kiderekin hitz egin zuela, eta adostu zutela ETAren biktimekin hitz egin behar zutela.
Urrusolori ezarritako zigorrak AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen «presioengatik» direla uste du Andoni Alza Langraiz bidea hartutako preso ohiak, BERRIAri adierazi dionez. Haren arabera, PPren gobernua zatituta dago presoen auziaren kudeaketan, eta horren ondorioak presoek beraiek jasaten dituzte. «Kontraesan batean dago gobernua; alde batetik, espetxe zuzendaritza dago, eta, bestetik, AVT elkartea, eta bien arteko liskarrak presoek pairatzen dituzte». Nolanahi ere, Alzak, oraingoz, «eroso» ikusten du Rajoyren exekutiboa: «Oso eroso dago jarrera honekin, eta uste dut ez dela mugituko ezker abertzaleak egin beharreko ibilbidea egin arte».
Langraiz bidea hartu nahi duten presoen eskaerei fiskaltzak aurkeztu dituen hamaika helegiteak aztertzen dabil Auzitegi Nazionala. Eta, kasu gehienetan, fiskaltzaren irizpidearen aurka egin du epaileak, presoei baimenak eta espetxe onurak aitortuta. Horrela gertatu da, besteak beste, Valentin Lasarte, Aitor Bores, Kepa Pikabea eta Ibon Etxezarreta presoekin. Lasarteren kasuan, esate baterako, Jose Luis Castro epaileak iaz berretsi egin zuen hari onartu zioten sei eguneko baimena, fiskaltzak baimen hori ez emateko egindako eskaera atzera botaz. Jarrera desberdinak daude, beraz.
Moncloara iritsi bezain pronto hasi zen PP Langraiz bideari trabak jartzen —2011ko abendutik dago gobernuan, PSOEren zazpi urte eta erdi pasako aroari lekukoa hartuta—. Besteak beste, bide hori hartua zuten presoen eta biktimen arteko topaketak geldiarazi zituen. ETAren biktimen eta indarkeria baztertu duten presoen arteko elkarrizketak 2011n hasi ziren, gobernu sozialistak bultzatuta, eta PSEren Eusko Jaurlaritzaren babesa ere izan zuen neurriak. Topaketen helburua zen presoek damua biktimei zuzenean adieraztea, planaren sustatzaileek adierazi zutenez. Baina terrorismoaren biktimen hainbat elkartek ez zituzten begi onez ikusi elkarrizketak eta, ondorioz, PPk bertan behera uztea erabaki zuen.
Elkarrizketa haietan parte hartu zuen Alzak ere, eta dio «oso aberasgarriak eta lagungarriak» izan zirela. Haren ustez, topaketak eteteko erabakia eta damua agertu duten presoei espetxe onurak ezeztatzeko hartutako neurriak «norabide berean» doaz. Hark argi du «legedia errespetatzea» dela presoei geratzen zaien «irtenbide bakarra», hori delako gobernuak onartuko duen «bide bakarra». Uste du horrek ez duela ekarriko presoak berehala kaleratzea, baina dio korapiloa askatzen lagunduko duela: «Gobernua ez da mugituko ETA desegin arte eta egindako mina aitortu arte».
Trabak 'Langraiz bideari'
Urrusolori baimenak ukatu dizkiote, elkarrizketa bat emateagatik.PPren gobernuak oztopoak jarri dizkie 'Langraiz bidea' hartutako presoei.Eztabaida dago fiskaltzaren eta epaile batzuen artean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu