Transgenikoak baimentzea edo ez estatuen esku utzi du Europak

Genetikoki eraldatutako organismoak debekatu nahi dituztenek arrazoitu beharko dute erabakia

inaki petxarroman
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez batzuentzat eta ezta besteentzat ere. Erabaki salomonikoa hartu du Europako Batasunak hazi transgenikoen inguruko gai gatazkatsuan. Bruselak baimenduta ere, hazi transgenikoak landatzea estatuen erabakiaren esku egongo da. Alegia, eurek erabakiko dute baimentzea edo debekatzea.

Hori erabaki zuten 28 estatuetako Nekazaritza ministroek atzo egindako ministroen kontseiluan. 26 estatuk alde bozkatu zuten, eta bi abstenitu egin ziren: Belgika eta Luxenburgo.

Hala, esan daiteke aspalditik blokeatuta zegoen gai bati irtenbide bat eman diola Europako Batzordeak. Eta, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) multinazionalak aspaldi egiten ari ziren eskariari men eginda, labore transgenikoek laster izango dute irekita Europako bidea.

Gaur egun Europan baimenduta dauden bi haziez gain—Monsantoren MON810 eta Pionnerren TC1507 arto transgenikoak— beste bost Bruselaren baimenaren zain daude. Guztiek ere lortu dute Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziaren oniritzia. Atzo lortutako akordioaren arabera, herrialdeek baimendu ahal izango dute transgeniko horiek erabiltzea, herrialde osoan edo zati batean.

Oraingoz MON810 artoa da Europan ereiten ari den hazi transgeniko bakarra. Eta, hain zuzen ere, Espainian —Euskal Herriaren kasuan, Nafarroan—, Portugalen, Errumanian, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian dago baimenduta. Beste zortzi herrialdetan —Frantzian, esate baterako— neurriak hartu dituzte hura erabiltzea debekatzeko.

Aurrerantzean hazi transgenikoak debekatzea deliberatzen duten estatuek Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote erabaki horren berri, eta zehaztu gabe dauden arrazoi zerrenda bat edukiko dute eskura horretarako.

Atzo hartutako erabakia indarrean sartuko da Europako Parlamentuak onartu ondoren.

«Sistema berriak hautatzeko eskubidea bermatzen die estatuei», adierazi zuen Segolene Royal Frantziako Ingurumen ministroak atzoko bozketaren ostean.

Luxenburgoko Ingurumen ministro Carole Dieschbourg, berriz, ez zen hain baikor azaldu, eta transgenikoen «baimen uholde bat» iragarri zuen.

Ekologistak ere iritzi berekoak dira. Esaterako, Lurraren Lagunak elkarteak salatu du Monsanto eta halako multinazionalei «ezin onartuzko botere» bat eman diela Europak. «Gobernuak debekatzeko eskubidea eduki behar dute, enpresen baimenik gabe».

Aspaldiko eskaria

Europako Parlamentuak onartzen badu akordioa, hamalau urteko eztabaidaren ondoren, hazi transgenikoak saltzen dituzten enpresek irekiak izango dituzte Europako Batasuneko ateak. Laster baimenduko dute TC1507 artoa, eta haren atzetik etorriko dira besteak.

2001etik iaz arte egon zen blokeatuta TC1507ren baimentzea, estatuen arteko desadostasunengatik. Alabaina, iazko azaroan Europako Justizia Auzitegiak «oinarri gabekotzat» jo zuen atzerapen hori, eta Bruselari agindu zion hasteko baimentzeko tramitea. Otsailean Europako Batzordean izandako bozketan aurrera egin zuen arto hori baimentzeko eskariak, nahiz eta hemeretzi estatu kontra azaldu eta Alemania eta Belgika abstenitu. Batzordea hauteskundeen zain geratu da oniritzia emateko, eta bozak pasatuta laster egongo da salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.