Trantsiziorako aliantzak jostera

Estrategia feministak lantzeko gune egonkor bat eratzea proposatu du Bilgune Feministak Ondarroan.Estatu feministaren inguruan ardaztu dira topaketetako eztabaida nagusiak

Josebe Iturriotz, Saioa Iraola, Ainhoa Etxaide, Miren Aranguren —moderatzailea— eta Jule Goikoetxea, atzo, mahai ingurua hasi aurretik. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Ondarroa
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gertatzen ari da. Martxan da trantsizioa, aldaketa garaia baita; norabide argirik ez du, ordea. Baina helburu handinahiak agertu dira bide horren oinarriez eztabaidatu dutenen ahotan: trantsizioa bainoago, iraultza feminista. Areago: estatu feminista. Mugimenduaren barnean berriki mahai gainean jarritako egitasmo horren bueltan gorpuztu zen atzo Ondarroan (Bizkaia) Bilgune Feministak antolatutako Emakume Abertzaleen Topaketa Feministetako eztabaida nagusia. Eta bidea jorratzean ezinbestekotzat jo zuten elkartzea: esparru desberdinetan diharduten feministen arteko aliantzak jostea. Proposamena ere egin zuten antolatzaileek: gune bat sortzea, trantsizioa, iraultza, estatua pentsatzeko eta nola eraiki adosteko. «Aliantza puntualez harago, indarrak metatu behar ditugu, eta epe luzerako adostasunak lortu. Espazio egonkorrak behar ditugu», galdegin zuen Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak.

Gune horri izen-abizenak jarri zizkion Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak: Feministen Estatu Kontseilua. «Erresistentziatik kontraerasora pasatu behar dugu, boterea hartzera eta autoritatea lortzera. Bestela, gure ordez pentsatzen jarraituko dute». Ahotan izan zituen kontzeptu horiek birpentsatzeko beharra nabarmendu zuen, estatuaren ideia feminismotik definitzekoa. Adibidez: «Egun demokraziaren kontzeptuak berekin dakar ongizatea; guk eragin behar dugu demokraziak berekin ekartzea feminismoa: demokrata bat ezinbestean feminista izatea». Bat etorri zen Josebe Iturriotz Medeak-eko kidea: «Goazen gure terminoekin besteak deseroso sentiaraztera».

Baina zer da estatu feminista? Nora darama trantsizio feministak? Joxan Artzeren Martxa baterako lehen notak kantatik abiatu zen Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa: «Inor ez inor menpekorik; norbere buruaren jabe. Pertsona burujabeez osatutako eta baliabideen banaketa justuaz eraikitako gizartea litzateke». Aniztasuna gehitu zion Ana Murcia Garaipeneko kideak: «Ezin da abangoardia bakar, homogeneo, zuri eta erdiko klase batetik hitz egin. Trantsizio hori transfeminista eta multikulturala imajinatzen dugu». Zapalkuntzen zerrendara beste bat gaineratu zuen Eskisabelek: «Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantza behar dugu: zapalkuntza naturalizatuak dira biak, eta antzekoa da kontzientzia hartzeko prozesua». Burujabetza feministaren ideia berreskuratu zuen Iraolak: «Prozesu indibiduala zein kolektiboa da». Ildo horretan, asmo makroetatik jardun mikroetara jauzi egiteko beharra aipatu zuten. «Ez dago iraultza egiteko era bakarra: bakoitzak bere lekutik egin behar du, norbere baliabideekin», esan zuen Iturriotzek. Norberetik hasi behar da kolektiboa lantzen, Murciarentzat: «Barruan dugun ni zapaltzaile hori ere auzitan jarri behar dugu».

Eragin politikoa

500 emakume baino gehiago batu ziren atzo Ondarroan. Jendetzaren aurrean baikor mintzatu zen Goikoetxea: «Orain arte ezin genuen halakorik egin, ez geneukalako masa kritikorik. Orain asko gara, eta asko egin dezakegu». Ezkorrago jardun zen Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia: «Kezkaz begiratzen diot mugimendu feminista indartsu dagoela diotenei. Izan gaitezen zintzoak: zenbat erabaki politiko baldintzatu ditugu? Emakumeok, feministok, erabakigarriak izan behar dugu».

Erantsi zuen egungo «inboluzio» garaiak ideologizazioa ere ekarri duela berekin: «Pobrezian daudenak inoiz baino posizio egokiagoan daude eraldaketa eraikitzeko. Duela zazpi urte kristalezko sabaiaz hitz egiten genuen, eta orain oinarrizko eskubideen lapurretaz; gakoa da nola borrokatu lehengo hura aldarrikatu gabe». Baldintza materialak lortzeko estrategia eraikitzean, aliantzen beharra aipatu zuen: «Arazoa ez da estrategia desberdinak edukitzea, baizik eta kontrajarriak izatea. Ez dugu denean ados egon behar, baina proposamen feministak behar ditugu». Baina, zergatik feminismoa? Goikoetxeak erantzun zuen: «Proposamen integratzaileak egiten dituen mugimendu bakarra da; feminismoak balio du herri oso bat eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.