Pilar Legarra. Psikoterapeuta

«Tratu txar kasuetan maitasun asko egoten da, gaizki ulertutako maitasuna»

Tratu txarrak jasan arren bikotekidearengandik bereizten ez diren andreak ulertzeko gakoak ematen saiatzen da Pilar Legarra; erruak, minak eta mendekotasunak ehundako amaraunean bizi direla dio

arantxa iraola
Asteasu
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Pilar Legarra Kortajarena (1960, Asteasu) psikologo eta psikoterapeutak gertutik tratatzen ditu genero indarkeria jasaten duten emakumeak. Oinazea ikusten du: «Oso-oso mingarria da, zuk aukeratutako pertsona batek min egiten dizu». Bakartzea: «Erasotzaileek beti emakumeak bakartzen dituzte». Matxismo gordina: «Neskek maiz onartu egiten dute mutilak masaileko bat ematea. 'Ai, maite nau pila bat, ez dakit nori begiratu diodalako eman dit masailekoa, beretzat naiz'». Oinarrian amodioari buruzko «gaizki-ulertzeak» daudela dio, «maitasun erromantikoarekin» lotutako mito faltsuak. Emakumeak mikroindarkeria eta mikromatxismoak ikertzen jardunaldian hitz egingo du gaur, Zarautzen (Gipuzkoa). 15:30ean hasiko da topaketa, Denon Etxean.

Latza da. Ustez maite zaituen pertsonak jo egiten zaitu...

Kalean uso, etxean otso. Esaera zahar horren esanahia nabarmen ikusten da kasu hauetan. Badira zenbait ezaugarri sarri gizon horietan izaten direnak: ahulak dira, buruestimu txikia izaten dute, eta heldutasun falta. Biolentziarekin konpentsatzen dute hori; helburua ez da bikotekideari mina ematea, baizik eta argi uztea nork daraman kontrola etxe horretan. Hortik abiatzen da dena. Indarkeria, beren inpotentziaren adierazle argia da.

Nola uler daiteke emakume batek hori onartzea?

Biolentzia modu horietan hainbat fase izaten dira nahiko argi. Hasieran, tentsio une batzuk sortzen dira, eta gehitu egiten dira: gaur bazkaria hotz dagoelako, bihar ez dakit nori begiratu diozulako, hurrengoan ez zeundelako etxean... Gero heltzen da zartakoa, ezustean. Ondoren beti egoten da damua, eta damu horren atzetik egoten da etapa bat oso-oso goxoa, eta hor maitasun asko egoten da. Tratu txarretan pentsatzen da dena dela gorrotoa, baina maitasun asko egoten da, gaizki ulertutako maitasuna.

Eta emakumeak zuritu egiten du erasotzailearen jarrera?

Bai, eta okerrena da, justifikazio horretan, denborarekin sinetsi ere egiten duela arazoak dituela bikotekideak, eta horregatik hartzen duela postura bortitza etxean.

Zer gehiago pasatzen da emakume horien burutik?

Kontraesan bat izaten dute; nola liteke nik maite dudan pertsonak, nik aukeratu dudanak, hau egitea? Pertzepzioak esaten die hor zerbaitek kale egiten duela, eta kanpoan hasten dira hori ulertzeko gakoen bila. «Gizon ona da, baina edaten duenean galdu egiten da». «Gizon ona da, baina lanean arazo handiak ditu»... Erantzun horiek tresna bat dira psikologikoki garrantzi handia duena. Tratu txarrak jasaten dituen emakume batek ez ditu gauzak beste edonork bezala ikusten. Barrutik, diferente ikusten da. Kanpotik bai, erraza da: «Baina nola onartzen duzu hori? Utz ezazu». Barrutik ezberdin ikusten da.

Beldurra ere zama da, ezta?

Bai, eta azkenean emakumeak sentitzen du berak duela gertatzen ari denaren errua. Eta ikusten du, gainera, egiten duena egin, ez duela inoiz asmatzen. Horrek ondorio nabarmenak ditu pertsonarengan: motibazio falta erabatekoa, arazo kognitiboak, frustrazioa, gaixotasunak...

Pertsona suntsitu egiten da guztiz...

Hain justu, tratu txarrak jasaten dituen emakumearen sindromeaz hitz egiten da. Ezaugarri zehatzak ditu: buruestimu oso txikia, depresioa, estresa, bazter utzia izatearen sentimendua, nekea, lo egin ezina, jateko gogo falta, amesgaiztoak eta fisikoki agertzen diren hainbat eritasun.

Nola lagundu?

Emakumeari, tratamenduan, kognitiboki beste planteamendu bat egin behar zaio. Indartu egin behar da, eta gizartean berriro sare bat sortzen lagundu behar zaio. Tratamenduak egin behardira indibidualki eta taldeka, eta gizartean neurriak eman behar zaizkio gero: nora joan eskaini behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.