Trenak harrapatu zituen migranteak polizia kontroletatik ihesi zihoazen

«Ikusiak ez izateko» zihoazen trenbidetik. Taldea «oso nekatua» zegoen, eta horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea

Ezbeharra gertatu zen lekua, Ziburun. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Aljeriako hiru gizonezko hil ziren asteartean tren batek harrapatuta. Laugarrena Baionako ospitalera eraman zuten, larri, eta ebakuntza egin diote. Herenegun mintzatu zen Baionako prokuradorearen aitzinean, France Bleu Pays Basque irratiak jakinarazi duenez. Oso nekatuta zegoen, eta ez zuen anitz hitz egin, baina haren lekukotasunak gertatu zenari buruzko argibideak eman ditu.

Gizonezkoak fiskaltzari esplikatu dio polizia kontrolak saihestu nahi zituztela, eta horregatik iritsi zirela trenbidera, uste zutelako ez zituztela aurkituko argirik gabeko eremu horretan. Gainera, trenbide zati hori hutsa egon ohi da ordu horietan: azkeneko trena 22:30ean pasatzen da, eta hurrengo goizeko lehenengoa, harrapatu zituena, 6:00etan baizik ez da pasatzen. Era berean, trenbidetik joatea ez galtzeko modu bat ere bazen laukotearentzat.

Irrati publikoaren arabera, laugarren biktimak jakinarazi du haiek ere tren bat hartzeko asmoa zutela, baina ez du zehaztu zer helmugatara iristeko asmoa zuten. Ikerketa zuzentzen ari direnei emandako esplikazioen arabera, migratzaile taldea «oso nekatua» zegoen, eta horregatik erabaki zuten trenbidean etzatea.

Elkarretaratzea egin zuten herenegun arratsaldean Donibane Lohizuneko geltoki aitzinean (Lapurdi). Migranteen harreran eta haien eskubideen alde lan egiten duten talde ugarik antolatu zuten protesta, eta dozenaka herritar elkartu ziren. Hildako hiruren omenez lore eskaintza egin, eta «giza ehiza» etetea galdegin zuten.

Prefeturaren erantzuna

Peio Dufau Ziburuko hautetsi eta tren gidariak BERRIAri kontatu zion Hendaia eta Baiona arteko trenbidean «maiz» ibiltzen direla migratzaileak. «Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren; horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Gero eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideko langileentzat ere zaila da», salatu zuen. «Sekulako arriskuak hartzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Hain bide luzea eginda, ez dira Poliziarengatik geldituko».

Hala ere, bide beretik segitzeko asmoa erakutsi du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Hedabideei bidalitako ohar batean jakinarazi zuten atzo gauean polizia kontrola ezarriko zutela Urruñan (Lapurdi), 23:00etatik 2:00etara. Operazio mediatiko bat. «Pertsonen eta ondasunen zirkulazio askearen ondorioz, ondasunen eta pertsonen joan-etorriak etengabe handitu dira, horien artean legez kanpoko immigrazioarekin lotutakoak». Polizia kontrolean parte hartu zuten, besteak beste, Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak. Frantziako segurtasun indarretako 115 agentek eta Guardia Zibilak ere parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.