Nafarroa
Hamar urtera, beste lege batGenero indarkeriaren aurkako lege berri bat egiteko asmoa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak iaz, «egungo errealitateari erantzungo dion legea», Gizarte Gaietarako kontseilari Elena Torresen hitzetan. Asmoa genero indarkeria kontzeptua bera zabaltzea da, eta bertan txertatzea prostituzioa, sexu esplotazioa eta emakumeen trafikoa.
Arazoa da Nafarroak baduela bortizkeria molde horiek aintzat hartzen dituen araudia: 2002an onartu zuten indarkeria sexistaren aurkako legea. «NBEren definizioari jarraiki, emakumeen gainean egindako botere ariketa oro izendatu genuen indarkeria». Andrea talde feministako koordinatzaile Tere Saezek gogoratu du mugimendu feministak landu zuela testua, «baina parlamentuak legearen espiritua hondatu zuen».
Hamar urteotan, tratu txarrak jasaten dituzten andreekin diharduten elkarteek kritikatu dute legea ez dela ia garatu, ez dela baliabidez hornitu eta ikuspegia ere aldatu egin dela: «Berdintasunarekin lotu ordez, gizarte zerbitzuen esparruan garatu dute; hortaz, izaera integrala galdu du, eta ez dute egin berdintasunaren txertoaren aldeko apustua». Hartara, Saezek ondorioztatu du ez dagoela lege berrien beharrik, baina egitekotan, «izan dadila orain arte egindakoa kontuan hartuz eta hobetuz, eta gara dezatela, jar ditzatela baliabideak». 2013an argituko da zein planteamendu jarriko duen mahai gainean gobernuak.
Ipar Euskal Herria
Sexu jazarpenera mugatutaSexu jazarpenak delitu izateari utzi zion Ipar Euskal Herrian bi hilabetez, maiatzetik uztailera. Frantziako Konstituzio Kontseiluak indargabetu zuen bortizkeria hori zigortzen zuen araua, presidentetzarako bozak egin baino bi egun lehenago, ministro bat auziperatuta zegoela, testuak delitua behar bezala zehazten ez zuela argudiotzat hartuta. Indarrean zen legea «murritza» izan arren, erabakia gogor kritikatu zuten feministek, erasoak pairatutako emakumeak babesgabe uzten baitzituen eta ordurako zigorrak bertan behera gelditzeko arriskua ekarri baitzuen.
Emazteen Eskubideen Ministerioa sortu ostean, François Hollande presidente izendatu berriak larrialdizko prozedura abiatu zuen lege berria egiteko: uztailaren 25ean onartu zuten, zigorrak zorroztuta, gainera. Halere, mugimendu feministak bortizkeria sexistaren aurkako araudi integrala galdegiten jarraitzen du. «Izaera sexualeko egintza bat lortzea helburu duen edozein presio larri edo errepikatu» zigortzera mugatzen baita sexu jazarpenaren aurkako legea.
EAE
Adostasunik gabeIndarkeria matxistaren aurkako lege proiektua atzera bota behar izan zuen Eusko Jaurlaritzak otsailean, mugimendu feministaren eta Emakunderen onespena ez zeukalako: ez ikuspegian ez edukietan, ez zekarren berrikuntzarik. Berdintasun politikak eta indarkeriaren kontrakoak bereiztea egotzi zioten feministek Jaurlaritzari, baita Emakunderi bortizkeriaren prebentzioarekin lotutako zereginak kentzea ere. Funtsean, legearen beharrik ez zuten ikusten: EAEko Berdintasun Legean indarkeriari buruzko atala garatzea hobetsi zuten.
Ika-mika hark beste eztabaida bat azaleratu zuen: Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzaren egitekoa eta kokapenari buruzkoa. Feministek antzeman zuten Emakundek boterea galdu duela zuzendaritza hori 2009ko maiatzean martxan jarri zenetik. Era berean, auzitan jarri zuten Herrizaingo Sailaren barruan kokatu izana, bertatik ezin delakoan indarkeriaren aurkako borroka modu integralean jorratu.
Edonola ere, eztabaida ez da amaitu. Iñigo Urkulluren Jaurlaritza berriak ez du zuzendaritza kendu, lekualdatu baizik —Lehendakaritzara—, eta legea ere ez du alboratu: hauteskunde programan zuen EAJk indarkeria matxistaren kontrako araua.