BERRIAk Internetera ekarri du bere estilo liburua, bertako kazetariek egunero dauzkaten galderei eta zalantzei emandako erantzunetatik sortutakoa. "Eguneroko premietatik ateratzen den estilo liburua da, benetako arazoei benetako konponbideak ematen saiatzen dena”. Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradun eta estilo liburuaren zuzendariak eman ditu azalpenok. Sarean bizi-bizi dagoen lanaren edukiei buruz aritu da, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak hasi du aurkezpen ekitaldia. Harekin egon dira Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea. Kutxabankek babestu du estilo liburua Interneten.
Horiez gain, baina, euskararen munduko hainbat lagun bildu dira aurkezpenean. Egunez ongietorri beroa egin diote sare sozialetan euskaldunek estilo liburuari, eta aurkezpenean ere zoriondu egin dute Euskaltzaindiak eta Kutxabankek egindako lana. Otamendi harro agertu da egindakoarekin, eta laguntza eskertu du.
Estilo liburuaren garrantzia
"Estilo liburuak ezinbestekoak dira komunikabideentzat, zer esanik ez hizkuntza gutxituetan" esanez hasi du bere agerraldia Irene Arraratsek. Diseinu atsegina eta edukien arteko loturak nabarmendu ditu.
Baina kazetarientzat ez ezik, edozeinentzat ere bada tresna erabilgarria, kanpora begira atal interesgarriak eskaintzen dituena, besteak beste, idazkuntzari buruzkoa: hizkuntz eredua, esaldien egituraketa, puntuazioa aztertzen ditu. Adibideak ere ematen ditu. Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria estilo liburuaren erabilgarritasunaz aritu da, eta Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak zabaltzeko tresna paregabetzat jo du, besteak beste.
Euskal Herriari eta munduari begirako atal bana ere jasotzen du. Euskal Herriko edozein txoko non dagoen, eta haren bereizgarriak. Gauza bera munduko herrialdeen inguruan. Galdetutakoari buruz estilo liburuak jakingarritzat jotzen duen ororen gaineko lotura guztiak egiten ditu gainera. Bilatzailea oso azkar doa, eta erabiltzaileak aurkitzen ez badu, bilatzen ari den horren gaineko galde-erantzunetarako aukera ematen du.
Interneten nola idatzi behar den azaltzeko ere atal bat dauka, etengabe handituz joango dena eta baliagarri izango dena komunikabide askorentzat.
Iradokizunak egin nahi dituenak ere bere txokoa izango du estilo liburuan. "Zerbitzu hori ematen saiatuko gara", Arraratsek esan duenez.
Paperetik ziberespaziora
Orain dela sei urte aurkeztu zuten BERRIAren lehen estilo liburu paperezkoa. Urte hartan sortu zen Twitter, eta urte hauetan joan dira sortuz eta zabalduz Youtube eta Facebook, besteak beste, eta horrek guztiak komunikatzeko eta informatzeko modua aldatu du.
BERRIAren estilo liburua ere ez da estatiko geratu: handituz eta handituz joan da, moldatuz; atal berriak hartu ditu, eta, garrantzitsuena dena, paperetik ziberespaziora joan da.
Etengabe berritzen
Komunikazioaren premiak aldatuz doazen neurrian aldatuko da estilo liburu hau ere, bai neologismoei dagokienez, bai euskarri berrietan idazteko moduei dagokienez, eta bai bibliografiari dagokionez. Komunikazioaren mundua iraultza baten erdian dago, eta BERRIA Taldeak profesionaltasunez heldu nahi die lan egiteko modu berriei..
Estilo liburuak ezinbesteko tresnak dira komunikabideentzat, hainbat arlotako irizpide batasuna segurtatzen baitute. BERRIAren estilo liburua lagungarri ederra da kazetarientzat, eta neurri handi batean, jokabide egokien transmisiorako tresna.
Kazetarien egiazko premietatik sortua da, eta egiazko konponbideak ematen ditu, proposamen praktiko eta koherenteak. Estilo liburu hau praktikoa da, guztiz; praktikan eta esperientzian oinarritutakoa, eta erabilerraza.