«Tristeziarekin» hitz bakoitza

Kalean da 'Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan' liburua. Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubio kazetariena da; 50 elkarrizketatik gora egin dituzte. Bideoa albistearen amaieran.

Iñigo Astiz, Miren Rubio eta Alberto Barandiaran, atzo, liburua aurkezten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Gure lana izan da, batez ere, jendeari entzutea. Jarri dugu belarria; egon gara orduak eta orduak, eta berriro egon gara haiekin». Alberto Barandiaran kazetaria da, atzo, Donostian, Ez duzu abusatuko. Pederastia kasuak Euskal Herriko elizan liburua aurkezten. 50 elkarrizketatik gora egin ditu, Iñigo Astiz eta Miren Rubio kazetariekin batera. Euskal Herrian gaiaz egindako lehenengo liburua da. Arrakala bat «boterekeriak» eta «isiltasunak» goldatutako eremu ilun batean. Hizpide izan dituzte lehendik ezagun diren hainbat kasu —Juan Kruz Mendizabal abadeak egindako sexu abusuenak, Leioako (Bizkaia) ikastetxe batean ikasle batek salatutakoak...— eta orain arte ezagun ez ziren beste hainbat. Ibarra, Ondarroa, Irun, Gabiria, Bilbo... Euskal Herri osoko kasuak ageri dira. «Min hori hor dago; jendeari galdetzen badiozu, ateratzen da»,esan zuen Barandiaranek. «Batez ere, isiltasuna eta mina daude lan honetan». Istorio latzak dira. «Tristeziarekin tekleatutako hitzak» direla azaldu zuen Astizek. Barandiaran lehenengo pertsonan ari da lanaren hainbat pasartetan; izan ere, liburuaren ernamuinetako bat izan zen La Salle San Martzial ikastetxean, Irunen (Gipuzkoa), mutil kozkorretan izan zuen bizipen bat.

Hirurek onartu zuten Spotlight AEBetako filmaren eragina; kazetari talde bat erakusten du, Bostonen, hango Elizan jazotako —eta isilarazitako— sexu erasoen berri ematen. Halatsu ibili dira hiru kazetariak iragan hilabeteetan, Euskal Herriko Elizaren eta haren inguruen barrunbeetan: bila, galdezka. «Pixka bat atzamarrarekin horrela egin, eta konturatzen zara min hori hor dagoela eta inor gutxik kontatu duela», azaldu zuen Rubiok. Hainbat «ertzetatik» jorratu nahi izan dute gaia. Biktimak, lekukoak, adituak eta Elizako —eta erakundeko hierarkiako— ordezkariak: guztiei egin diete leku. Liburuan argitaratu dute, esaterako, Jose Ignazio Munilla Donostiako apezpikuari gaiaz egindako elkarrizketa bat. Elizako erakundeetan itxitako ateak aurkitu dituzte; mutu egotea erabaki duten biktima eta lekukoak ere bai. Testigantza askoren bidez bilatu dute, batez ere, kasu bakoitzaren atzeko «testuingurua» ongi azaltzea. Errespetuak zedarritutako bideetan, betiere: «morbotik» ihesi.

Zabaltzen, zabaltzen

Elkarrizketa asko istorio eta lekukotasun berrien abiapuntu izan ziren bidean. «Oso deigarria da; bat ukitu, eta bestea dator, eta bestea, eta bestea, eta bestea... Ez? Hori bada dagoen seinale edo zantzua ematen duena; erakusten du zenbat egon daitekeen, ikertzen bada, benetan, behingoz, modu egokian», adierazi zuen Rubiok. Liburuan onartu dute, hein batean, azken urteotan apur bat ireki egin dela lehen guztiz itxita zegoen ate bat. «Segur aski falta zen abusu horiei abusu deitzea. Behin ja abusu deitu ostean has gaitezke zirrikituak irekitzen, oso trinkoa izan den isiltasun batean, eta oso opakoa izan den erakunde batean. Elizan sexu abusuak egon dira munduan, eta sexu abusuak egon dira Euskal Herrian. Hori ez da guk esaten dugun zerbait bakarrik, hori Elizak ere onartu du», azaldu zuen Astizek. Onespenetik harago, ordea, jazotakoa argitzeko eta hori saihesteko «mekanismoen» falta atzeman dute oraindik. «Zeren eta abusua bera, bada arazo, baina abusu horri Elizak berak eman izan dion erantzuna izan da arazo, eta bada arazo». Hortik, hein handi batean, kontatzen diren istorio guztietako mina.

Biktimen bakardadea sentitu dute jaso dituzten hainbat testigantzatan, eta itaun askoren aurreko mututasun ilunean. «Ardura ezin da izan bakarrik biktimarena. Ezin da izan: 'Abusatu dute zutaz, eta zure ardura da abusu horren salaketa egitea'. Ez, erakundeak badaki isiltasuna existitzen dela, erakundeak badaki abusuak gertatzen direla...», azaldu zuen Astizek. Hor eragin behar dela esan zuen: «Kasu gehienetan abusuak dira boterekeria ariketa bat; boterea duen pertsona batek abusatzen du botere gutxiago duen batez; garrantzitsua iruditzen zaigu botere horren mekanismoak ulertzeko ahalegina, behintzat, abiatzea, zeren ikertu eta aztertu ezean, botere harremanek hor jarraituko dute». Hain justu, halaxe funtzionatu da urte askoan; kasuak isilarazten, tapatzen, eta, gehienera, eliz zuzenbidearen erreten sekretuetara bideratzen. «Eliza erakunde hierarkiko bat da, kontrol mekanismo aski egituratuak dituena, baina kasuotan saihestu egiten dira. Ezkutatu, saihestu, ukatu eta apaiza tokiz aldatu. Horiek izan dira gehienetan jarraitu diren urratsak», azaldu zuen Barandiaranek. Kasuak justiziaren atera heldu diren aldi bakanetan ere, nekez eskaini da konponbide bat; usu preskribatutako kasuak direla oroitarazi zuen Astizek; halakoetarako erantzunik ez dela. «Gizarte zibilak ere ez du oraindik asmatu abusu horiei erantzun bat ematen».

«Oraindik ez dakigun guztiaren arrastoa baino ez du ematen orain arte jakin dugun gutxiak». Liburuko azken esaldia da. Adierazgarria. Eta aparteko indarra ematen diena liburuan batu diren ahotsei: horma astun bateko lehen arrakala dira. Zabal daitekeena. Rubio: «Jendeari antzeman diogu kontatzeko gogoa».

[youtube]https://youtu.be/Ox96Hg_s9xo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.