Troikaren hatsa bidelagun

xabier martin
2014ko maiatzaren 16a
18:38
Entzun

Ezer hoberik egin ez zitekeenik esateko harrokeria ez dut izango, baina funtsean ezin zen bestela izan". Bere epitafioan idazteko moduko esaldia bota zuen aurreko astean Pedro Passos Coelhok Portugalgo erreskatearen balorazioa egiterakoan. Lehen ministro kontserbadoreak garbi utzi du bere gobernua aro berri bati ekiteko prest dagoela; troikaren hatsa urrutirago sumatuko den aroa nahi du inondik ere, eta atzo hasi zen aro hori, ofizialki erreskatetik atera ondoren. Europako Banku Zentrala, Europako Batzordea eta Nazioarteko Diru Funtsaren beltzezko gizonak, ordea, ez doaz oso urrutira oraingoz.

Hiru urte luze pasatu dira Lisboak erreskatea eskatu zuenetik; 2011ko apirilean bota zuen SOS deia Jose Socrates sozialistaren gobernuak, eta maiatzerako lortu zuen mailegu erraldoia. 78.000 milioi euroko mailegua zatika jaso du ordutik Lisboak. Erreskatea ofizialki bukatu arren, azken zatia ekainean da jasotzekoa; 900 milioi euro dira, eta arazorik egon ez dadin Coelhoren gobernuak ezin du murrizketen azeleragailutik oina altxatu. Lehen ministroak berak onartu du "doikuntza malgutzeak" NDF aztoratuko lukeela. Troikaren zaintzaileak Lisboatik pixka bat urrundu dira, beraz, baina garbi dago hirukoaren hatsa nabarmen sumatzen jarraituko dela Portugalen.
Merkatuen azterketa.

Pedro Passos Coelhok finkatu ditu bere gobernuaren oraina eta hurbileko geroa. Batetik, altxorrak merkatuetara joko du, arrisku saria nabarmen jaitsi zaiela aprobetxatuz (213) —Europako Batasuneko gainontzeko herrialdeekin gertatu antzera—. Finantzaketa euren kabuz egiten saiatuko dira, Europako Batasuneko makulurik gabe. Irlandaren bidea jarraituko du, hortaz, Portugalek: erreskatearen irteera garbia. Dublin ongi moldatzen ari da merkatuetan, iazko abenduan erreskatetik atera eta EBren 10.000 milioi euroko maileguari uko egin zionetik. Passos Coelhok estrategia berari jarraituko dio. "Inbertsiogileen babesa dugu", esan du gobernuburuak berriki; "geure zorraren interesak oso maila baxuan daude batez besteko historikoarekin alderatuta". Hamar urterako bonua %3,5ean dute gaur egun ez alferrik. Krisiaren garai gordinean, arrisku saria 1.500 puntutik gora ere egon zen. Beraz, inoizko finantzaketa merkeenetakoaren hauspoa jaso nahi du Lisboak. Altxorrak egiten duen post-erreskateko lehen jaulkipenak jasotzen duen harrerak berretsi beharko du estrategia horretan asmatu duten ala ez.

Bestetik, doikuntza plan bat egiten ari da gobernua, eta haren arabera, Krabelinen Iraultzaren herrialdeko gobernuak lore gutxi jasoko ditu herritarrengandik, 2018 arte gerrikoa estutzen jarraituko duelako; akaso Europatik etor lekioke Lisboari laudoriorik, baldin eta Passos Coelho kontserbadoreak gobernuburu jarraitzen badu datorren agintaldian. Handiak lirateke laudorio horiek EBZren defizit neurria betetzea lortzen badu (%2).
"Gure programaren zati handi bat betetzeko dago, baina aurrena finantzen larrialdiari egin behar izan diogu aurre". Erreskatearen truke hartutako austeritate konpromisoetatik haratago, herrialdeak "askoz ere aldaketa sakonagoa" behar duela dio lehen ministroak, eta ez du ezkutatzen zergak igotzeko asmoa duela. "Erabat arduragabea litzateke egingo ez dudala esatea".

Inork ez du esango Portugalen Coelhok abisua eman ez duenik. Herritarrek gordinki ikasi dituzte azken hiru urteotan Brusela-Berlindik iritsi zaizkien ikasgaiak, diruaren truke murrizketa gogorrak jasan baitituzte; osasun arloan berrordainketa ezarri zaie eta langabezia saria jaitsi, adibidez. Doikuntza neurriak ez dira berehala geldituko, gainera. Jakina da gobernuak 1.400 milioi aurrezteko asmoa duela. Esaterako, BEZ zerga puntu laurden bat igoko da, eta langileek Gizarte Segurantzari ordaintzen dioten tasak ere igoko dira.
Gobernuaren planen aurkako mehatxu handiena ez da gaur-gaurkoz PS oposizioko alderdi nagusia, ordea. Sozialistak garailetzat ematen dituzte inkestek aspaldian, baina ez dute baztertu kontserbadoreekin batera koalizio handi bat egitea. Passos Coelho berak dio "egonkortasun handiena" emango liokeela entente horrek Portugali. Oposizioa bainoago Auzitegi Konstituzionala izan daiteke oztopo aurrekontuak gehiago estutzeko planetan, auzitegi horrek 2014. urteko aurrekontuen aurkako ebazpena eman dezaketela zabaldu baita azken egunetan.

Gomendioen minbizia

Eta hiru urteko austeritate errezetak zer-nolako emaitzak ekarri ditu? Portugal krisi ekonomiko larri batean sarrarazi duela esan daiteke. Hasieran, ekonomia soilik %4 jaitsiko zela kalkulatu zuen troikak, baina ia %6 izan da. Langabezia tasak ere garbi erakusten du hondamendiaren neurria: gehienez ere %13koa izango zela esan zuen hirukoak, eta %17 izan zen joan den urtean. 2010. eta 2013. urteen artean langabe kopurua %45 handitu zen. Zorpetze maila ere, hegoaldeko herrialde denen antzera, zama handia izango da aurrerantzean: BPGaren %129 da zorpetze publikoa, EBko handienetako bat.

Beraz, Irlandari eta Espainiari gertatu bezala, erreskate programaren bukaerak ez du esan nahi troikaren ikuskaritza amaitu dela. 78.000 milioiko mailegua osorik itzuli arte, Portugalgo egoera ekonomikoa begiradapean izango da, diru guztia itzuliko dela bermatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.