Troitiñok 'Parot doktrinarengatik' egin zuen ihes, «ez ETAn sartzeko»

Ukatu du ETArekin harremanetan jarri izana 2011n aske geratu ostean. Adierazi du Poliziak atzemandako agiriak ez direla erakundearenak

jokin sagarzazu
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du Antton Troitiñok, eta ukatu du 2011n aske geratu ostean ETAri laguntza edo gomendiorik eskatu ziola, eta erakunde klandestinoak nortasun agiri faltsuak eman zizkiola Erresuma Batura joan ahal izateko. «Kalean nagoenetik, ni ez naiz sekula harremanetan jarri [ETArekin], eta gaur egun ere ez dut kontakturik», adierazi du Zigor Salako lehenengo sekzioko epaimahaiaren aurrean.

Fiskaltzak Troitiñori leporatzen dio «erakunde terroristako» kide izatea: ETAn «berriz sartzea». 11 urteko espetxe zigorraz gain, 20 urteko erabateko inhabilitazioa eta bost urteko zaintzapeko askatasuna galdegin du. Fiskaltzak froga gisa jarri du Troitiñok, atxilotu zutenean, nortasun agiri faltsuak zituela, eta uste du horiek ETAk eman zizkiola.

Hark azaldu duenez, berriz espetxeratu behar zutela jakin zuenean alabaren etxean zegoen, Hendaian (Lapurdi), eta ihes egin zuen ez zitzaiolako «zentzuzkoa» iruditu kartzelan berriz sartzea, zigorra «betea» zuelako; are, 2008tik kalean behar zuela azpimarratu du berak, baina Parot doktrina ezarri ziotenez, beste hiru urte egin zituela preso.

24 urteren ondoren, 2011n geratu zen aske, eta 2012an berriz atxilotu zuten, Londresen. «Oker burokratiko batengatik» behar baino lehenago kaleratu zutela iritzita —auzitegiaren kontaketa berriaren arabera, 2017ra arte behar zuen preso—, fiskaltzak galdegin zuen haren atxilotzea eta estradizioa; ordurako, Erresuma Batuan zegoen. Hamabost hilabete geroago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu zuen doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterreko Auzitegiak

Ondoren, ETAn berriro sartzea leporatu zion Espainiak. 2016ko abenduan atxilotu zuten, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean egon zen, auzibide gorabeheratsu baten ostean, iazko maiatzean Espainiaratu zuten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.