Ttale Ouret artzaina hil zen atzo goizean. Suhuskuneko Idiaia etxean (Nafarroa Beherea) sortu zen Ouret, 1941ean. Gaztetan, apez izateko seminarioan sartu zen. Han, Piarres Lafitte ezagutu zuen. Uztaritzetik (Lapurdi) Akizeko (Okzitania) apaizgaitegira joanik, Lyongo (Frantzia) Prado ikastegira joan zen teologia ikasketak egitera, 1966ra bitarte.
Ondotik, hiru udako lanaldi egin zituen Lourdesen (Okzitania), non CFDT sindikatuaren adar bat sortu zuen bertan ziren langile euskaldunekin. Geroztik, ELB sindikatuko kide izan zen.
1968an, apezpikuak MJRC Landa Eremuko Gazte Mugimendu Kristauaren omonier gisa igorri zuen Donibane Garazira. Omonier gisa zegoela, 1972an Bretainiako behi esnearen krisiaren gatazka hurbiletik segitu zuen, baita 1974ko Larzaceko (Frantzia) ekintzak ere.
Eliza utzi, eta 1974ko primaderan artzain hasi zen. 1975ean artaldea erosi eta lurrik gabeko artzain gisa abiatu zen. Geroztik, udak Iratin pasatu zituen, eta neguak, berriz, Nafarroa Behereko lurretan barna iragan zituen. 2003an erretiratu zen artzaintzatik, baina 2016an utzi zuen Iratiko mendia, behin betiko.
Berrogei urte baino gehiago artzaintzan eman ondotik, 2022an Bortuko azken indiarra, artzain lur gabekoa liburua argitaratu zuen, Elkar argitaletxean.
Ehorzketak astelehenean eginen dira, Suhuskuneko elizan.