«Turismoaren negozioak etxetik kanporatzen gaitu, gure lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ditu, eta inguruneari kalte egiten dio. Bada garaia horren erantzuleak seinalatu eta borrokatzeko». Mezu hori zabalduta, manifestaziora deitu dute Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak abuztuaren 2rako, Zarautzen (Gipuzkoa).
Ohar bidez esplikatu dutenez, Zarauzko hamar etxetik hiru oporraldia igarotzeko edo turistei alokatzeko dira. Zehazki, 197 etxe turistiko daude herrian, eta 4.229 leku dituzte turistendako; gainera, bertze 2.416 etxe hutsik daude, edo bigarren etxebizitzak dira. «Erabilera turistiko horrek gentrifikazioa indartu eta prezioak garestitzea eragiten du», salatu dute Mugimendu Sozialistako bi eragileek.
Are, Zarautz da Gipuzkoako metro koadro garestiena duen herria: alokairua %40 garestitu da azken hamar urteetan, merkatuan ez dago 1.000 eurotik beheitiko eskaintzarik, eta etxebizitza berrien prezioa 500.000 eurotik goitikoa da. «Negozio borobila eraikuntza eta higiezin enpresa eta espekulatzaileentzat. Herritar asko, berriz, etxebizitzarik eskuratu ezinik, kanporatuak izaten ari gara», borobildu dute.
Turismoari lotutako lanetan, berriz, «prekaritatea» nagusi dela salatu dute: lan horietako ezegonkortasuna, soldata apalak eta eskubideen urraketa aipatu dituzte, bertzeak bertze. «Laneko esplotazio horretatik, enpresariek milaka euroko irabaziak lortzen dituzte».
Instituzioak ere kritikatu dituzte, «turismoaren negozioa baimentzen eta bultzatzen» dutela erranez. «Gainera, turismoari eta udalaren ekimen propioei alfonbra gorria jartzen zaie, eta herriko eragileoi, berriz, espazio publikoa erabiltzea oztopatzen edo debekatzen zaigu maiz», gehitu dute. Hortaz, ezinbertzekotzat jo dute «errentadunak, etxe agentziak, ostalaritza enpresak eta horien mende dauden politikariak» borrokatzea.