Indarkeria matxista

Tuteran gizon bat atxilotu dute indarkeria matxista egotzita

Atxiloketa atzo goizaldean gertatu zen, herriko geltoki intermodaletik hurbil. Erasoaren lekuko izan ziren SOS Nafarroako kide batzuek eman zioten abisu Poliziari.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarrearatze bat Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 6a
11:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Tuterako (Nafarroa) Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen atzo herriko geltoki intermodalaren ingurumarietan, indarkeria matxistarekin loturiko delituak leporatuta. SOS Nafarroako kide batzuek Poliziari deitu zioten, eta bertara joateko eskatu. Gizonezkoa modu oldarkorrean ari zen eztabaidan bikotekidearekin, emakume batekin. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, gizonezkoak jarrera «bortitzez» erantzun zien agenteei, eta uko egin zion bere burua identifikatzeari. Horregatik, gizonezkoa zigortzea erabaki zuten poliziek.

Handik ordubetera, emakumezkoak Poliziari deitu zion, laguntza eske. Salatu zuenez, gizonezkoa asaldatua zen aurretik poliziekin izandako topaketarengatik, eta etxeko atariko kristala hautsi zuen ukabilkada batez. Azkenik, udaltzainek atxilo eraman zuten gizonezkoa. Azaldu zutenez, gizona indarkeria matxistagatik salatua izana zen aurretik ere, baina, orduko hartan, agenteek ezin izan zuten atxilotu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.