Arabako ESI erakunde sanitario integratuko erizainak Arabako Unibertsitate Ospitalearen sarreran bildu dira gaur goizean, Osakidetzak gaueko ebakuntza zerbitzuan egingo duen «langile murrizketa» salatzeko. Gaueko larrialdietako ebakuntza geletan erizain taldeak bitik batera jaitsiko ditu osasun zerbitzuak, eta horrek piztu du langileen haserrea.
Txagorritxu eta Santiago ospitaleen larrialdi zerbitzuak bateratu direlako egingo du «murrizketa» hori Osakidetzak, baina, erizain batek azaldu duenez —ez du izena eman nahi izan—, langileen lan baldintzak aldatzeko «aprobetxatu» dute bateratzea: «Osakidetzak ez du gure iritzia jaso, ez egutegiak egiteko, ez lan egiteko modua zehazteko». Erabakiak «bere kasa» hartu izana leporatu diote ESK sindikatuak eta langileek, hain zuzen.
Langileen kezka nagusia da Arabako biztanleei «estaldura nahikoa» ez ematea. Gasteizen eta Araban lan egiteaz gain, gertuko eskualdeetara ere —Miranda, Debagoiena edo Logroño— joaten dira erizain asko, eta horrek are kezkagarriago egiten du «neurri murriztailea».
«Pazienteen segurtasunak» asko kezkatzen ditu langileak: «Larrialdizko ebakuntza gehienak hil ala bizikoak dira, eta, langile gutxiago izanda, horrek ardura handia jartzen du gure gain; estres handia eragiten digu».
Aldaketak azarotik aurrera egingo dira, baina erizainek espero dute «arazoa hura iritsi baino lehen» konpontzea. Horretarako, egunero bilduko dira Txagorritxuko ate nagusian, goizean eta eguerdian, Osakidetzak hartutako erabakia indargabetu arte. Ospitaleko gainerako langileak haiekin bat egitera deitu dituzte.